miércoles, abril 23, 2008

Bide eraginkorragoak

Euskararen Aholku Batzordearen bilera egin dugu gaur Bilbon, EITBren egoitzan. Interesgarria izan da oso, aurrekoak bezala. Astiro-astiro zehazten ari dira hedabideen alorrean ariko den gure batzordearen betebeharrak eta zenbait datu esanguratsuk lagunduko digute bide horretan. Euskal Herriko Unibertsitateko Xabier Aierdi, Arkaitz Zubiri eta Alfredo Retortillo soziologoen eskutik jaso ditugu zuzenean eta euskal hiztun komunitatearen egoera zehatzago ezagutzeko baliagarri egin zaizkigu. Polikontsumoa aintzat hartuta, euskarazko produktuen kontsumitzaile potentzial ei diren 784.000 lagunen artean 74.000-100.000 inguruk osatuko lukete adituek "nukleoa" deitu dutena, hau da, euskarazko hedabideak gehien kontsumitzen dutenek osatutako multzoa. Hortik kanpora dagoena "periferia" izango litzateke, kontsumo mailaren araberako geruza ezberdinek osatutakoa. Bereizketa hori abiapuntu egokia iruditu zaie batzordeko kide guztiei, eta bata zein bestea nola elikatu izan da mahai gainean jarri den kezka nagusia. Azken hamarkadotan egindakoaren eraginkortasun maila aztertzea eta, horren arabera, etorkizunera begirako estrategia eraberritu eta osatuagoak planteatzea da zeregina. Ez da erronka makala.   

No hay comentarios: