lunes, febrero 19, 2007

Andaluziako ikasgaiak

Astelehen goizetan (8:20etan) Euskadi Irratian aritzen naiz Imanol Murua Berriako lagunarekin eztabaidan. Lehia dialektikoa baino gehiago, giro atseginean egindako iritzi trukea izan ohi da. Manu Etxezorturen gidaritzapean, Imanolekin hizketan jardutea politikaz aritzeko modurik interesgarrienetakoa da, bai bere izaeragatik, ezagutzagatik eta besteenganako duen errespetuagatik. Gaur, besteak beste, Andaluziako erreferenduma izan dugu hizketagai. Honelako herri-kontsultetan gutxieneko parte-hartzea exijitu beharko litzateke emaitza baliagarri izan dadin. Ez dakit zehazki zenbatekoa, baina argi dago Andaluziakoak ez duela baldintza minimorik betetzen. %36ko parte-hartzeak argi adierazten du Estatutu berriaren inguruko gora-beherek ez dutela berebiziko interesik eragin andaluziarren artean. Egia da, autogobernuarekiko atxikimendua eta hiritarrek sentitzen duten horren beharra ez direla parekagarri erkidego autonomo guztietan. Baina zerbait gehiago egon behar da abstentzio maila handien atzean. Katalunian, esaterako, alderdi nazionalistak dira nagusi hauteskundeetan eta nazio izaeraren aitorpenak gizarteko sektore ia guztiak biltzen ditu. Halaber, Estatutua bozkatu zenean botuemaileen erdiak baino ez zuen parte hartu. Agian, alderdi politikoek honelako prozesuak kudeatzeko duten moduaren aurkako kritika egon daiteke etxean geratzea erabakitzen dutenen jarreraren atzean. Gizartea aintzat hartu gabe eta berau mobilizatu gabe gauzatu dira Estatutuak eraberritzeko prozesuak. Goitik, elite politikotik, bultzatu, gidatu eta adostutako ibilbidea izan da. Batzuek pentsa dezakete Andaluzian hiritar gehienek uko egin diotela parte hartzeari Estatutua aldatzeko beharrik ikusten ez zutelako eta, Katalunian, berriz, gehiago nahi izateak eragin zuela jokabide hori. Seguruenik ez bata ez bestea ez dira balorazio zuzenenak, eta ñabardura osagarri ugari beharko lukete. Baietzak irabaziko duen usteak hiritargoa desmobilizatzen du, eta baita ilusionatzeko gauza ez diren egitasmoek ere. Alderdiak kontu handiz ibili behar dira autogobernuari begira aurkezten duten edozein proiektuk zenbaterainoko atxikimendu maila duen edo izan dezakeen nabarmentzerakoan. Erreferendumetan argi geratu da alderdi politikoen ordezkaritza maila eta hiritarren iritzia ez direla parekagarri. Beraz, hadi Euskal Autonomia Erkidegoko autogobernu esparrua eguneratzeko momentua heltzen denean. Gauzak ondo egiteko garaiz gaude.

No hay comentarios: