miércoles, noviembre 02, 2011

'Guernica', nora?


Kontu hau ez da oraintsukoa. Aspalditik harrotu ditu hautsak zein bestelakoak, kultura arlokoak baino areago politikakoak. 1937ko apirilaren 26an Gernika-Lumok pairatutako bonbaketa zitala Pablo Picasso maisuaren eskuek islatu zuten betiko, bere sorreratik bertatik sinbolo unibertsal bihurtutako koadroaren bitartez. Espainiar Errepublika erasotuaren magalean eta horri babesa adierazteko sortu zuen malagarrak, Euskal Herritik abiatuta mundu osoari begirako bake-aldarria zabaldu nahian. Duen osagaietako bakoitza indarkeriaren gordintasuna jasan duen ororentzat da ezaguna, gertukoa, bere-berea. Historiaren katea luzeak batetik bestera eraman izan du oihala, eta harat-honatotan koadroarekiko gorrotoa, indiferentzia eta maitasuna tartekatu dira. Frankistek ez zuten sekula atsegin izan, zirenaren antitesia aldarrikatzen zuelako Picassok. Baina aldekoen artekoek ere ez zuten ondo ulertu, hasieran behintzat, 'Guernica'ren balioa; eta ikuspegi murritzetatik interpretatu nahi izan zuten begirada ezin zabalagoa eskatzen duen artelana.
Gure herrian dagoen erreplikak gogora ekartzen digu, uneoro, gernikarrok 'Guernica' berton nahi dugula. Ez, noski, koadroek inspirazio-iturri duten tokian egon behar dutelako, hori ez baita egia, beste inon baino hobeto bere sinbolismo sakonena, benetakoena, mundu mailan bakearen ikur den herrian sustraitzen eta zabaltzen delako baizik. Trantsizio garaian aukera ezin hobea galdu zen bide horretan pausuak emateko. Gaur egun, aldarrikapen hutsalak egiten dira zenbaitzutan, bestelako errentagarritasunak hutsalkeria estaliko duelakoan. Edo Guggenheim-era ekar dezaten eskatzen da, historikoki egindako aldarrikapena ahulduz.
Erakundeek zor dezente dute Gernika-Lumorekin. Euskal Herriaren balio onenen sinbolo gisa mundu osoan duen oihartzuna eta prestigioa ezin dira iraganez jantzi, etorkizunez baizik. Asko dago egiteke, mota guztietako azpiegitura mailan eta beste zenbait arlotan ere. Egunen batean 'Guernica'-ri Gernikan ongi etorria egiteko aukera txikiena izateko lan handia egin behar da aurretik. Aspaldi, hainbat artista egon ziren prest euren lanen bat bertora ekartzeko eta bakearen aldeko aldarri behar zuen museo bat osatzeko. Krisiak ezin gogorrago astintzen duen honetan honelakoez idazteak ia lotsa eragiten du, baina hautua egin behar da sinbolo soil izatearen edo-ta horrez gain benetako erreferentzia bihurtzearen artean. Bigarren bide honetan ia ez dago oinatzik.
Bil bitez borondate anitzak luzera begirako kultur egitasmo sendo baten mesedetan. Lau haizetara begirako Museo Nazional baten alde, akaso. Hori da 'Guernicari' eta Gernikari egin dakiekeen omenaldi oparoena.

Gernikaldeko 'Bagabiz' aldizkarirako idatzitakoa

1 comentario:

kevin21 dijo...
Este comentario ha sido eliminado por un administrador del blog.