viernes, octubre 03, 2008

Sozialisten ekitaldi sinbolikoa

Euskadiko Alderdi Sozialistak euskararen inguruko ekitaldia egin zuen herenegun Donostian. Berez, sozialistek egin duten urratsak badu bere kutsu sinbolikoa, nahiz eta hauteskundeen gertutasunak bestelakorik adieraz lezakeen. Euskararen normalizazioan aurrera egiteko gero eta jende gehiago bildu behar da hizkuntzaren ingurura, bere komunikazio gaitasunera eta ondare gisa duen baliora. Tamalez, urte askotan urruntasuna sentitu dute euskaltzale gehienek PSE-EEren aldetik. Alde horretatik, ez da zilegia abertzaleek euskara eurenganatu dutela besterik gabe esatea, horrekin batera orain arteko norbere atxikimendu gabezia onartzen ez bada. Patxi Lopezen alderdiak gaur egun dituen mugetako asko gainditu nahi baditu, baita gizartean barneratzeko eta beraz hauteskundeak irabazteko aukera gehiago izateko ere, klitxe zaharrak gainditu eta ate berriak zabaldu beharko ditu. Euskadiko Ezkerra zenaren izpiritua berreskuratu beharko du maila askotan, euskal kulturari dagokion esparruan adibidez. Ekitaldia aurrerapausoa da, zalantzarik gabe. Ia ez zeukaten atzera egiterik, euskararekiko enpatia gutxi erakutsi baitute hamarkada askotan. Hizkuntzen arteko bizikidetza begirunean, elkar ezagutzan eta elebitasun ahalik eta orekatuenera iristeko nahian oinarritu behar da. Ikuspuntu horretatik, sozialistek ezagutzera eman duten agiriak konplexuz betetako abiapuntua hartzen du berriz, diskriminazioarena eta inposizioarena alegia. Hizkuntza bien ezagutza eta erabilera bultzatu behar da, eskolan zein gizartean. Gaztelera jaun eta jabe den honetan, euren burua baztertuta ikusten dutenen artean euskaradunak dira nagusi ziurrenik. Baina lehia horietan sartzeak ez garamatza inora. Euskararen aldeko aldarrikapen zentzuzkoa eta positiboa baino ez zaie eskatzen sozialistei euskal munduko eragile askoren aldetik. Urrats bat egin dute baina, ohi bezala, ezin izan dira erabat askatu gaztelania ardatz bakar eta nagusitzat duen ikuspuntutik. Ez da nahikoa Euskal Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza koofizial dagoela gogoratzea. Bada garaia horrek esan nahi duen guztiarekin inplikatzeko, euskara urrutitik ikusiz eta bere aurrean modu defentsiboan arituz jarraitu beharrean.      

1 comentario:

XABIER INTZA dijo...

Erabat ados nago zure hausnarketarekin."Euskara askatusunean" sarrera hori bera argitzen du atzetik datozen konplexu,autokritika falta eta zintzotasun ezaren kutsua.
Bestalde,euskararen politizazioaren aurkako hitzak,sinestezin eta zinikoak bihurtzen dira,jakinda,zergatik zertarako eta noiz (hauteskunde bezperan) burutu dan ekitaldi hau.
Nire ustez,hontan ere,ez da fidagarria ez Lopez ezta bere alderdia,hori bai,propagandan munduko txapeldunak.Ondo izan.