jueves, marzo 22, 2007

Urtebete eta gero

Hamabi hilabete borobil igaro dira ETAk su eten iraunkorra iragarri zuenetik. Tamalez, tarteon sua izan dugu, Barajasko aireportuan bi hildako eragin zituena. Iraunkorra behar zuenaren iragankortasunak bake prozesua hautsi zuen, baina ezker abertzalearen baitan aldaketa, edo hausnarketa behintzat, suspertu duela ematen du. Ez dakigu oso ondo non gauden: bakera eraman behar gaituen prozesu historikoan bai, zalantzarik gabe, eta helmugatik inoiz baino gertuago, baina epe laburrera zer datorkigun jakin gabe. Joko arauak argitu izanak zalantzak gehitu ditu, nahiz eta kontraesana dirudien. Batasuna erosoago ari zen atentatuaren aurreko eskeman. Anoetako proposamenak, ustez, gatazka konpontzeko bide demokratikoa ahalbidetzen zuen arren, praktikan ETAk ez zion uko egin erabaki politikoetan eskuhartzeko asmoari. Ezker abertzaleak gizartean ez duen babesa armen mehatxuarekin ordezkatzeko nahi horrek aldrebestu zuen, neurri handi batean, prozesuaren lehen zati hori. Horregatik, ordura arteko eskaerak zorroztu egin zaizkio Batasunari. Bere beso politikoak ETAren jardueraren aurka sekula txintik esango ez duen jakitun, gainerako eragileek, arrazoi osoz, erakunde terroristaren keinu argi eta atzeraezinezko baten zain jarraitzen dute bide politikoak berriz zabaltzeko. Egunotan zerbait omen dator. Ezker abertzaleak, bere osotasunean, emango al du demokraziaranzko jauzia behingoz? Ez da, seguruenik, orain edo inoiz ez, baina aurrerago nekez izango du gaur egungoa baino abagune egokiagorik. Barajasko atentatuak ETAren berpizkundea baino, bere amaiera adierazi beharko luke. Horrela baino ezingo da aurrera egin.

No hay comentarios: