sábado, febrero 16, 2008

Euskarazko hedabideen etorkizuna

Euskararen Aholku Batzorde berriaren barne-antolaketa lanak abian dira jada. Aurreko asteazkenean Donostiako Kursaalean egin zen hedabideen etorkizunaz hausnartzeko eta ildo berriak jorratzeko eratutako batzordearen lehen bilera. Arlo honetan asko egin da azken bi hamarkadotan, baina erronka berriak nonahi ari dira agertzen. Interneten beraren gero eta indar handiagoak, adibidez, zenbat estrategia zaharkituren gaineko eztabaida pizteko balio dezake. Euskara gizarteratzeko ohiko bideek, eta horiei zuzendutako diru-laguntzek, eman dute, ziurrenik, eman zezaketen ia guztia eta orain helburu eta bitarteko berriak behar dira noizbait lortutako eraginkortasuna ez galtzeko eta hortik aurrera jotzeko. Erdarazko hedabideak jaun eta jabe diren gizarte mediatikoan, euskarak bere esparruari eutsi behar dio, eta hazi, egindakotik baliagarrien denari eutsiz eta norabide berriak mahai gainean jarriz. Prentsa idatziaren nagusitasuna zalantzan jartzen duenik bada aurrera begira, teknologia berriek ematen dituzten aukera guztiak sendo aintzat hartu beharra azpimarratuz. Euskarazko hedabideek indartsuagoak, ez hain atomizatuak hain zuzen, eta dauden behar errealei begirakoak izan beharko lukete. Arinagoak zenbait kasutan, batez ere irakurri behar badira, eta inguruko gizarteetan interesa eragiten duten gai guztiei lotutakoak. Gazteei begira Interneten ahalegin berezia egin beharko da, telebista kate tematikoei ere lekua eginez, eta tokian tokiko argitalpenen maiztasuna asterokora eramanez, jantziagoak eta benetako eskaeraren araberakoak izan daitezen. Euskara desideologizatzea ere lagungarri izan daiteke, kirola edo prentsa arrosa bezalakoei indarra emanez. Era guztietako astuntasuna kendu behar zaio hizkuntzari, gizartean duen eragina handitu nahi bada. Edonoren eskura jarri, gustagarri egiteko moduan. Euskadi Gaztearen esperientzia arrakastatsuak asko lagun dezake zertaz ari garen azaltzeko. Hasteko behintzat, hausnarketa sakona egiten ari da Euskararen Aholku Batzordea arlo honetan, orain arteko estrategiak moldatzeko asmoz. Izango da oztoporik bidean, baina hizkuntza bere gaur egungo lubakietatik atera nahi bada, astindutxoa eman beharko zaie orain arteko ustezko egia oso eta borobiletako askori. 

3 comentarios:

Ibai dijo...

Horrenbeste esateko blogean, eta hain gutxi adiskideekin. Dei triste bate ere ez. Ai, Arruti! Hau pazientzia zurekin.

Joseba Arruti dijo...

Dei bat eskatzeko blogean idatzi beharra ere... Egunotako batean astinduko diat mugikorra. Jarrai ezak pazientzia pixka bat izaten, hagoen lekuan beharko duk eta ;-)

Topper dijo...

Hau errespetu falta! Noiztik hitz egin dugu guk hitano itsusi horrekin! ;-)

Bitartean, nire blog berria bisitatu. Aurreko porrota ikusita, gaia eta enfokea goitik behera aldatu ditut.

http://topperware.blogspot.com/

Telefonoagatik, ez larritu. Hartu behar beste denbora,

Topper-Ibai