domingo, junio 12, 2016

Madrilera, zertarako?

Alderdi abertzaleentzat hauteskunde orokorrak bereziki dira korapilatsuak, Gorteetan duten ikusgaitasuna gehiengoen unean uneko jokoaren araberakoa delako eta egindako lanaren fruituak gizarteratzeak ahalegin handiagoa eskatzen dielako.
EAJk eta EH Bilduk oso modu ezberdinean egingo diete aurre hilaren 26ko bozei. Jeltzaleek sei diputatu eta beste horrenbeste senatari lortu zituzten abenduaren 20an, euren ohiko indarraren adierazgarri. Hala ere, Podemos-ek aurrea hartu zien, gutxigatik, iraganik gabeko alderdi batek boteretsuenei aurre egiteko aldaketa sakona proposatuta krisi garaian han-hemenkako hainbat boto lor ditzakeela erakutsita. Neurri batean, abertzale/ez abertzale ardatza gainditzea lortu zuten moreek, koalizioa ere elikagai izan baitzuten. Sorturen, Eusko Alkartasunaz geratzen denaren, Aralarren eta Alternatibaren bilguneak sekulako porrota jasan zuen, bi diputatutan geratzeak gordintasunez frogatzen duenez. Agenda soziala eta erabaki eskubidea ordena horretan defendituta, Estatu ikuspegi batetik zeharkakotasunean saiatuta eta indarkeriaren orbanik gabe, ezkerreko indar batek Euskadin zenbaiterainoko aukerak izan ditzakeen islatu zuten egun hartako emaitzek. Nolabait, zenbait arlotan Podemos ezker abertzalearen porrot politikoaren ispilu bihurtu zen hauteskunde haietan. EH Bilduk ez zuen jakin azaltzen zertarako egon behar zuen Madrilen, ez zein zen bere proposamena. 1979tik 1996ra Herri Batasuna legez aurkeztu zirenetan, eta ostean beste izen batzuekin ekin ziotenetan ere, Gorteetan aritzea menpekotasunarekin parekatzen zutenek zail dute orain inolako aliantzarik gauzatzeko gaitasunik gabe bertan zer egin dezaketen azaltzea. Euskal herritarren gero eta zati handiagoari aldarrikapen hutsak ez zaizkio nahiko, eta helburu egingarrien aldeko jarrera praktikoa ari da indartzen, hauteskunde motaren arabera moldatzen dena.
Hala, ez da harritzekoa EH Bilduk oraingorako bere zerrendak beste inork baino gehiago aldatu behar izana. Horren erakusgarri da Alternatibako buru Oskar Matute Bizkaiko zerrendaburu jartzea. Ezker Batuan zegoela urte luzetan Espainia federalaren alde sutsu egiten zuenak independentziaren hautua kutunago du gaur egun. Dena den, bere profila oso egokia da lurraldeko hiri nagusietan Podemos-i aurre egiteko, duen gaitasun dialektikoaren, irudi onaren, sentsibilitate sozialaren eta aparteko zamarik gabeko jatorri politikoaren ondorioz. Aukeraketa honek ezin hobeto azaltzen du zein den koalizioaren lehiakide nagusia, Podemos-eko edozein botoemailek Matutes ere begiko izan dezakeelako. Aurpegi abertzaleena etxean utzi eta sozialena lehenetsi dute honakoan koalizioko buruek, abenduaren 20koa hobetzeko ahaleginean. Ikusteke dago, inkestek ez baitute halakorik aurreratzen, estrategia berri honek eta Arnaldo Otegiren protagonismoak EH Bilduri arnasa hartzeko aukera emango dioten. Ezinbestekoa zaie udal eta foru hauteskundeetako eta azken orokorretako porrotak gainditzen hastea, hiru domeka barru jazotakoak urriko autonomikoetan lortuko dutena baldintza baitezake.
Garaipena lortzeko lehian dagoena EAJ da. Podemos-en olatuak apar asko ematen jarraitzen duen arren, jeltzaleek badute indar nahikoa horri aurre egiteko. Abendutik honakoan jokabide gardena izan dute, euren babesa nahi izan dutenen mahai gainean ‘euskal agenda’ deiturikoa jarrita. Alde horretatik, aurreikusteko modukoa da euren jarduna eta esperientzia handiko hautagaiek, iazko berberek, Gorteetan egingo duten lana. Alderdiko buruzagiek nabarmendu dutenez, asko dago jokoan Euskadirentzat honakoan ere, berton eragin handikoak diren gaietakoak Madrilen erabakitzen direlako eta hemengo ongizate sistema defenditzeko botere gune legegile guztietan parte hartzea ezinbestekoa delako. Ildo horretatik, transferitutako eskunduntzen defentsa eta jaso gabekoak lortzeko zeregina negoziazioaren eta elkarrizketaren bidetik baino ezin direla bideratu gogoraraziko diete botoemaileei ostiralean hasiko den kanpainan zehar, eta horretarako ordezkaritza jeltzale indartsua erabakigarria izan daitekeela.
Hitzok, gainera, mami handikoak dira, EAJk Gorteetan denboran zehar lortu izan dituenak aintzat hartuta. Azken urteetakoei soilik erreparatuta, Euskadik telefonia enpresa propioa izatea ahalbidetu zuten jeltzaleek Madrilen negoziatuta, edo Kontzertu Ekonomikoa behingoz blindatzea. Maila ekonomikoan garrantzitsuak direnei (I+G+Bren transferentzia eta egitasmo horietara bideratutako 85 milioi euroko inbertsioa; enplegu politika aktiboen transferentzia, lan bitartekaritzarena, Lanbide Heziketari dagokiona edo-ta Itsasoko Institutu Sozialarena, 472 milioi eurokoa…) balio sinboliko handikoak ere gehitu behar zaizkie (Lurralde historikoen euskarazko izenak ofizial egitea edo Salamancan gerra zibilaren ostetik zeuden paperetakoak itzultzea, adibidez). 2011-2015 legealdian ere, nahiz eta Rajoyk gehiengo osoa izan, jeltzaleen ekinak lortu du fruiturik: tarifa elektrikoaren beherapena, toki erakundeen erreforma Euskadin ez aplikatzea, Leioako gizarteratze zentroa edo Eibarren NAN agiria egiteko bulegoa berrezartzea, besteak beste.
Badago, beraz, egindako bide oparo bat, gehiengo osorik gabeko hurrengo legealdian askoz gehiago eman dezakeena. Zalantza barik, ordezkaritza jeltzaleak solaskidetzarako eta eragiteko gaitasun zabala izan dezake, eta hori beti garrantzitsua den arren, are erabakigarriagoa izan daiteke Euskadirentzat estatus politiko berritua lantzeko ordua heltzen ari den honetan. EAJk badu, beraz, lorpenen zerrenda erakutsi, pedagogia politikoa egin eta aurrera begirakoetan lor ditzakeenak aurreratzerik. Hala, ohikoan abertzaleentzat hauteskunde orokorrak aldapaz gorakoak izaten diren arren, egoera askoz samurragoa da ibilbide koherente bat dagoenean, emaitzak daudenean eta aspaldi egindako apustuan asmatu zenean.              

miércoles, abril 20, 2016

Ahal dugu ala al dugu?

Euskal agertoki politikoaren itxura guztiz aldatu da Ahal Dugu sortu eta gero. Udal eta foru hauteskundeetako han-hemenkako probaren ostean, orokorretan botoetan gailendu zen eta, inkesten arabera, laster indar handiz sar daiteke Legebiltzarrean.
EAEko herritarrek laster joan beharko dute boza ematera. Urrian izango zela zirudiena ekainean izan liteke azkenean, 26an, Madrilen gertatzen dena gertatzen dela. Legealdia azkenetan dago eta ez du ematen udazkenera arte helduko denik. EAJk bakarrik ekin dio lau urte zailotan, eta emankor. Kudeatzeko eta negoziatzeko gaitasunari esker, egoera politikoa zein ekonomikoa samurtzea lortu du, eta ez da harritzekoa Iñigo Urkullu lehendakaria izatea euskal herritarren politiko gogokoena. Espainia mailan PPk gehiengo osotik porrotera eta isolamendura jauzi egin duen bitartean, ustelkeriaren putzuan itolarrian ekin dionean, Euskadin 75en arteko 27 parlamentariren oinarrizko babesarekin egonkortasuna, elkarrizketa eta konfiantza izan dira Eusko Jaurlaritzaren jardueraren ezaugarri nagusiak. Oso testuinguru zailean, jeltzaleek euren bizkar gainean hartu dute ardura osoa eta, emaitzen arabera, onerako. Hala diote hainbat adierazle makroekonomikok, eta baita herritarren gogobetetasuna neurtzen duten azterketa soziologikoek ere.
Urkullu buru, EAJ da hurrengo hauteskunde autonomikoak berriz irabazteko aukera gehien dituena, egindako lanaren ordainetan. Ez du ematen oraingoan ezker abertzalea lehiakide nagusi izango duenik, bere ibilbide baldarra ahantzarazteko Arnaldo Otegiren inguruko harri-kartoizko mistika baino askoz gehiago beharko baitu.
ETAren amaieraren osteko olatuak erakunde garrantzitsuak kudeatzeko aukera eman zion koalizioari baina, lau urteren ostean, egindakoaren azala eta mamia txarretsi zuten bozemaileek, eta oposiziora bidali. Ezaguna da, beraz, Otegiren hautagaitzaren atzean egongo direnen gobernatzeko modua eta horrek herritargoaren zatirik handienean eragiten duena.
Litekeena da, guzti horren ondorioz edo, Legebiltzarrerako aurki datozen hauteskundeetan ezkerraren esparruan Ahal Dugu aurretik izatea, berri antzekoak sortu ohi duen espektatibaren bultzada indartsuari esker. Bozen ostean batuketek ahalbidetzen duten neurriko ahalegin bateratuari ekiteko tentazioa izan dezakete bi aldeek, bai, baina ezker abertzaleak ez du inoiz beste inoren bigarren modura jarduteko bokaziorik izan, are gutxiago Espainia mailako proiektu politikoa dutenen eranskin izatekoa.
Ahal Dugu-ren sendotasuna eta irauteko gaitasuna frogatzeke dago oraindik. Alde askotako suminduek eta ilusioa galdutakoek potolotu duten alderdia da, eta hori aberasgarria den neurri berean da arriskutsua, kontraesanezko geruzak pilatu eta estutzen diren heinean sortzen baita euren arteko talka. Hala, erabaki eskubidearen aldekoa da, baina Estatuarekiko burujabetza osoari ezetz esateko; Aberri Eguna ospatzen du, baina abertzaleena ez ei den erkidego soila osatzeko; Nafarroarekiko harremanak sendotzeari egoki irizten dio baina egungo estatusa jomuga izanda; babes sozialeko neurri handiosoak proposatzen ditu baina horiek nola ordaindu argitu gabe; eta demokraziaren oinarrira jotzearen aldekoa dela dio baina barrura begirako desadostasunak kargugabetzeak baliatuta bideratzen ditu.
Euskobarometroaren arabera, azken hauteskundeak aintzat hartuta, Ahal Dugu-k jaso zituen 316.000 botoetatik %20 Amaiur-etik batu zitzaizkien, %16 abstentziotik, %14 PSE-EEtik, %13 Ezker Batuatik, %7 EAJtik eta %6 lehen aldiz bozkatzen zutenen artetik. Ez da aniztasun makala kopuru horiek islatzen dutena. Gehiegizkoa, akaso, proiektu politiko bideragarri bat osatu ahal izateko. Orain arte jasan dituenak inplosio txiki eta kontrolatuak izan dira, baina erakundeetatik denetariko arazoei aurre egin behar ahala litekeena da arrakalak handitzea eta ezinikusiak areagotzea. EAEko hauteskundeei begira helburu batek batzen ditu: EAJ agintetik kentzeak. Hori litzateke balizko alternatibaren argamasa eta horretarako ari zaizkie keinuka EH Bilduri eta sozialistei, ezina ekinez egina izan daitekeen ustean. Ezker abertzalekoek prest ematen zuten hasiera batean, Ahal Dugu-koekin bildu berritan Hasier Arraizek zazpi aldiz esan baitzuen “mugarik gabeko” lankidetzaren aldekoak zirela. Idoia Mendiak, aldiz, ez du horrelakorik behin ere adierazi.      
Roberto Uriarte idazkari nagusi izandakoak dimisioa eman osteko behin-behinekotasun luzea amaitzeko berriki egindako primarioak Nagua Albaren zerrendaren garaipenarekin amaitu dira, baina zenbait lehiakidek emaitzen auditoria eskatu izanak islatzen du barruko giroa. Hala ere, abenduko orokorretan botoetan nagusitzea lortu zuen Ahal Dugu-k EAEn, askoz gehiago Estatu mailan sakoneko aldaketa ahalbidetu nahi zutenen begikotasunezko botoari esker alderdiaren batasunaren ordainetan baino. Orain, autonomikoetara begirako programa lantzen ari dira dagoeneko, eta euren lehendakarigaia aukeratzen. Garbiñe Biurrun izan liteke adostasun maila handiena lor dezakeena, kanpora begira ere irudi onekoa eta prestigiozkoa baita, baina, itxurak egiten ez badabiltza, berak ardura hori onartzea falta da. Ezetz erantzungo balu ordezko bat aukeratu beharko litzateke bat-batean, eta horrek ez die mesede egingo egun zuzendaritzan daudenei.
Ziurtasuna ziurgabetasunaren aurrean. Ardatz horren inguruan erabaki beharko dute euskal hautesleek laster, ekonomia eta ongizate eredua bidegurutzean daudenean. EAJren politika sozialek Podemos-eko zenbait kideren aitortza ere jaso dute. Baina Pablo Iglesias-ek erakutsitako botere gosea da, antza, euren burua politika berriaren ordezkaritzat jotzen dutenen ezaugarrietakoa, horretarako egin ezin direnak eskaini behar izan arren. Esandakoetatik errealitatera dagoen jauziaz ohartu gura duenak Greziara begira dezake, Tsipras-en ibilbidea xehe-xehe ezagutzeko. Dialektikak, zenbat eta arranditsuagoa izan, orduan eta etsipen handiagoa ezkutatzen du. Egindakoek definitzen dituzte proiektu politikoak, ez egingo direla esaten direnek. Eta, horretan, euskal bozemaileek badute aukeratzeko irizpiderik.

martes, abril 19, 2016

Halako batean

Latzak dira azken egunotan Ondarroatik datozen berriak. Ezbeharrak instant batean kateatu direla ematen du; zoritxar aleak, noiz kolpatuko, bertan ilaran jarrita zelatan daudela. Izotz lantegian hildako bi gizonena da larriena, bizia galtzea atzerabueltarik gabekoa denez gero. Elkartasunezko adierazpenek senitartekoenganako gertutasuna islatzen dute, herri osoarena. Eta ulu ozena izan da isiltasunaz osatutako samina egunotan, bertako guztiak batu dituena. Ondarroarrak berbakera bezain izaera berezikoak dira, itsasoarekiko harremanaren araberako espiritu menperagaitzak zizelkatutako nortasunekoak. Kanpora begira oso nabaria da hori baina, batik bat, euren arteko lotura sendoei eragiten die. Bizkai eta Gipuzkoa arteko mugakoa baino, lur ertzekoa da udalerria, ia itsasoarena, bestelako sailkapenetatik apartekoa, lotura administratiboez gaindikoa. Sena berezi hori poliedrikoa da, eta atsekabea ate joka agertzen zaienean ere badakite nola erantzun. Elkartasuna bere adiera benetazkoenean baliatuta, hain zuzen.
Kamiñaldeko etxeetan inork ez du bizia galdu, zorionez, baina erabat baldintzatuta datorkie datozen hilabeteotakoa. Gordina da euren egoera, norbere etxetik irten beharra bereziki baita mingarria edonorentzat. Luiziek eragindako arriskuak bete-betean dirau, aukerarik txarrenak saihesteko egiten ari diren lanak gorabehera. Jazotakoak okerrera ez egitea da orain lehentasun erabatekoa, harri eta lokatzezko jausiek hondamendia eragin baitezakete. Eraikin horietako 176 etxe hustu beharrak sekulako exodoa eragin du, tamaina horretako herrian ia sendi eta lagunarte guztiak ikutu dituena. Horri ere eskuak elkarri lotuta erantzun diote bertakoek, ezerk makurtuko ez dituen seinale.
Txarrean norbere onena eman ohi da. Salbuespena barik eredu direla erakutsi dute asteon ondarroarrek. Adorea eta hurkotasuna lagungarri dira zoritxarra uxatzeko. Horregatik, egunotako malkoak ez dira amore ematekoak, aurrera egiteko borondatea erakustekoak baizik. Itsasotik bizi denak ondo daki zer den hori, zein garratza den askotan bizitza. Halabeharrez ikasi izanak eman die bertakoei berezko indar berezia, hortzak estututa datorrenari aurre egiteko modukoa. Bat eginda lortuko dute. Eta itsaso aldera begiratuta, direnari erreparatuta, bertatik etorri baitzaie beti edozein arazori aurre egiteko kemena.

Martxoaren 18an El Correo egunkarian argitaratua

lunes, marzo 07, 2016

Koalizio txikia

Ciudadanos-ekin hitzartzea izan da, azkenean, sozialisten hautua. Gobernu ‘erreformista eta aurrerakoia’ osatu nahian aurkeztuko du bere burua Kongresuan Pedro Sánchez-ek baina, itxura batean, alperrik. Etekinak, jasotzekotan, aurreragorako dira. 
Presidentetzarako hautagai sozialistak ez du inbestidura lehen saiakeran lortuko, nahiz eta politikoki esku hutsik geratu ez. Abenduaren 20ko hauteskundeek jota utzi zuten Sánchez, bere alderdiaren inoizko emaitzarik txarrenen erruz. Barruko botere faktikoak berehala oldartu zitzaizkion, aurrera begirako aukerarik izan ez zezan. Baina Rajoyren utzikeriak eta Podemos-en oilarkeriek indarberritu dute. Gobernuburuak uko egin zion boterean jarraitzeko gehiengo nahikoa osatzen saia zedin Erregeak luzatutako eskaintzari. Eta Sánchez-en esku utzi zuen ekimen politikorako aukera, negoziazioen ardatz izatekoa. Geroztik, PSOEren idazkari nagusia han-hemenka aritu da, batzuekin eta besteekin, iritzi publikoaren aurrean egunero ahalegin antzean. PPkoek nahikoa izan dute euren buruaren estrategia ulertu eta tarteon azaleratutako ustelkeria kasuei aurre egitearekin. Noraezean bezala ari dira aspalditik popularrak, beste eragile politikoen mugimenduen eta hedabideek plazaratzen dituztenen zain. Hauteskundeak irabazi zituela errepikatu du behin eta berriz Rajoyk, Koalizio Handia aldarrikatu eta euste hutsean. Baina ez du proposamen zehatzik mahai gainera eraman, ez du ausart jokatu. Hala, argi geratu da PPren egungo arazo nagusietakoa alderdiko presidentea bera dela.
Bitartean, Sánchez-ek ez du denborarik galdu. Hasiera batean hitzartzen saiatzeko Podemos kutunago zitzaiola ematen zuen arren, Pablo Iglesias-en lekuz kanpoko harropuzkeriek eta adierazpen publiko harrigarriek elkar urrundu dituzte. Alderdi morea funtsezkoa izan zitzaien sozialistei zenbait erkidego autonomotan eta hiriburutan botereaz jabetzeko, baina hasierako enpatia hori nabarmen ari da higatzen dagoeneko. Bere programaren mamia dezente epeldu du Podemos-ek azken urtean, nahiz eta oraindik baduen lanik hainbat proposamen ezagutarazteko moduetan. Aliatu izan daitekeena gutxietsi eta lotsagarri uzten saiatzea ez da biderik onena akordio egonkorrak lortzeko.
Ciudadanos-engana hurbilduta, Sánchez-ek ez du, lehenengo saiakeran behintzat, Gobernuko presidente izateko aukerarik. Eta ondo daki. PPk zein Podemos-ek ez diote abstentzioa bigarren bozketan besterik gabe oparituko. Baina bere alderdi barruko oposizioa, Susana Díaz salbatzailetzat hartzen duena, neurri batean indargabetzen edo geroko gerotan uzten du; euren egitasmoa bere eginda, hori bai. Gainera, barikuan eta zapatuan egindako barne galdeketak —%51ko partehartzea eta %79ko baiezkodunak izan dituenak— aldi baterako oxigeno gehigarria eman dio. Hala, aldi laburrerako idazkari nagusi izateko arriskua uxatzen du oraingoz eta, hauteskundeak errepikatuz gero, berriz sozialisten hautagai izateko ia aukera guztiak biltzen ditu. Gainera, Riveraren alderdiarekin adostutakoak PPren bakardadea areagotzen du, C’s ezinbesteko zaielako popularrei, orain zein etorkizun hurbilean. Beraz, akordio horren indargunea ez dago inbestidura saioan, politikoki dituen hainbat ondoriotan baino. Inkestak, horietaz norbait fio bada behintzat, hori islatzen hasi dira dagoeneko. PSOEk eta C’s-ek gora egiten dute zertxobait, eta horien bi muturretan geratu direnak, ostera, beheraka ari dira. Joera hori egonkortzen ote den ikusteke dago, oraingo lehia hau ez baita epe laburrekoa, gutxienez uda bitartekoa baizik.
Haatik, eguneroko arazo politikoei aurre egiterakoan, Sánchez eta Riveraren arteko akordioak gabezia nabarmenak ditu. Gobernatuko ez dutela dakitenen arteko borondatezko itxura dario. Bertan jasotzen direnetako asko ezin dira gauzatu PPren babesik gabe, Konstituzioa aldatzeari dagozkienak adibidez. Beraz, gehiago dira iritzi publikoari begirakoak proposamen egingarriak baino. Baina Kongresuan bi alderdietako buruek sinatu berri duten 66 orrialdeko dokumentu hori zehazgabea ere bada hainbat kontutan, ez edonolakoetan gainera. Eta zehatza den zenbaitetan, ez da onerako. Kataluniako auzian, adibidez, atzera egin du PSOEk baita kanpainan esandakoekiko ere. Sánchez-ek sarritan jo du Rajoyren aurka, eta elkarrizketa balia dezaten eskatu die behin eta berriz bi aldeei. Bertako prozesua ez da buruzagi baten edo bestearen kontua, gizarte batean ondo errotuta dagoen gogo baten ondoriozkoa baino. Horrelakoei ezin zaie aurre egin ateak itxita eta betiereko batasunak aldarrikatuta. Kataluniarren erdia independentzia nahi izatera zerk eraman dituen sakon aztertu beharko da lehenengo, euren ordezkari legitimoekin gaiari ausardiaz eta errealitatetik abiatuta heldu aurretik. PSC-ren estrategia ere kolokan jarri du Madrilgo akordioak, C’s-en bide orria oso-osorik gailendu baita Kataluniari dagokionez.
Euskal Herritik begiratuta kezkagarria da hori, hemen nagusi diren alderdien nahietatik ezin urrunago dagoelako Ciudadanos. Kontzertu Ekonomikoaren aurka esandakoak dira horren adibide. Lurralde egituraren deszentralizazioan sakondu eta erkidego historiko deitutakoen eskaerei erreparatu beharrean, Riverak eta bere ingurukoek botere zentrala berrindartu nahi dute, ondorio larriak eta hausturak eragin ditzakeen bideari ekinez. Ikuspegi jakobinoenak nagusitze horrek ez dio mesederik egingo Alderdi Sozialistari Euskadin, batik bat hauteskunde autonomikoak gero eta gertuago daudenean, eta barne prozesuan parte hartu duten EAEko sozialisten %90ek akordioari babesa eman dioten arren. Kontua ez da Kataluniako galdeketari buruzkoa bakarrik, hain sakonekoak diren arazoak bideratzen saiatzeko modukoen ingurukoa baizik. Estatu federalerako bidea Ciudadanos-ek baldintzatuko badu, oso argi dago ez dela urratsik egingo. 
Anbizioa egin ezin direnetarako gorde dute hitzarmenaren sinatzaileek, eta zuhurrago jokatu dute bestelakoetan. PPri begirakoa ematen du beste inori luzatutako gonbitea baino. Eta, benetako gobernu programa beharrean, gehiago da estrategia pertsonal eta alderdikoien emaitza. Sinatzaileek mugarritzat jo duten arren, bere horretan hauteskunde aurreratuetara baino ez darama. Izan ere, txikia da Kongresuaren aurrean aurkeztuko den koalizioa, txikiak dira akordioa bultzatu duten arrazoiak eta txikia da muinekoak diren hainbat arazori heltzeko erakutsitako gogoa. 

Otsailaren 29an elcorreo.com-en argitaratua

lunes, febrero 29, 2016

Batasuna eta indarra

EAJk bere Batzar Nagusia egin berri du Iruñean, 1977an bertantxe izandakoa oso gogoan. Han bildutakoek berebiziko garrantzia duen dokumentu politikoa onartu dute, bere ildo nagusietan Euskadiren etorkizuna aurreratzen duena.
Diktaduraren ostekoetan jeltzaleek beste inork baino hobeto asmatu zuten, zetorrenaz ohartu eta Euskadiren erakundetze prozesuari ekiterakoan. Duela ia berrogei urte Nafarroako hiriburuko Amaya hotelean eta Anaitasuna kiroldegian bildutakoek etorkizunaren zirriborroa egin zuten, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidetik abiatuta. Erbestean luze ibili behar izandako buruzagi historikoen memoria iparrorratz modura baliatu eta Francoren garai ilun eta bortitzetan Aguirre lehendakariaren Jaurlaritzaren lekukoari gogotsu eutsita, 1977ko bilera hartan euskal autogobernua berreskuratzeko eta eguneratzeko urrats erabakigarriak egin ziren. Martxoaren 24tik 27ra bitartean, belaunaldi ezberdinen arteko konpromiso estua tarteko, askatasun nahiak zehaztu eta egitasmo politiko bideragarri eta ilusioz betetakoa landu zen. Dena zegoen egiteko, eta ardura hori euren gain hartu zuten bertan bildutakoek, Errepublika garaian lau hamarkada lehenago legez; gizartearen gehiengoaren babesa lagun, euskal autogobernuaren giltzarri izateko. Han egon zirenek ez dute ahaztu, esaterako, Manuel Irujori egin zitzaion harrera beroa. Iraganean zegoen etorkizuna, eraikitzeko borondatean, legitimitate demokratikoan, ezberdinen arteko akordioetan. Irujo bera, José Antonio Aguirre, Jesús María Leizaola, Juan Ajuriaguerra eta euren moduko beste asko ziren etorkizuna, herri oso baten borondate demokratikoaren gordelari izanik, zetorrena eurengan oinarritu behar zelako.
Hala, orduan askok hori ikusi ez arren, ‘Alderdi zaharra’ gazteena zen, belaunaldi eredugarri baten irakaspenei jarraitzen zielako, herrigintzarako eta naziogintzarako tresnak zituelako, epe luzera begiratzen zekielako. Indarkeriaren hautua egin zutenek, aldiz, hildakoz eta odolez betetako inorako bidetik jo zuten, samina besterik ekarri ez duen horretatik, Euskal Herriko historian orban modura geratuko denetik. Demokraziarena eta eraikuntza nazionalarena zen zuzeneko apustua, gerra aurrekoek ondo zekitenez eta EAJk beti bere egin zuenez. Iruñeko Batzar Nagusi hartan jarri ziren gerorako zutabeak, Gernikako Estatutuarenak, Eusko Legebiltzarrarenak, Jaurlaritzarenak, Euskadiren erakundetze modernoarenak, autogobernua eta ongizatea elkarren artean zeharo osagarri egitearenak. Urteotan, Garaikoetxea, Ardanza, Ibarretxe eta Urkullu lehendakariek gauzatu dute orduan jeltzaleek amestutakoa eta orain, indarkeriaren erabateko porrot politikoa gordin nabarmendutakoan, Euskadi jauzi berri baterako prest utzi dute hamarkadotan zutik jarri eta aurreratutakoari esker.
Abiapuntu hura oso gogoan izan dute otsailaren bigarren asteburuan Iruñean bildu direnek. Izan ere, Andoni Ortuzar EBBko lehendakari babes osoz berraukeratzekoa une gozoa da jeltzaleentzat. 1986ko zatiketa mingarria gaindituta, Jaurlaritza euren esku dago, EAEko hiru foru aldundiak eta hiriburuetako udalak bezala. Eta Nafarroako Gobernuan abertzale bat da buru, EAJ zatietakoa duen Geroa Bai koalizioari esker. Uxue Barkos presidentea Baluarteko batzarrean hartu izana mugarri historikoa da, erresuma zaharreko errealitate soziopolitikotik abiatuta eta bertako erabaki esparrua aintzat hartuta lor daitezkeenen adibide, Iruñeko Foruen plazako ekitaldi xume baina indarrez betetako eta oso sinbolikoan mamitutakoena. Euskal Herriaren zatiek egunen batean edozelango eta edozein mailatako proiektu politikoren batean topo egiteko eskuzabaltasuna, harkortasuna, malgutasuna, irudimena eta halako asko behar izango dira, eta alderdi jeltzaleari dagokio aitzindari eta bultzagile izatea, oso aspalditik hala jokatuta lortu baitira gaur egungoak ere. Batasuna eta indarra nahitaezko izan ziren 1977az geroztiko lorpen nagusietarako, eta halaxe izango dira orain ere. Egitasmo politiko zehatz, landu, moderno, aurrerakoi eta abegikor baten inguruko batasuna, eta herritarren babesari esker lortutako indarra.
Batzar Nagusian onartutako dokumentu politikoa autogobernuari buruzko Legebiltzarreko lantaldean aurkeztutakoaren eskutik doa. Euskadiri nazio gisa dagokion aitortza, aldebikotasuna eta erabakitzeko eskubidea dira berorren ardatz nagusiak, eta horien inguruan mamituko da berandu baino lehen hitzartu beharko den Estatus Berria. Norabide horretan, EAJk aurtengo hauteskunde autonomikoetan du lehen erronka nagusia eta barne batasun handiz ekingo dio. Jeltzaleen artean ez dago erlaxaziorik ez konformismorik, besterik gabe eusten geratzerik. Gizartea aldatzen ari dela badakite, eta kalean jazotzen direnei eta bertako kezkei oso lotutakoak dira Iruñeko erabakietako asko. Dokumentu politikoa bera, baina baita Gizarte Segurantza propioaren aldeko apustua, alderdi barruan genero berdintasunean sakontzeko nahia edo-ta giza-bizitzaren amaiera duina arautzeari buruzkoa, besteak beste. Garaietara moldatzeko eta gauza askotan aurrea hartzeko gaitasuna erakutsi du EAJk urteotan, eta oraingoan ere ez dio uko egin gai korapilatsuenak aztertu eta horien inguruko proposamenak egiteari. Egitura partehartzailea da jeltzaleena, horrelakoak herenegun eurek asmatu dituztela uste duten alderdiak badiren arren, eta azken hilabeteotan eztabaida mamitsuak izan dira uri buru batzarretan eta lurralde mailakoetan; Batzar Nagusira begira adostasunak lantzeko bestekoak. Horrek azaltzen du Andoni Ortuzarren lidergoaren inguruko adostasun erabatekoa ere, aurretiazko lanak, hitz egiteko gaitasunak, norabidea argi izateak. Aurreko guztian oinarritu du EBBko lehendakariak bere zeregina, lausotasunik gabe, eta ez dago zirrikiturik ekinbide politiko horretan.
1977ko Iruñeko hitzordua belaunaldien arteko bat egitearena izan zen, legitimitate historikoa etorkizunean tinko proiektatzekoa, jazarpenaren bidez berrogei urtez zapaldutakoa berriz zutik jartzekoa. 2016koa, aldiz, Anaitasunako orduko hautu nagusiak berretsi eta asmatu zela ospatzekoa izan da, lortutako guztia hobetzekoa, EAE eta Nafarroaren arteko harremana eta lankidetza sendotu eta elkar gerturatzen jarraitzeko apustua egitekoa, autogobernua indartzekoa, Europan Euskadiri dagokion lekua emateko lanari eustekoa, euskal gizarteak maila politikoan, ekonomikoan eta sozialean dituen arazo nagusiei konponbideak bilatzekoa. Abertzaletasunaren bizkarrezurra da EAJ, eta badu lana aurretik. Baina atzera harrotasunez begiratu ahal izatea da datorrenari kementsu aurre egiteko modurik onena.

Otsailaren 22an elcorreo.com-en argitaratua

martes, febrero 09, 2016

Mozorro garaia

Gabonetako bazkari-afariez eta giroaz gozatzen egon berritan, badatoz inauteriak. Urtarrilak aldapa dakar, gehiegikeriei aurre egin beharrak uzten duena, baina ziztu bizian egin du alde, zailtasunez betetako sasoiotan zama lehenbailehen arindu nahi izan balu bezala. Beherapenek ez dute lagundu diru-iturriaren txorrota ixten, eta lehortea otsailaren beharrean zegoen poltsikoak berriz loratzeko. Igande gris baten ostean, ia oharkabean heldu da hilabete laburrena, aurten hogeita bederatzigarrena erantsita, heldu ez den neguari berriz saia dadin egun bat oparitzekotan edo. Eta egutegiko orrian zeharreko bidea alaitzeko aratusteak iragarri ditu lehenik, diren horretatik ihes egin guran dabiltzanei eguneroko mozorroa erantzi eta berria soinean jartzeko aukera emateko.
Euskaldunok, beharbada zenbait herritakoek salbu, ez dugu dohain berezirik eguenean abiatzen direnetan bete-betean murgiltzeko. Batek daki zein arrazoi atabiko dela medio, serioegi heltzen diogu bizitzari eta horrek dakarren eguneroko jardunari. Zurrun antzera aritzen gara munduaren aurrean, gure buruaz barre egiteko ohiko defizitak jota. Mozorroa jartzea ez da nahikoa, berori eramaten jakin behar baita, azal berri hori guztiz norbereganatzen, bihurtu garen hori sinesgarri egiten, umorearen kodeez jabetzen, gainerako egunetan garena hobetzen. Baldar aritzen gara horretan, betiko makuluak baliatuta, naturak edo giroak eman ez diguna bestelakoez ordezten.
Txitxiburduntziak heltzear dagoena iragarri eta gero, eguen zuria, bariku mehea eta inauteri beteko egunak datoz jarraian. Horien aurrean agertzen dugun jokabideak zehazten du bizitzari buruzko zein ikuspegi den gurea. Itxuraz aldatzeko gaitasuna, kolorez eta irudimenez blai eginda kaleratzekoa, ondare baliotsua da. Are gehiago malenkonia nagusi den sasoiotan, itzuliko ez den iragan hurbilari inoiz baino gehiago begiratzen zaionean. Bizipozak noraezean edo beti norabide berean dabiltzanetako asko salba ditzake, errutina urratzeko ahalmena lagun.
Zertarako garen ulertzera hurbiltzeak bizitza osoa behar du. Haraindikoari egunerokotik baino ezin zaio heldu, izan ordez bizitzetik, norbera dena ondo ezagutzetik eta horren araberako jardunetik. Barre egin eta poz hori ingurukoekin partekatu ahal izatea luxua da, eta ezin da aukera bakar bat galdu. Ezin zaie inauteriei alperrik joaten utzi. 

martes, febrero 02, 2016

Lorpenen zerrenda

Hauteskunde autonomikoak datoz uda ostean eta euskal alderdiak lehia horretarako prestatzen ari dira. Abenduaren 20ko emaitzak ez dira benetako erreferentzia izango, baina guztiek hartuko dituzte aintzat euren estrategiak lantzerakoan.  
Egonkor joan da oraingo legealdia, nahiz eta 2012an EAJk gehiengo osorik lortu ez. Iñigo Urkullu lehendakariaren izaerak eta jardunak, batetik, eta jeltzaleen negoziaziorako ahalmenak, bestetik, lortu dute hori. Ekonomiarekin lotutakoak izan ditu lehentasun Jaurlaritzak, krisiak utzitako zauri sakonek hala eskatzen baitzuten. Eta zuzen zebilen horrela jokatzerakoan, premiazkoa baitzen hainbat familiarengan larri eragin duen egoera arintzea eta onerako bideratzea. Lehendakariak maila handiko irudi instituzionala agertu du hiru urte eta erdiotan, eta baita bere gobernuak ere. Ezerk ez ditu funtsezko zen horretatik urrundu, nahiz eta beste hainbat arlotan ere aurrerapausoak eman diren. Hala, Legebiltzarrean duten ordezkaritzatik askoz haratagoko jardunerako gaitasuna erakutsi dute, kudeaketa zereginetan eraginkor aritu eta gainerako alderdi politikoekin funtsezko gaietan akordioak bilatuta. Emaitzetako batzuk begibistakoak dira: langabezia %12,8an dago jada eta Estatuko txikiena da, ongizate sistemaren berme diren oinarrizko tresnek sendo jarraitzen dute eta autogobernu eredua eguneratu eta zabal adosteko urrats erabakigarriak egiten ari dira, besteak beste. Bide hori jorratzerakoan, EAJk alde guztietara begiratzen jakin du, nahiz eta aurrekontuei dagokienez PSE-EE izan zaion lagungarrien. Berezko ildotik abiatuta, Jaurlaritzak zein berau osatzen duen alderdiak jarrera proaktiboa izan dute bidelagun, euskal gizarteak dituen arazo larrienei aurre egin nahian. Ez dute ahul itxurarik eman, ez dira ezkutatu, eta sasoi honetan hainbesteko balioa duen egonkortasuna bilatu dute, gobernu-jarduera zabal eta osatuari ekiteko. Ez da egonean geratzeko estrategia izan, urrats sendoak egitekoa baizik, maila ekonomikoan, sozialean eta bestelakoetan aurrera egin ahal izatekoa.
Hauteskunde autonomikoak guztien arteko garrantzitsuenak dira jeltzaleentzat, Euskadirentzat duten egitasmo politikoa jorratzeko oinarrizko direnak. Ajuria Enean jarraitzea lehen mailako helburua da, orain arte egindakoei eutsi eta datozen lau urteotan beste hainbat gauzatzeko. Ondare politiko aberatsaren jabe izanda aurkeztuko dira, autogobernu sistemaren ezinbesteko eragile izan direlako eta Urkullu lehendakariaren agintepekoa lorpen ugariko tartea izan delako. Hortik aurrera badago zer egin, ekonomia epe luzera begira sendotzeko, ongizate eredua bermatzeko, iraganekoak gainditu eta bizikidetzan jauziak emateko, euskal herritarren borondate politikoari ate berriak zabaltzeko eta autogobernu ereduan sakontzeko, adibidez. Eta guzti horietarako egitasmo zehatza dutela frogatu dute jeltzaleek, eskuak luzatuta eta besteenganako begirunez jokatuta. Abiapuntu egokia da datozen lau urteotako desafioei ekiteko eta Euskadik beharrezko dituen aldaketak errealitate bihurtzen hasteko.
Inork gehiengo osorik ez izateak, elkarrizketan sakontzera behartuko ditu euskal alderdi politikoak aurrera begira ere. Gobernagarritasuna bermatzeko sozialistak izan ditzake lagun EAJk, dagoeneko aldundietan eta udal askotan gertatzen den legez, baina hauen sendotasunaren araberakoa izango da lankidetza hori. Maldan behera aritu da azken urteotan PSE-EE, eta Madrilen datozen asteotan gertatzen direnek baldintzatuko dute osteko guztia Idoia Mendiaren alderdiarentzat. Asmo landua, zehatza eta ausarta beharko dute hauteskunde autonomikoetarako, ez eustekoa, ez ohikotik jotzekoa. EAEko sozialisten krisiak osagai asko ditu, baina horietakoak dira ezkerreko bozemaile askoren aurrean sinesgarritasuna galdu izana, autogobernuan sakontzeko uzkur agertzea eta, bertoko nortasun nazionalaren hainbat ezaugarri bere egin eta egunerokoan baliatzerakoan, aspaldi babesa ematen zieten askoren hurrengo belaunaldien atzetik joatea.
Beharrak jota daudenen artean ezker abertzalea dabil larrien. Azkenaldiko porroten ostean, Eusko Legebiltzarrera begirako bozetan beste atzerapauso bat egiteak krisi gorrira bultza ditzake, ziklo bat ixtera, berregituratzera. Arnaldo Otegi martxoaren lehenean utziko dute aske eta, ardura publikoetarako ezarriko zaizkion baldintzak gorabehera, lehen mailako protagonismoa izango du aurrerantzean. Bere jarduera politikoa mugatzeko egin litezkeen saiakerek elkartasun olatua eragin dezakete, eta EH Bilduri hautestontzietan arnasa eman. Elgoibartarrak kalean behar zuen urteotan, politikan aritzeko oztoporik gabe. ETAren amaiera praktikorako lehen mailako eragilea izan zen eta herritarrek agertzen dioten babesaren araberako zeregin politikoa dagokio etorkizunean. Barruko tentsioak lasaitzen, lidergo sendoa gauzatzen eta ildo berriak arakatzen funtsezkoa zaio Otegi Sorturi, eta abenduaren 20ko kolpea gainditzeko oso lagungarri izan dakioke.
Hauteskunde orokorrak ez dira autonomikoak, inondik inora, baina EH Bilduren gainbehera ez da atzokoa. Orain dituen hainbat arazo larri konpontzeko aukerak galdu zituen ezker abertzaleak negoziazio mahaietan, estrategiarako, gizartearen nondik norakoak ulertzeko eta abagune historikoen garrantziaz ohartzeko erakutsitako gaitasun ezaren seinale. Orain dena zaie zailagoa, eta besteei egotzi nahi dizkiete euren hankasartzeak. Zauri horiei darien zornea ez da nolanahikoa, eta aurrera begirako euren jarduna mugatzen du erabat. Podemos-ek lortutako arrakastak hausnarketara eraman ditu, eta Legebiltzarrera begirako bozen osteko elkarren arteko aliantzak lantzera bultza ditzake hilabeteotan. Horien eskutik baino ez du izango aukerarik EH Bilduk EAJri aurre egiten saiatzeko, balizko batuketaren buru izanda. Horretan saiatuko dira, baina zail dute.
2016ak asko emango du euskal politikagintzan. Batzuk eta besteak azken lau urteotan egin dutenarekin aurkeztuko dira gizartearen aurrera, eta badago aldea. Bestelakoekiko oso ezberdin jokatzen dute herritarrek jokoan lehendakaritza dagoenean, eta horren bila dabiltzanek ez lukete ahaztu behar. Azken momentuko itxurek barik ibilbide luzeak balio du honelakoetan, lorpenen zerrendak. Eta lasterketa horretan badira aspaldi oso atzean geratu zirenak edo harrokeriz beteta bat batean agertu eta nondik jo ez dakitenak.

Otsailaren 1ean elcorreo.com-en argitaratua