miércoles, octubre 31, 2012

Industriarik gabeko hiria


Gernika-Lumoko industrialdetik edo-ta herriko sarrera-irteeretatik igarotzea besterik ez dago bertoko gainbehera ekonomiko larriaz jabetzeko. Aspaldi zein oraintsu eskualdeko motorrak ziren enpresetako askotan ez dabil inor, itxita daude. Zaintza-lanak mantendu dituzten gutxi batzutan langileen eta jarduera-hotsaren faltak itxura are arduragarriagoa ematen die. Bestelakoetan, iragan oparo baten aztarnak baino ez dira geratzen, arkeologia industrialaren mugan. Almerian western-ak egiteko baliatzen ziren dekoratuen antzera, haizeak mugitzen duen hautsa baino ez da nabarmentzen.
Oroimenean bilatzen hasita zaharrenek esan ohi dutenez, duela zenbait hamarkada, bost bat, ez zen lanik falta parajeotan. Sektore ezberdinetako enpresak ari ziren jo eta ke, inguruetatik eta askoz urrutiagotik jende asko erakartzeraino. Egoera ez da bapatean aldatu. Prozesu geldoa izan da, aurreko mendeko 70.etatik aurrera kateatutako krisi ezberdinen bultzada izan duena. Horietako batzuetan halakoak hondoratzen ziren, eta besteetan bestelakoak. Geroztik, ia ez da sektore bakar bat zauri larririk gabe geratu. Denak daude hondoa jota. Ilaran jarri izan balituzte bezala, bata bestearen atzetik erori dira enpresa nagusienetako ia guztiak eta hirugarren sektoreak ere, ezinbestean, bigarrenaren gainbeheraren zipriztinak jasan ditu. Are gehiago azken bi-hiru urteotako krisia errukirik gabe kolpatzen hasi denetik. Alarma gorri guztiak piztu dira. Erakunde ezberdinen intziriak entzuten dira noizean behin, baina irtenbiderik gabe. Salbuespen pisuzko eta zorionekoren bat alde batera utzita, dagoeneko ia ez da industria mailako erreferente izan daitekeenik geratzen inguruotan. Aspaldi abiatutako prozesua amaierara iritsi da, hondamendiaren fasera hain zuzen.       
Egia da nostalgiak eta ezkortasunak ez dutela arazorik konpontzen. Baina norbere burua engainatzeak ere ez. Gernika-Lumok, eta bere eskualdeak, ikaragarri galdu dute industri-giharra aspaldion. Azpiegiturak ez dira behar bezala egokitu eta Autzaganek inoiz baino gehiago urrundu gaitu A-8tik. Amorebieta-Etxanon, esaterako, enpresa berriek kokagune aproposak bilatu dituzte, eta gurean ez. 
Komunikazio-ertz nagusietara hurbiltzeaz gain, eta Autzaganeko zubia baino zerbait gehiago beharko da horretarako, Urdaibaik, eta bereziki Gernika-Lumok, epe ertainera eta luzera begirako egitasmo ekonomiko-industrial zehatza eta bideragarria beharko du. Esatea erraza da, baina egitea eta betetzea ez. Garai latz hauetan, areago. Politikatik, arazo hau batzuek besteen aurka jotzeko baliatu da. Beharbada hori saihestetik abia gintezke. Inork ez du aterabide magikorik, eta herri eta eskualde gisa gure interesak batasunez eta demagogiarik gabe defendatzea izan daiteke abiapuntu onena. Gutxienez iraganeko apurren bat berreskuratzeko.   

Busturialdean Bagabiz aldizkarian argitaratutako artikulua