jueves, diciembre 18, 2008

Erlijioaren argitan

Honako artikulu hau 'Busturialdean Bagabiz' aldizkarian emango da argitara, kaleratzear dagoen zenbakian.

Erlijioaren argitan

Joseba Arruti

Botere publikoek erlijio katolikoarekin izan beharreko harreman eredua praktikan zehazteak hamaika buruhauste eragin du azken hamarkadotan. Estatu espainiarra akonfesionala da eta, beraz, ez luke erlijio batekin edo bestearekin lerrokatuta agertu behar, nahiz eta, gehiengoarena izanik, Konstituzioak espreski Eliza katolikoa aipatzen duen. Laizismoa, aldiz, beste maila batean legoke, eremu publikotik at utzi nahi baitu erlijio oro. Hau da, erlijioekiko neutraltasuna adieraztetik urrats bat gehiago egiten du eta maila pribatuan kokatzen ditu hiritarren sinesmenak, baita gehiengo zabal batenak izan daitezkeenak ere. Eztabaida kontzeptualetaz haratago, akonfesionaltasunaren eta laizismoaren arteko tentsio praktikoak, egunerokotasunekoak, hainbat zirrikitutik egin du gainezka azken urteotan eta galdera asko jarri ditu mahai gainean. Neutraltasunari eustea eta kutsu erlijioso hutsezkoak diren hainbat jaiegun ofizial eta horien sinbolismoa mantentzea ze punturaino den bateragarria, esaterako.
Gernika-Lumon aurten estreinatu den Gabonetako argiteria berriak badu zerikusirik eztabaida honekin, zeharka izan arren. Aurreko urteetan ohikoa izan den ikonografia erabat aldatu dute udal arduradunek. Ez dago erlijioaren edo Gabonetan ospatzen denaren aztarnarik eta udalerriko hainbat sinbolo bildu dira: armarria, udaletxea, zesta jokoa eta baserritarrei eskainitako monumentua, besteak beste. Aukeraketa prozesu guztietako irizpideak subjektiboak direnez, oraingoan ere gernikar askok herriak berekotzat hartu dituen zenbait ikur gehituko lizkieke aurrekoei, Picassoren 'Guernica' margolanean oinarritutako bakearen aldeko aldarriren bat, esaterako. Baina, ziur, baita ospatzen diren jaiekin lotutako zerbait ere, zerbait hori ahalik eta integratzaileena eta neutroena izan arren. Bide batez, udalak irizpide hori ekitaldi guztietan baliatu beharko luke, onartezina baita, adibidez, azken urteotan Olentzeroaren inguruan sortu eta garatu den sektarismoa, kasu honetan kutsu politiko jakin batekoa. Olentzeroak ez du ideologiarik eta hiritar oro batzeko tresna izan behar da, ez berak baizik eta bere ingurukoek guraso asko uxatu beharrean.
Egunotan ospatzen ari denaren abstrakzioa egitea eta zentzu erlijiosoa besterik ez duten jaien nolabaiteko sekularizazioaren mugak ezartzea ez da erraza. Gizarte demokratiko batean sakontzeko zilegizkoa ez ezik ezinbestekoa da besteen sinesmenak edo sinesmen eza begirunez hartzea eta esparru publikotik inoren alde ez egitea. Baina kristautasuna gure nortasunean daramagu, ia gure kode genetikoan, gehien-gehienon izenetatik hasi eta ikurriñarekin amaitzeraino. Akonfesionaltasunaren printzipioak zorrotz aintzat hartuz ere, egon behar du oreka punturik.

No hay comentarios: