sábado, noviembre 08, 2014

Bidearen hasiera

Hiru urte igaro dira ETAk armak behin betiko bazter uzteko erabakia plazaratu zuenetik. Euskal gizarteak azken hamarkadotan indarkeria errukirik gabe jasan ostean, alderdi politiko, sindikatu, eragile eta, orohar, herritargoaren bake aldarria nagusitu zen, azkenean. Erabakia ez zen berez heldu, erakundeak historia propioaren inguruko hausnarketa prozesu kritikoa egin ostean, besteek luzaroan bultzatutako presioaren eraginez baizik. Arazo eta eskaera politikoak bide politikoetatik konpondu behar direla uste zutenen betiko jarrera tinkoari esker, euren jarduera eta helburuetarako terrorismoa zegoeneko oso kaltegarria zen ustea ezker abertzalearen baitan nagusitu izanak ekarri zuen ETAk iragarritakoa.
Etikoa barik erabakia taktikoa izan zen eta horrek eragina izan du gerora, ostekoa kudeatzea zailtzerakoan. Atzean utzitakoa justifikatu nahi da oraindik, estrategia politiko-militarrak porrot egin gabe 2011ko urriaren 20an, su-eten baten ostean baina ia bat-batean, lehenago ez zegoen baldintzaren batek aro berria ekarri balu bezala. Eta ez da egia. Arkitektura politikoari dagokionean azken urteotan ez da sakoneko ezer aldatu zorioneko urrats hori egiteko. Behartuta egin zuten, gizarteak ia aho batez lepoa eman zielako. Frankismoa amaitu berritan berretsi eta berrindartutako jokamoldeak, biktima zerrenda ikaragarria eragiteaz gain, maila politikoan zulo beltzera eraman zuen ezker abertzalea. Estratega gisa garai batean zenbait sektoretan ospea zutenek itsu eta gordin aritu direla baino ez dute frogatu, eta besteek 1977tik aurrera hartutako ildoarekin bat egin behar izan dute halabeharrez.
Dena den, borroka armatua amaitzeak behingoan arnasa hartzeko aukera eman dio euskal gizarteari. Legez kanpo egotetik legea onartzera eta sasoi batean gorrotatutako erakundeetan parte hartzera igaro da ezker abertzalea, eta gainerako alderdi politikoekiko harremanak astiro-astiro normaltzen hastera. Baita errealitate instituzionala, herritarren ordezkariek kudeatutakoa, abiapuntu gisa onartzera ere. Biktimenganako keinuak egin dira, zenbaitzutan indar, sinesgarritasun eta gogo gutxiegirekin, edo EAko kideen bidez, baina hor daude. Askoz ausartago aritu behar dute, inor erailtzea erabat onartezina dela barneratu eta biktimei enpatia handiago erakusteraino. Hala ere, prozesu bat dago, kontraesanak dituena, abiadura motelekoa, baina aintzat hartu beharrekoa.
Beraz, gainerako eragile politikoek babesa eman behar diete urrats positiboei. Haatik, ezin dituzte ezker abertzalearen arazoak konpondu, eurei baitagokie zeregin hori. Presoei dagokienez, ‘Euskal Herrira’ ekartzearen eta ‘etxera’ eramatearen arteko aldea nabarmendu behar zaio Sorturi, oso eroso mugitzen baita polisemiaren eremuan. Gerturatzea zilegizkoa eta beharrezkoa da, baina hilketa mordoa dutenak egun batetik bestera askatzea, ez.
Eusko Jaurlaritzak, bitartekariek eta borondate oneko edozein eragilek bakea betikotzeko egiten duten lanak sostengu osoa merezi du. Luze joko du zauriak sendatzen hasteak, baina gogor ekin behar zaio. Estatuaren inguruetatik ere bere izenean edo berau ustez defendatzeko egindako basakeriak salatu, ikertu eta argitzen jarraitu beharra dago, bere burua demokratikotzat duenak ezin baititu horrelakoak sekula bultzatu, ez izkutatu. Ezin dira begiak itxi horren aurrean, estolderia erabat garbitu behar baita.
Badago itxaropenerako arrazoirik, etorkizuna ilusioarekin lotzekorik. Etorriko da estatus politikoaren inguruko eztabaida ere, herritarren borondatearen erritmora egokituta. Gaurko desafioa, oraindik, iragan latzak utzitakoa gainditzeko lan egiten jarraitzea da, gizartearen gehiengoak eskatzen duen legez taktikoa izan zena etiko bihurtzeraino. Hori da atzera egiteko modurik sekula ez izateko bide bakarra.

Urriaren 27an @elcorreo_com-en argitaratua.

No hay comentarios: