domingo, diciembre 01, 2013

Bakea irabazi dugu

Bakea irabazi dugu. Bai, irabazi. Ez garaipenaren dialektika ontzat ematearren, inork oparitu ez digulako baizik. Urte luzetan, luzeegitan, borrokatu behar izan da oinarri-oinarrizko giza eskubideen alde. Orain, aurrera begiratzea eskatzen da behin eta berriz, baina ezinbestekoa da iragana aintzat hartzea. Helmugara zerk ekarri gaituen argi izatea. Gorrotorik gabe, noski, eskuak luzatuta, baina amnesiak jota geratu barik. Ezin da bizikidetzarako etorkizun oparorik eraiki ‘tabula rasa’n oinarrituta. Gizatasunaren baloreak ondo sustraitu ez badira. Duela oso gutxira arte, Euskal Herrian aurkari politikoa etsai bihurtu eta berau mehatxatzea, erasotzea, erailtzea onartu izan dute zenbaitzuk. Beste askok, ordea, onartu ez arren, beste alde batera begiratu dute. Beldurrez edo eroso bizi nahian, mezprezuak, irainak eta saminak harrapa ez zitzan.
Garai ilunenetatik, bake aldarri isila tresna sendoa eta oso eraginkorra izan da indarkeriaren aurka. Isila bai, baina mutua, antzua ez zelako. Eta, horrela, isiltasunaren indarra gailendu egin zaio hitzezko eta ekintzazko bortizkeriari. Gestoko kideek, Gernika-Lumon ere, ondo dakite zer den kale gorrian, ia bakardadean, fanatismo gordinenaren jomuga izatea. Zer den beldurra, zer izua. Zer den errukirik gabe irainduak, mehatxatuak eta kolpatuak izatea. Baina, batez ere, Gestoko kideek ondotxo dakite zer den duintasuna, eta konpromisoa. Zer den giza eskubide guztien alde beti burua tente jardutea, eta zer den egunik mingotsenetan bakea lau haizetara aldarrikatzea. Orain, ziklo berri bat hasten da. Bakea betikotzeko gutako bakoitzak egunez egun bere alea jartzekoa.  

Bakearen Arbola-Gesto por la Paz taldearen azken ekitaldian irakurtzeko prestatutako testua. Ostean, Gernika-Lumoko 'Aldaba' aldizkarian argitaratutakoa. 

No hay comentarios: