miércoles, julio 31, 2013

Atzo eta gaur

Iragana nolabaiteko malenkoniaz gogoratzen hastea zahartze prozesuaren ondorioetako bat izan ohi da. Atzera begiratze hori selektiboa izanik, une pozgarriak gordetzen ditugu, batik bat. Gure gurasoei gertatzen zitzaienean, gaztaroko ezjakintasun zorrotzarekin erantzuten genien. Perspektiba falta da bizitzako lehen bizpahiru hamarkadetako gabezietako bat, orojakitun izatearen ustearekin batera. Baina edozein gizartek dituen aldaketak ñabardura guztiekin aztertu eta benetan barneratu ahal izateko, atzean utzitako bideak luzea eta oparoa behar du. Sasoiko usadioen bilakaera artez neurtzeko, esaterako. Berrikuntzok emeki-emeki datoz, ia oharkabean, sustraitutako jokabide bihurtzeraino.
Duela hogei bat urte, inguruotan behintzat, tabernak ziren gazteen aisialdirako gune nagusi, eta ia bakar. Ez zegoen sakeleko telefonorik, ez internetik, eta urrun bidaiatzea gaur egun baino zailxeagoa zen. Sozializazioa aurrez-aurrekoa zen. Inguru geografikoa zen muga nagusia. Egun, ez dago oztoporik urrutien daudenekin ere harremanetan jartzeko. Baina aurrerapauso behar lukeenak baditu itzal zabalak ere. Sarri askotan gertuen daukaguna bigarren mailan jarrita, mekanikoagoa, azalekoagoa dena lehenesten da. Komunikatzeko eta munduarekin harremanetan jartzeko moduaren eraldaketak hesi batzuk kendu eta beste batzuk jarri ditu. Gurekoiago bihurtu gaitu, neurri batean, eta benetakotasuna galdu dugu. Ziurrenik, hotzagoak gara orain, eta berehalakoari erreparatzen diogu gehien.
Atzokoa eta gaurkoa uztartu behar dira oreka bilatzeko. Alde horretatik, sustrai sakonak dituen gizarte batek, Euskal Herrikoak adibidez, badu abantailarik globalizazioa abiatu den honetan. Besteekin kalitatezko harremanak izateko eta jokaleku globalean tinko aritzeko ondo errotutako nortasuna behar da. Urrunekoari zerbait eskaini ahal izateko, maila guztietan jantzia izan behar du giza-komunitate batek. Mundua ez da herenegun sortu. Malenkonia hutsalak maldan behera bultzatuko gaitu. Aldiz, atzoko onena oraingora eta etorkizunera proiektatuz gizarte hobe bat eraikiko dugu.  

'Busturialdean bagabiz' aldizkarirako idatzitako artikulua