jueves, mayo 21, 2009

Gure basurdeak

Busturialdeko Bagabiz aldizkariaren maiatzeko zenbakian agertutako nire artikulua.

Gure basurdeak

Ehundaka lagunek hartu zuten Madrilerako bidea, kirol gertakari batek batuta. Hainbat kilometro egiteak sortzen duen nekea ez da nabaritzen helburuak betetzen direnean, eta horixe jazo da honako honetan errugbiari esker. Urte luzeak putzuaren sakontasun ilunenean igaro ondoren, Ohorezko Mailaren argi distiratsuak joko du bete-betean Gernika Rugby Taldeko jokalari multzoa datorren denboraldian. Kirol honek bere xarma zaharrari eutsi dio, lagun arteko lehia izateari, zelaitik at nonahi zabaltzen den aitzindarien izpirituari. GRT-k bikain islatzen ditu balore horiek guztiak eta indar horrek bultzatuta abiatu ziren apirilaren 26an Madrilera hirurehun bat gernikar, euren taldearen auspo bihurtzeko. Nahi dutena egitera eta pribilegio zaharrei atxikita jarraitzera ohituta daudenek ez bezala, basurdeek oztopoz jositako lan aldapatsua egin behar izan dute askotan gailurrera heldu aurretik. Errugbia kirol handia da munduan zehar, baina txikia gurean, hazkunde prozesuan dagoen arren. Herrian bertan, ez zaio behar beste lagundu askotan. Gehiegitan. Baina dituen sustraiak sakonak dira, gazteen artean batik bat, eta korridoreetako eliteen botereak lortu ezin duena erdietsi du 1973an sortu zenetik: ilusio soilaren sendotasuna, belaunaldi berrien babesa, bere ingurukoon etengabeko konpromisoa. Espainia mailako hamar errugbi talde onenen artean dago jada Gernikakoa. Lorpen horrek merezi duen mailan egon beharko lukete Udalak zein gainerako erakundeek, luzaroan iraun dezan eta herriaren izena kirolarekin uztartuta ager dadin. Azpiegiturak egokitzeko eta diruz laguntzeko ardura dute aurrerantzean, GRT-ko jokalari zein arduradunek euren lana oso txukun egin dutelako. Madrilgo Unibertsitate Gunean igoera egiaztatzean bildu ginenok badugu, ziurrenik, erromantizismo puntu bat. Garaiotan zaila da, zinez, indartsuenaren itzaletik askatzea, baina merezi du hain ederra den kirol baten eskutik egiten bada. Handi-mandiena ez, baina GRT-k badu ilusioak ezina egina bihurtzen duela sinesten dutenen indar geraezina. Herriko kirol talde nagusia bihurtu da, berean onenak direnekin lehiatzeraino. Umiltasunaren garaipena da.

2 comentarios:

XABIER INTZA dijo...

Bi hilabete pasa dira blog honetan politikarekin loturarik duen sarreran bat idatzi barik.
Orain dela aste batzuk,Blog honen jabea euskadi irratiaren zuzendaritzarekin lotzen zituzten zurrumurruekin zerikusirik eduki ote?.
Horrela bada,zorte on.Beharko duzu eta.

"Gaizki esanak barkatu eta ongi esanak,kontuan hartu".

Agur.

Anónimo dijo...

Aurrekoak bezala, suerte baina onerako. Ezin ulertu zure postura, euskaldun bezala pse bezalako alderdi baten jokoan. Nire zalantza, bere ordainetan ote zabiltza? orain eitb-n bai, baina aurretik? uste dut oker ez banago zure postua ez dela merezitakoa, ordaindua baizik. Espero dut euskaldunen onerako izatea eta honen bultzadarako, eta ez zure igoera pertsonalerako, bestela ziur nago ez zinatekeela euskaldun moduan pozik egongo. Euskaraz zu bezalako profesioanalak behar ditu baina euskaltzale aktiboak, gure hizkuntza defenditzen dutenak, bere garapena, bere despolitizazioa, erabilera.... guzti hori lortzen baduzu nire barkamena eskatzen dizut kritiko izateagatik , bestetik, susmo txarrak bete baino ez, espero lehenengoa izatea. Beste barik, zortge on