lunes, enero 28, 2008

Euskara, lau haizetara

Urriaren 25ean Euskararen Aholku Batzorde berria eratu zen Donostiako Miramonen, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria buru zela. Hizkuntzak dituen amaigabeko erronkei errepasoa egin zitzaien bertan eta datozen hiru urteotako mugarriak zehaztu ziren. Arlo ezberdinetan lan egin nahi da buru-belarri, hedabideen eta teknologia berrien esparruetan batik bat. Miren Azkarate Kultura sailburuak Batzordeko kide izendatua izateko proposamena uztailean egin zidan eta berehala eman nion baietza, nahiz eta lehendik ere nahikoa zeregin izan. Bi gernikar izango gara bertan, nahiz eta bestea, Dorleta Alberdi, dagoeneko arratzuartua ere badagoen. Euskararen etorkizunaren inguruko hausnarketa nagusietakoa egiten den erakundean parte hartzeak ikuspegi globala eskaintzen du ezinbestean, eta diagnostiko zehatzak gorpuzten laguntzen du. Azken hiru hamarkadotan politikak gehiegi kakaztu ditu bateko eta besteko euskal herritarren arteko harremanak eta euskararen lurraldeak urrundu ditu. Horregatik, gero eta gehiago sinesten dut euskararen herrialde zibikoan, hizkuntzak, kulturak eta hiritartasun eskubideek uztartuko duten lurralde anitzean, eta gero eta gutxiago eskema itxi batean, gizarteen borondatea aintzat hartu gabe eraiki nahi den errealitate politiko berehalakoan. Oinarrizko adostasunak gauzatzea zaila izan da beti euskalduntasuna modu ezberdin eta anitzean sentitzen den herrialdean edo, zergatik ez, herrialdeetan. Euskara eta euskal kultura izan daitezke gizabanakoak eta gizarteak gerturatu eta, elkarrenganako errespetuz, maila ekonomikoan zein politikoan estuago bat egiten lagun gaitzaketenak. Asko dago egiteko, baina sekulako lana egin da azken hamarkadotan. Norberaren ezaugarri identitarioen gainetik, euskara guztion ondare gisa barneratua, maitatua eta, batez ere, erabilia izatea da etorkizunerako xede nagusia. Euskal Herria politikoki eraikitzeke dago, historiaren korapiloen ondorioz eta gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Iparraldeko hiritarren gehiengo banak naziotasunaren ikusmolde zeharo ezberdinak eta kontrajarriak dituzten alderdiak babesten dituelako. Ametsetatik haratago, zer esanik ez odolez blai datozenean, lotzen gaituenari eman behar zaio lehentasuna. Euskarak bere mugak gainditu behar ditu, barrukoak batez ere. Hedabideetara egin behar du jauzi, gizarteko esparru guztietara, politikari guztien ezpainetara, Euskal Herria batera edo bestera sentitzen dutenen etxeetara. Horixe da hizkuntzari egin diezaiokegun mesederik handiena. Zenbait alderdik eta gobernuk ez dute lagunduko, baina gizarte sare anitza sendotu behar da euskara euskal hiritar guztion oinarrizko adostasunen arteko lehena izan dadin. Horrela egiten da Euskal Herria.

[Busturialdeko Bagabiz aldizkarian argitaratutako artikulua]

No hay comentarios: