jueves, mayo 15, 2008

Behetik gorako politika

Busturialdeko Bagabiz aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Behetik gorako politika

Joseba Arruti

Denbora ez doa alperrik baina alderdi politikoak, aholkulariz inguratuta, iraganari lotuta agertzen dira gehiegitan. Berrogei urteko itoaldiak, askatasun ezak, ideologiekiko leialtasuna finkatu zuen, praktikatu beharrean politika asmo hutsa baitzen. Ez zegoen kudeaketarik: helburu amestuen itxaropena, besterik ez. Iluntasun horretan, konpromisoa arriskua zen eta arriskatu beharrak tinko errotzen zituen norbere ideiak. Ezkutuko jarduna zen erabat, etxez etxekoa, esku batetik besterakoa, konfiantzak eta gertutasunak eragindakoa. Amesgaiztoaren amaierak utopia ziruditenak eta errealitatea aurrez aurre jarri zituen, eta etsai berberaren aurkako borrokan ereindako elkartasuna galarazten hasi. Bakoitzak bere bideari ekin zion, adostutako oinarrizko esparru berrian norberarena lehenetsiz. Hori da, azken finean, normaltasun politikoaren ikurren artean nagusienetakoa. Baina iragana luze proiektatzen da eta sufrikarioan ikasitakoa ez da egun batetik bestera ahazten. Fideltasunak testuinguruaren gainetik gorpuzten dira eta onean zein txarrean irauten dute. Hala, urte askotan, gure herrian eta beste gehienetan, konfiantza politikoa ia beti norabide ezagunekoa izan zen, gorabehera handirik gabekoa. Siglak norbanakoen gainetik zeuden, eta atxikimendu mailak itsutasunaren parekoa ematen zuen askotan. Norbere alderdikoek gaizki egindakoak zuritzeko arrazoiak bilatzen ziren behin eta berriz, ez zeuden lekuan ere, eta besteen egitasmoek, borondaterik onenarekin egindakoak izanagatik, susmagarri ematen zuten beti. Hautagaien izen-abizenen gainetik bizitza guztiko erro ideologiko konpartituek erabakitzen zuten. Horrela osatu dira Euskal Herriko hainbat lekutan lagunarte asko eta asko ere, ez iritzi aniztasunaren eta dialektika demokratikoaren gainean, ahobatekotasunarenean baino. Disidentziak ez zuen eragiten maila politikoan bakarrik, ondorioak harreman sozialetara hedatzen baitziren gordintasunez. Eta horrela joan dira urteak, eta horrela doaz. Baina belaunaldi berriek bestelako lehentasunak dituzte, errutina demokratikoan hezi eta hazi direlako, euskal kasuaren berezitasun guztiak ezin ahaztu arren. Eta normaltasuna eraginkortasunarekin eta ohiko arazo arruntei irtenbidea bilatzearekin lotuta dator ezinbestean. Izenek gehienetan izana adierazten dutela jabetu dira, eta maiz asmo handien magalean egunerokoak galtzen direla. Garai berriak dira eta alderdiek, jada, ez dituzte fidelenak edo konprometituenak bakarrik behar, baizik eta, batez ere, gaitasun handienekoak, enpatia zenbatnahi eurenganatzekoak, komunikaziorako prestatuenak, etorkizunari aurrea hartzeko moduko ikuspegi askotarikoa dutenak. Horrela bereizten dituzte herritarrek, gero eta gehiago, erreferentziazko liderrak, baina ez soilik gorengo mailetan. Gertukoenetan ere aspaldiko zurruntasunaren zirrikituetatik politika ulertzeko modu berriak ari dira nagusitzen. Horrek alderdietako dinamika arbitrario askorekin amaituko du, barne-egituren interesak baino herritarrenak aintzat hartzera behartzeraino. Hori ulertu eta barneratzen dutenek asmatuko dute. Hitz potoloak eta siglak ez dira nahikoa herritarrak asetzeko. Informazioaren gizartean, hedabideen begiek dena ikusten eta transmititzen dutenean, gardentasunak irabazi dio lehia izkutukeriari. Behetik gora dator etorkizuneko politika, eta goitik behera zetorren iraganekoa. Jabetuko al dira batekoak zein bestekoak...

No hay comentarios: