Kataluniakoa arazo politiko sakona da, ebazpen judizialen bitartez konpondu ezinezkoa, eta Espainiaren etorkizuneko egiturari buruzko erabaki ausartak beharko dira irtenbideak bilatzeko.
Hilabete luzetan Espainiako Gobernua eta Kataluniako Generalitatea elkarren artean purrustadaka ibili ondoren, atzo egindako galdeketa ez da ezeren hasiera ez amaiera. ‘Prozesua’ deitu dutenak aurrera jarraituko du eta tentsio politikoa ez da baretuko. Rajoyren exekutiboaren eskariz, Auzitegi Konstituzionalak bi deialdi utzi zituen bertan behera: bata, jatorrizkoa, dekretu bidezkoa, irailaren 29an, eta bestea, askoz mugatuagoa eta kutsu instituzional gutxiagokoa, aurreko asteazkenean. Hala ere, ahal izan den eran, kataluniar askok eta askok euren etorkizunaren inguruko iritzia eman dute azaroaren 9an, eta lehia juridikoak ez du, inondik inora, sakoneko arazo politikoa konpondu, gaiztotu baizik.
Hilabete luzetan Espainiako Gobernua eta Kataluniako Generalitatea elkarren artean purrustadaka ibili ondoren, atzo egindako galdeketa ez da ezeren hasiera ez amaiera. ‘Prozesua’ deitu dutenak aurrera jarraituko du eta tentsio politikoa ez da baretuko. Rajoyren exekutiboaren eskariz, Auzitegi Konstituzionalak bi deialdi utzi zituen bertan behera: bata, jatorrizkoa, dekretu bidezkoa, irailaren 29an, eta bestea, askoz mugatuagoa eta kutsu instituzional gutxiagokoa, aurreko asteazkenean. Hala ere, ahal izan den eran, kataluniar askok eta askok euren etorkizunaren inguruko iritzia eman dute azaroaren 9an, eta lehia juridikoak ez du, inondik inora, sakoneko arazo politikoa konpondu, gaiztotu baizik.
Demokrazia berreskuratu zenez geroztik, hiru hamarkadatan zehar
CiUk eta Kataluniako gobernu ezberdinek ez dute independentziaren aldeko
jarrerarik azaldu. Espainian zegokien tokia lortu nahia aldarrikatu zuten behin
baino gehiagotan, eta PSOEren zein PPren gobernuei babesa eman zieten sarritan.
Hala ere, finantziazio mailan eta bertako kulturari eta hizkuntzari eskaini
beharreko babesa blindatzeko oztopoei zegokienean, gero eta deserosoago agertu
dira Kataluniako agintariak azken urteotan, nazionalistak izan zein ez izan. Besteak
beste, arlo horietan eta nazio izaerari buruzkoetan aspaldi antzemandako gabeziei
erantzun politikoa eman nahian, Estatutu berria landu eta adostu zuen gehiengo
zabal batek 2006an, 1979koa gainditzeko. Gorteek baiezkoa eman zioten, eta
baita kataluniarrek erreferendumean berretsi ere, abstentzio handi batekin izan
arren. Dena den, PPk Auzitegi Konstituzionalera jo zuen, gerora aurkeztuko
ziren zazpi helegiteetako batekin, politikoki esanguratsuenarekin, eta 2010ean goi
erakundeak Estatutuaren hamalau atal baliogabetu zituen, hitzaurreko nazio
kontzeptua ere mami juridiko barik utziz. Erabaki horrek haserre bizia eragin
zuen Kataluniako gehiengo politiko eta sozialean. Adostasunaren bidea itxi, eta
gatazkarena zabaldu zen.
Ondoren, eragile sozialek bultzatuta hasieran, gehiengo
politiko baten babesarekin gero, Estatutuaren bidea bazter utzi eta
subiranotasunaren aldeko prozesu bati ekiteko asmoa joan da nagusitzen. Independentziaren
aldeko hautua egin da, argi eta garbi, eta Generalitateak deituta atzo egitekoa
zen jatorrizko galdeketak berretsi behar zuen urrats hori. Oraingoan ere,
Auzitegi Konstituzionalak mugatu du Kataluniako gehiengo politiko zabal baten asmoa.
Ikuspuntu juridikotik zenbaitzuek balekotzat har dezaketenak ez du sortu den sakoneko
gatazka politikoa konpontzen. Areagotu egiten du, ia atzerabueltarik gabe.
Egoera honetan PPri, ziurrenik, 2006ko Estatutua ez zaio
hain irentsi ezinezkoa irudituko. Kataluniako gehiengoak onartutakoa
borrokatzeko, tresna juridikoez gain, grina patriotiko makurrenak baliatu
zituen orduko hartan, ezinikusiak areagotu, zubiak hautsi eta jarrerak
tinkotzeraino. Zauri haiek ez dira sendatu, eta gaur egun Madrilgo gobernuan
dagoen alderdiak hain arduragabe jokatu izanak kataluniar askoren artean
Espainian lekurik ez duten ustea finkatu du.
Katalunia nazioa da. Estaturik gabe Europan direnen artean
garrantzitsuenetakoa, maila ekonomikoan, hizkuntzari dagokionean zein beste
askotan. Eta tamaina bereko ezagupen juridiko-politikoa dagokio. Bidegurutze
honetan, Espainiako Estatuak bere egitura politikoa eguneratzeko, barruan
dituen nazioen eskaerei erantzun ausartak emateko eta berauek irudimena
baliatuz integratzeko gaitasuna duen ala ez erabaki beharko du. Ebazpen
judizialek zenbait prozesu aldi batean gerarazteko balio dezakete, baina arazo
politiko gordinak hor dirau. Estatu bateko nazioetako batean gehiengo zabal batek
independentziari buruzko galdeketa bat gura izatea ezin da esparru judizialean
konpondu. Oso sakonekoa den ezinegona adierazten du, hartzen dituen
Estatuarekiko kataluniar askoren urruntasuna eta identifikazio eza, kasu
honetan. Prozesu historiko horiek ez dira buruzagi politiko baten edo biren
bat-bateko burutapenetatik abiatzen, zeharkako bultzada sozial erraldoia behar baitute.
Konponbideak bilatzeko, baleude, hori ondo barneratu behar da. Kataluniak
bestelako erantzunak behar eta merezi ditu.
Azaroaren 10ean elcorreo.com-en argitaratua.
No hay comentarios:
Publicar un comentario