sábado, julio 18, 2009

Elkarrizketa Berrian

PDF - Elkarrizketa Berrian (2009-7-17)

Joseba Arruti. Radio Euskadiko zuzendaria
Irratia zuzentzeaz gain, EITBren izenean euskararen arloko erakundeekin harremanetarako arduraduna izango da.
«Nekez uler dezakezu Euskal Herria zer den euskararik gabe»

Urtzi Urkizu. Bilbo
Deiadar herri aldizkarian eman zituen aurreneko kazetari pausoak Joseba Arrutik (Gernika, Bizkaia, 1969). Ondotik, Euskaldunon Egunkaria-n eta Deia-n egin zuen lan. Eta, azkenaldian, EITBko tertulietan parte hartu du.
Nola hartu zenuen Radio Euskadiko zuzendari izateko proposamena?
Ezustean. Hauteskundeen ostean, zurrumurruak heldu zitzaizkidan, eta Euskadi Irratian kokatzen ninduten. Alberto Surioren dei bat jaso nuen, albistea prentsan azaldu baino astebete lehenago. Nik Suriorekin lehendik harremana banuen, eta konfiantza ematen zidan.
Prentsan lan egin, eta ondotik mikro aurrean eztabaidetan analisi politikoak egitetik Radio Euskadi zuzentzera. Nola daramazu aldaketa?
Ilusioarekin. Jende askok aurreiritziekin hartu gaitu, baina gure taldeak duen gauza positiboena da talde plurala dela. Pentsaera askoko jendea dago, eta saiatzen gara adostasun puntuak bilatzen. Nik ez dut sinesten kazetari independienteetan. Zintzotasunetik bai uste dut posible dela ahalik eta jarrera zabalena izatea.
Buruan al duzu zer irrati modelo nahi duzun Radio Euskadirako?
Datorren denboraldiari begira orain arte egon den ereduarekin jarraituko dugu. Erabakiak ezin dira egun batetik bestera hartu, eta gainera ez litzateke bidezkoa orain arte lanean egon direnekin. Saiatuko gara gauza batzuei indar gehiago ematen. Eta protagonista etxeko jendea izango da.
230.000 entzule inguru ditu Radio Euskadik. Hortik gora jo al daiteke?
Saiatu behar dugu bizpahiru urtetan SER irratiaren datuetara heldu, eta lehenak izaten. Une kritikoa da, Radio Euskadiko entzule askok mesfidantza puntu batekin hartu gaituelako. Saiatu behar dugu entzule horiek geureganatzen, eta berriak ekartzen.
Estibaliz Ortiz aurreko zuzendaria ez zen euskalduna. Zer garrantzi ematen diozu horrelako kargu batean euskara menperatzeari?
Beti esan dut nekez uler dezakezula Euskal Herria zer den elebiduna ez bazara. Ez baduzu hizkuntza bat ala bestea ezagutzen, zaila da Euskal Herriak duen konplexutasun guztia eta zirrikituak ondo ezagutzea. Euskal Herriaren arima ezagutzeko elebiduna izan behar duzu. Ni saiatuko naiz Radio Euskadin euskararen presentzia hobetzen. Euskal prentsari eman zaion tratamendua ez da egokiena izan. Euskara eta euskal kulturaren aldeko jokaera transbersala izan behar du programazio osoan. Irrati euskaltzaleagoa egiten saiatuko naiz.
EITBko irratietako zuzendaria Javier Torrontegi ez da euskalduna.
Borondate irmoa du euskararen ezagutzan sakontzeko, eta euskararen munduan ibili garenoi lekukoa emateko euskarekin lotutako gaietan. Ondo ezagutzen du irrati mundua, eta bere esperientzia garrantzitsua da guretzat.
Busturialdeko Hitza-n esan zenuen ahots guztiei lekua egiteko asmoa zenuela. Hor sartzen al dira ezker abertzaleko ahotsak?
Badira ezker abertzaleko sektore batzuk legezkoak direnak, eta horiek normaltasun osoarekin izango dute lekua. Legez kanpokoen kasuan, administrazio kontseiluak jartzen ditu irizpideak. Guk gure kabuz ezin dugu ezer egin.
Alberto Suriok esan du Arnaldo Otegi Batasuneko ordezkari modura ez duzuela gonbidatuko. Entzule batzuentzat hori ez da guztiz plurala izango EITBren aldetik.
EITBko zuzendaritza berrian denak kazetariak gara, eta bizkarzainekin etorri behar dugu lanera. Errealitate hori ere kontuan izan behar da. Niretzat ondo dago jendeak Otegirenganako kezka izatea, baina gustatuko litzaidake sensibilitate bera izatea beste egoera batzuekin.
Xabier Lapitzek ekainaren 26an egin zuen azken saioa. Entzule batzuek «erabaki politikoa» zela salatu zuten. Zer erantzungo zenieke?
Errespetu guztiz hartzen ditugu euren iritziak. Etapak hasi eta amaitu egiten dira. Lapitzen ibilbide profesional oso oparoa da, eta duen balioa onartu behar da. Baina zuzendaritza berri bat dagoenean zilegi da beste ahots batzuk mikro haurrean jarri nahi izatea.
Dani Alvarez 07:00etatik 10:00etara ariko da datorren denboraldian.
Alvarez ahots ezaguna da irratiko entzuleentzat, eta lortu du sektore guztientzat errespetatua izatea. Helburua da guztien errespetua duen norbait jartzea.
Programazio arduradunak zeintzuk izango dira?
Programa arduradun Anjel Lopezek jarraituko du, eta emisio arduradun Jon Osak. Albistegien arloa indartuko dugu, eta horretarako Javi Martinez ekarriko dugu. Programazioan aurreko ildoarekin jarraituko du udazkenean: arratsaldetan, Graffiti; asteburuetan, Más que palabras, Javier Vizcainorekin... Zurrumurruak zeuden hemen iraultza bat izango zela, baina ez dago halakorik.
Albistegi buru berria Roberto de Calle izango da, El Mundo-tik datorren kazetaria. Haren perfilari buruzko iritziak zabaldu dira Interneten.
Roberto de Callek badaki hedabide publiko batera datorrela, eta badaki gizarte osoaren zerbitzura egon behar duela. Etiketak alde batera utzi, eta giza faktoreari begiratu behar diogu.

2 comentarios:

XABIER INTZA dijo...

Blg hau ez zuela iraungo uste nuen,momentuz oker nenbinela ikusi da.
Bestalde;Neuk,periodista,empresari politikari eta bestelako edozeinek bizkarzainarekin joateko beharra edukitzeak,nazkarria ikusten det,nola nazkagarria ikusten det eta beti ikusi det ETA ren izate eta eragina.Hala ere,ez det inoiz ulertu,zertan konpontzen du arazoak Arnaldo Otegi zensuratzeak euskadiko komunikabide publikoetan.
Ez dezu galdera erantzun nahi izan,baina argitasun osoz erantzun dezu;Pluraritatea ez da osoa izango Euskal komunikabide publikoetan,zuen aukera da,baino ez nahastu gauzak.
Hemen ematen do herriak arrazoia duela komeni zaigunean...........

datos del Euskobarómetro
El 61% de los vascos rechaza el pacto PSE-PP
El 54% de los vascos considera negativas para Euskadi las medidas de exclusión electoral de formaciones de la izquierda abertzale
03.07.09 - 21:01 - AGENCIAS | BILBAO

Agurrak

XABIER INTZA dijo...

Goikoa idazterakoan zentzua aldatzen duen hanka sartze bat izan dut.
"Bestalde,neuk;periodista,empresari........
Goian idatzi deten moduan,nik bizkarzainen beharra dudala uler daitekeeta hori okerra danez,zuzentzen dut.
Sentitzen det hanka sartzea.Agurrak.