Norbere buruari buruzko pertzepzioa besteek dutena baino
hobea izan ohi da gehienetan. Garena baino dezente lirainago, atseginago,
jasoago eta zintzoago garela uste izaten dugu. Kanpoko askok, ordea, lagun
ditugunek ere, irudi zehatzagoa, neurtuagoa eskaintzen digute, gure usteetatik
zenbait espaloi beherago dagoena. Hiritargoaren gehiengo zabal batek argi dauka
Espainian politikarekin lotutako ustelkeriak goia jo duela, azken hiru hamarkadotako
sistema kolokan jartzeraino. Baina buruzagi politiko nagusiak arazoa zenbait
kasutara mugatzen saiatzen dira, behin eta berriz. Noizean behin neurri mordoa
iragartzen dute gaitzari aurre egiteko, eta handik gutxira polizi operazio
berriren batek hankazgora jartzen du guztia.
Gidoi hau gehiegitan errepikatu da azken urteotan, krisiaren
ondorioz gorriak ikusten ari direnei goragalea eragin eta politikari askoren
sinesgarritasuna hondoratzeko beste. 1982tik Espainiako gobernuan txandakatu
diren bi alderdiei dagozkie kasu gehien-gehienak, azken hilabeteotan Jordi
Pujolen legez kanpoko ustezko jokabideak ere hautsak harrotu dituen arren. Ezin
dira sigla batzuk osotasunean usteltzat jo, inondik inora, militante eta
jarraitzaile ororen izen ona zikinduz. Baina argi dago kasu pilaketaren aurrean
buruzagitzetatik ez dela nahikoa egin, bestearenak nabarmendu direla beti,
norberarenei garrantzia kentzeko. Alderdien egiturek euren biziraupena
bermatzeko ahalegina egiten dute beti, inertzia zahar askok bultzatuta. Eta
bide horretan herritarrengandik urruntzen dira.
Politikoak ez dira, dena den, gizartetik at bizi diren izaki
autonomoak, beronen isla baizik. Garbi jokatu beharraren aldeko kultura
zibikorik ez dagoenean, lanaren balioa gutxietsita dirua erraz irabazteari
txalogarri irizten zaionean, maltzurra eredu eta zintzoa barregarri denean,
kolpe zorririk eman ez eta egun batetik bestera euren miseriak baliatuz ospea
lortzen dutenak hedabide nagusietan protagonista direnean edo-ta, adibidez,
zientzia edo kulturaren arloetako ongileen arteko izen-abizen bakar bat ere ia
inork ez dakienean gizarte batek sakoneko arazo larri bat dauka. Sasoi batean,
erkidego batzutan, ustelkeria kasuek, botoak galarazi beharrean, hauteskundeetan
mesede egin zieten agintean zeuden alderdiei. Egungo egoeraren aurreko
hausnarketa ezin da, beraz, elite politikora mugatu, askoz bertikalagoa izan
behar baita. Kudeatzaileena da ardura nagusia, ezbairik gabe, eredugarri behar
dutelako, baina herritarrei ere badagokie euren buruarekin eta bozetan aukeratzen
dituztenekin askoz zorrotzago jokatzea.
Orain, krisi ekonomikoak eta horren ondorengo estuasunek bultzatu
dute jende asko aski dela adieraztera. Egoera lazgarrietan bat-batean agertu
eta arazo eta bidegabekeria guztiak konponduko dituztela iragartzen dutenak
populismoaren eta keria txarrenen sinonimo bihurtu dira ia beti historian
zehar. Ez da hau ahaztu behar baina, oraingoz, ezin zaio horrelakorik inondik
inora egotzi Podemos alderdi arrakastatsu osatu berriari, gobernu ardurarik inon
ez duelako. Proposatzen duenarekin baino, bere gorakada jendeari sinesgarri
egiten zaion zintzotasun eskaintzarekin dago lotuago, oinarri-oinarrizko
zerbaitekin.
PPk eta PSOEk oso aintzat hartu beharko lukete gertatzen ari den guztia, eurentzat beranduegi izan baino lehen sistema politikoa askoz gardenago egiteko, ia biluzteraino. Jada ez du balio bestea errudunago egin nahiak. Goitik behera ahalik eta arinen ez datorrena, behetik gora helduko da. Arazo honetan siglak parekatzea ala ez parekatzea herritar bakoitzaren kontua da, baina agintean txandakatu direnei dagokie kiratsarekin amaitzea. Barkamen eskaera ez da nahikoa agintari politiko batentzat, beste zenbaitzurekin elkarlanean bere esku baitauka egoera aldatzea. Olatuak harrapatuko duen beldurrez barik letra larrizko jarduera politikoan sinesten duelako egin beharko litzateke urrats hori herrialde aurreratu batean. Hargatik ala honengatik, baina di-da batean egitera derrigortuta daude. 1978ko Konstituzioan diseinatutako eraikin instituzional osoa hondoratzeko bidean legoke bestela. Lan handia dute eskuartean.

Azaroaren 3an @elcorreo_com-en argitaratua.
No hay comentarios:
Publicar un comentario