viernes, noviembre 23, 2007

Euskadi Irratia eta gu

Mende laurden igaro da jada Euskadi Irratiak bere emankizunei ekin zienetik. Gaur egun hedabide aski ezaguna da bazter guztietan, bai euskararen normalizazioan egin duen lan itzelarengatik zein bere eguneroko lan txukunarengatik. Oroitzapen askok lotzen naute euskarazko irrati publikoarekin. 1991n, oker ez banago, Gernikaldeko informazioaren berri emanez hasi nintzen bertan kolaboratzen eta hala jarraitu nuen 1999ra arte. Lau urteren buruan, berriz, astean behin aktualitate politikoa aztertzeari ekin nion eta horretan jarraitzen dut gaur egun ere asteartero Imanol Muruarekin batera. Euskadi Irratiarekiko lotura berezia izan da beti, euskarak gauzatutakoa delako. Programazio anitza eskaintzen du, denetariko entzulegoa asetzeko modukoa eta gure irrati uhinetan ezinbesteko erreferentzia bihurtu da. Tamalez, gure hizkuntzarekin lotura duen edozer beti agertzen da apal, bigarren mailako bezala iritzi publiko zabalaren aurrean, baina muga horiek apurtzeko ekarpentxoak ere egin izan ditu irrati kate gazteak hogeita bost urteotan. Euskararen normalizazioaz ari garenean, ziur, horretaz gutxiago hitz egitea eta euskaraz gehiago mintzatzea lortu nahi da. Norabide horretan urrats asko egin da azken hiru hamarkadotan, euskal gizarteak hala nahi izan duelako. 1981ean EAEko bost hiritarretik batek ezagutzen zuen euskara, eta duela sei urte, aldiz, hirutik batek. Ezagutzak erabilera bultzatzen duelakoan nago, eta gizarte elebiduna lortzeko bide onean goazela. Urte batzuk barru, xede hori bete-betean errealitate bihurtzen denean eta atzera begiratzerakoan, zalantzarik gabe, Euskadi Irratia gogoan hartuko da bide horretako protagonista nagusietakoa izango delako. Ez bakarrik euskaraz ari delako, baizik eta profesionaltasuna eta hizkuntza bikain uztartu dituelako.

No hay comentarios: