domingo, diciembre 21, 2014

Oi, Nafarroa!

Jarraitzeari baiezkoa eman ostean, maiatzeko foru bozetan ez dela UPNren zerrendaburu izango iragarri du orain Yolanda Barcinak. Oztopo bihurtu da inoizko ahulen dagoen bere alderdiarentzat eta, Nafarroan etor litezkeen aldaketen beldur, beste hautagai baten alde egin dute apustu.
Abuztuaren 29an, Cadreitan, UPNren ekitaldi batean: “Zuek nahi baduzue eta konfiantza ematen badidazue, kontatu nirekin Nafarroaren etorkizuna irabazteko”. Azaroaren 10ean, Iruñean, ustekabeko prentsaurreko batean: “Ez naiz berriz foru hauteskundeetan UPNren zerrendaburu izango, nire bizitza pribaturako denbora berreskuratzeko sasoia heldu delako”. Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen adierazpenak dira biak, epe laburrean egindakoak izan arren guztiz kontrajarritako erabakiak iragartzen dituztenak. Bere eremu intimoena aitzakia gisa baliatu arren, maila politikoan zerbaitek bultzatu behar izan du foru erkidegoko buruzagia datorren maiatzetik aurrera lehen lerro politikotik desagertzera. Nafarroako Aurrezki Kutxaren kudeaketarekin lotutako ustezko ustelkeriak eta ondo frogatutako gehiegikeriek eragindako higatze-prozesua eta, ondorioz, zenbait inkestatan UPNk beherako joera agertu izana nabarmendu dira arrazoien artean. Hala ere, horiek ez dira abuztutik honako fenomenoak, aspalditik datozenak baizik.
Baina, aurrekoekin lotuta, Barcina bera izan liteke arazoa orain, aktibo politikoa izan beharrean bere irudi publikoa oso erreta dagoelako eta etorkizunari begira sozialistekin zubigintzan aritzeko gaitasunik ez duelako, batik bat 2012an bere gobernutik kanporatu zituenetik. UPNko buruzagien artean uste hau gero eta sendoago errotu ostean, ohikoa egin dute: praktikoak izan. Datorren maiatzeko bozei begira aurpegi berri batek oxigeno gehixeago eman diezaiekeelakoan, irteerako atera bultzatu dute orain arteko presidentea. Boterea galtzeko arriskuak izua eragin du Aizpunek 1979an sortutako alderdian, ahul daudela nabaritzeaz gain PSNren hondamendia historikoa izan daitekeela ondo baitakite.
Azken urtean zehar plazaratu diren inkestek zenbait joera nabarmendu dituzte: UPNk egungo 19 parlamentarioetatik gutxienez bi eta gehienez sei galduko dituela, Geroa Baik eta Bilduk hamarna inguru lor ditzaketela, PSN hortik behera geratuko dela eta Ezkerrak eta PPk hiruna-edo eurenganatuko dituztela. Podemos-en fenomenoak taula hori aldatzerakoan zer nolako eragina izango duen luze aztertuta zehatz jakitea falta da baina, edonola ere, euren burua balizko agertoki horretan irudikatze hutsak hotzikarak eta urduritasuna eragin ditu erregionalisten artean.
UPNren muineko eskemak zaharkituta daude, dagoeneko. ETAk borroka armatua behin betiko baztertu eta ezker abertzaleak Nafarroaren etorkizuna bertan erabaki behar dela onartu ostean, Euskal Autonomia Erkidegoak irentsiko dituen mamua baliatzen jarraitzeak ez die aspaldi bateko etekinik emango. Iraganeko obsesioak etorkizunera proiektatzen tematzeak paranoia politikora eta barregarri samar bihurtzera eraman ditzake, eta solaskide politiko eraginkorrik gabe geratzera. PSNk, aldiz, bidean galdutako sinesgarritasuna berreskuratzeari ekin beharko dio, Nafarroako gaiak bertan erabakitzen direla behin eta berriz harro aldarrikatu eta gero, eurei dagokienez, afera nagusietan, azken hitza eta erabakia Batzorde Federalak izan baitu, Madrildik. Eta Bilduko ezker abertzalearen zatiak, koalizioko gehiengoak beraz, hitzez haratago, ia atzora arteko inposizio nahiak erabat baztertuta, nafarren borondatera egokituko dela eta lehia politikorako oinarri izango duela praktikan erakutsi behar du.
Nafarroa nafarrek nahi dutena izan behar da. Ez dago printzipio hori urratu eta beste inondik menpean hartzerik, baina ezta estatu arrazoi blindatuaren eskuetan dagoen txotxongilo izaterik ere. Foru erkidegoaren estatusaren inguruan azken hiru hamarkadatan lepoa emanda bizi izan diren kultura politikoek hausnarketa prozesu sakona bultzatu behar lukete, aurrera begirako urratsak egiteko, harresiak apurtzeko. Gaur egun dagoenari modu integratzaileagoan eusteko, erdibideak bilatzeko edo Espainiako Konstituzioaren laugarren xedapen iragankorrak dioenari atxikitzeko. Aukera guztiek jarraitu behar dute zabalik, bertako herritarren nahietara modu dinamikoan zein hobeto egokituko. Aniztasunaren lurraldean espazio gutxi eman zaio orain arte aniztasunari, Nafarroa kolore bakarrekoa bailitzan. Baina ostadarra dator, geraezin.

Azaroaren 17an elcorreo.com-en argitaratua

No hay comentarios: