sábado, noviembre 24, 2007

Lecturas (Gabriel Arestiren ipuinak)

Gabriel Arestiren izena letra larriz idatzita dago euskal literaturaren eta bereziki olerkingitzaren historian. Euskara ikasi eta XX. mendeko euskal olerki borobilenetakoak idatzi zituen, beti ere Euskal Herriarenganako, hizkuntzarenganako eta zapalduenganako bere konpromisoa adieraziz. Haatik, ipuingintzan egin zituenak ez dira hain ezagunak, baina izan badira. Orotara sei dira 1957 eta 1962 urte bitartean Egan aldizkarian argitara emandakoak, eta duela gutxi Xabier Monasteriok euskara batura egokitu eta edizio oso txukun batean bildu ditu. Ipuinetan ohikoa denez, hauek ere mezu bana gordetzen dute sabelean, irakurlearen mesederako. "Olerkaria" eta "Jainkoa jaio da Otxarkoagan" izenekoak bereziki dira borobilak, baina guztiek ere merezi dute aipamena. Orri hauek irakurrita Aresti klasikoa dela ondo ulertzen da, atzo idatzitakoek ez baitute gaurkotasunezko zipriztinik galdu. Idazle ezagunaren alde ezezagunetakoari itzala gainetik kentzeko liburu ezin aproposagoa da hau, irakurle orok etxeko liburutegian gorde eta zaindu beharrekoa. Euskara baserri girotik Bilboko giro urbanora eraman zuen idazle handiak miresmenerako arrazoi gehiago biltzen du orrialde hauetan. Itxuraren eta edukiaren aldetik, liburuxka aparta. Aresti gogoangarriaren mailakoa, alegia.   

Esaldia: "Hauxe izan zen bere obra osoaren laburpen bezala aukeratu zuen puntua: gizakiaren gorputza, buztinezkoa da" 

Ezaugarriak:
Izenburua: Ipuinak
Egilea: Gabriel Aresti
Moldatzailea: Xabier Monasterio
Orrialdeak: 72
Argitaratzailea: Ikeder (2007)

No hay comentarios: