jueves, marzo 22, 2007

Prozesuaren giltzak

Honako testu hau Bakearen Aldeko Koordinakundearen "Bake Hitzak" aldizkarian plazaratu zen, 2006ko urrian, 62. zenbakian hain zuzen ere.

Este artículo fue publicado en la revista "Palabras de Paz" de la coordinadora Gesto por la Paz, en el número 62 correspondiente a octubre de 2006.


Joseba Arruti

Giroan nabaritzen da Euskal Herriko eragile politiko, ekonomiko, sozial zein bestelakoak bakea eta normalizazio politikoa betikotzeko zinez ahalegintzen ari direla. Indarkeria tresna politiko gisa baliatu dutenei eskua luzatu zaie, beste behin, esparru demokratikoan dagokien lekura gerturatu daitezen. Izugarri sufritu duen gizarteak aurrera begiratu nahi du, eta prest dago, iragana ahaztu barik, eskuzabaltasunez, etorkizun oparoagoa eraikitzeko. Franco hil osteko urteetako hautu ezin okerragotik aurrera, ezker abertzale politikoak gor, itsu eta mutu jokatu du beti, ETAk ezarritako estrategiari men eginez. Erakunde terroristak euskal gizartearen borondate demokratikoa zapaldu du hogeita hamar urtetan, errukirik gabe, eta Herri Batasunak eta bere ondorengoek, legezkotasunetik lehenengo eta sasiklandestinitatetik gero, basakeria oro zuritu dute ustezko zapalkuntzaren izenean.

Diktadurak eragindako kalte neurrigabeek Espainia eta frankismoa kontzeptuak lotzea ahalbidetu zuten sektore politiko ezberdinetako euskal herritar askoren artean. Abertzaletasun gordinenaren aldekoek modu kontzientean barneratu zuten parekotasun hori, eta demokraziaren aldeko bidea jorratu zutenetako askok, berriz, era inkontzienteagoan. Hori arazo txikia bailitzan, lehenengo aro sozialistan, 1982ko azken hondarretatik aurrera, Estatuaren egituretatik, estoldetatik hobe esanda, gerra zikinaren zipriztinak zabaldu ziren mugaren bi aldeetara. Krimen horiek ETAren deslegitimazio prozesua moteldu zuten, etsai biren arteko borroka irudikatuz. Labur esanda, gatazka historikoaren gainegiturak eta 1976tik aurrerako koiuntura berezi eta kontraesanez betetakoak euskal gizarteko sektore zabalak nahasi zituen, ETAren benetako izaeraz ez jabetzeraino. Espainiako gobernuek terrorismoari aurre egiterakoan giza eskubideen alorrean erakutsitako epelkeriak min politiko itzela eman zien demokraziaren aukeretaz baliatzearen aldeko guztiei.

Ehundaka hildako pilatu dira geroztik bidean. Ezker abertzalea errealismo politikotik haratagoko dimentsioan mugitu da, proposamen hutsalak eginez. Tamalez, eragin praktikoa izan duten ekimen gutxi batzuk bultzatu dituen gehienetan krudelkeria areagotzeko izan da, "sufrimenduaren sozializazioa" abian jarri zenean esaterako. Baina eraildakoen ingurukoek, erakunde demokratikoek eta gizartearen gehiengo handi batek eutsi egin diote, itsu, mutu eta gor zeuden askori ikusmena, mintzamena eta entzumena itzularazteraino. Nazioarteko agertokian ere denbora ez da alperrik igaro, eta Irlandako auzia bideratu izanak, batetik, Lizarra-Garaziko esperientziak zabaldutako espektatibek, bigarrenik, eta Al Qaeda sarearen agerpenak, bestetik, oxigenoa kendu diote gurean terrorismoari.

Ezker abertzalea politika egitera behartu du errealitatearen egoskortasunak. 2004ko Anoetako proposamenak aukera berriak zabaldu ditu, ETA negoziazio politikoen esparrutik egotzi duelako. Asko aurreratu da azkenaldian: hiru urte luze bete dira hildakorik gabe eta, PP salbu, alderdi politikoek elkarrizketaren aldeko apustua egin dute, inor kanpoan utziko ez duen esparru juridiko-politiko eraberritua hitzartzeko asmoz. Presoen hurbilketa eta Batasunaren oinordeko gisa jokatuko duen alderdiaren legalizazioa beharrezkoak izango dira datozen hilabeteotan prozesuak aurrera egiteko. Baina giltza nagusia ezker abertzalearen eskuetan dago. Terrorismoa tresna politiko gisa behin betiko eta ondorio guztiekin baztertzen duela erakutsi beharko du, erabaki politikoei baliabide politikoekin erantzuten diela, alegia. Hala, orain arte ere demokraziaren arauak baliatu dituztenek malgutasunez jokatu beharko dute, baina ezker abertzaleak bere jaiotzatik ezaugarri izan duen izaera politiko-militarrari uko egin beharko dio. Bere nortasuna aldatu beharko du, errotik. Ez da edonolako aldaketa, baina urrats horrek ahalbidetuko ditu gaur egun ezinezkoak diren dinamika politiko berriak.

Euskal Herria anitza dela onartzeak berau ulertzeko modua ere aldatzen du. Maila politikoan egiteke dagoen herria da hau. Historiaren eraginez neurri batean, bai, baina euskal herritarren borondatearen eraginez ere bai, zalantzarik gabe. Hori ondo barneratuta baino ezin da edukiz bete eraikuntza nazionalaren kontzeptua. Dogmak baztertzeko prozesua izango da datorrena, hiritartasunetik abiatutako herria eraikitzekoa. Bakeak tentsio demokratikoaren garaiari emango dio hasiera. Estatuak gatazka edo, gutxienez, legitimazio arazo bat egon badagoela onartu beharko du, lurralde batean independentziaren aldeko aldarriak populazioaren heren bat biltzea politikaren alorrean zerbait ondo ez doan seinale argia baita. Abertzaleek ere bestelako Euskal Herria irudikatu beharko dute, barne orekak gorde eta koordinazio politikorako irudimenezko formulak beharko dituena. Balantzaren kokapena herritarren borondate askeak eta berme demokratikoek erabakiko dute uneoro. Horrela baino ez da posible izango prozesuaren arrakasta.

No hay comentarios: