martes, marzo 19, 2013

Garai berriak


Urte luzetako iluntasunaren ostean, garai berriak bizi ditugu gurean. Erruz errepikatzen den leloa da. Politikagintzaren itzala oso luzea denez, inon izatekotan batik bat Euskal Herrian, gizartean ere hedatzen hasia da zorioneko izpiritu berri hori. Baina ez da egun batetik bestera dekretuz zabalduko eta, azken bururaino gauzatzekotan, prozesu horizontala beharko du. Zipriztindu egingo gaitu, ia konturatu gabe, egunez egun, astiro, eta errotik kultura politiko berri bat elkarbanatzeko gai garen neurrian gailenduko da behin betiko. 
Historiak mugarriak izan ohi ditu, bai, baina ez da hasten gehiengoaren aurrean luzaroan oldartu direnek norabidea aldatzen dutenean. Aldarrikapen politiko eta sozial absolutuen magalean aritu ondoren euskal gizartearen aniztasuna onartu eta barneratzeko sasoia dela iritzi diotenei eskua luzatu behar zaie. Zalantzarik gabe. Baina azken hamarkadotan asko eraiki da, herriaren babesaz, nahi izan dutenen artean. Jauzia ikaragarria izan da, oso onerako. Eta ez bakarrik denboraren poderioz. Hala, ez gara hutsetik abiatuko, inola ere, eta askoren artean egindakoa aintzat hartzea ezinbestekoa da aurrera begiratzeko. 
Harreman asko, gehiegi, urrutu eta apurtu da bidean. Indar larregi alperrik galdu da. Eta, orain, ezberdin pentsatzearren atzora arte etsaitzat hartutakoa lehiakide politiko soil gisa ikusten hastea ez da eliteen erabaki hutsez etorriko. Porrota arrakasta gisa mozorrotu gabe, norbanakoen hausnarketa prozesu sakon bat eskatuko du. Nolabaiteko eraldaketa bat. Ez bakarrik hurkoarenganako azken muturreraino errespetuz jarduten ikasteko, baizik eta, hortik abiatuta, herri hau ulertzeko modua bera ere aldatzeko. Aurkari politikoa norbere pentsamoldea oparoago bihurtzeko baliatu beharko da, noizean behin besteen lekuan jartzeak ikuspegi oro aberasten baitu. Honek ez du esan nahi bakoitzak berea tinko defenditu behar ez duenik, besteak ere aintzat hartuta egin behar duela baizik. 
Euskal Herria modu inklusiboan ulertu beharko da ezinbestean, bestela ezin izango baita inoiz egituratu. Hitz potoloak dira horiek. Baina, puzzle handi bat osatzeko bezala, pieza txiki askok parte hartu behar dute itxura eta zentzua eman, eta errealitate bihurtzeko. Garai berriak benetan berri izateko, gutako bakoitzarengan gauzatu beharko da aldaketa.   

Busturialdean Bagabiz aldizkarian argitaratutako artikulua