domingo, febrero 23, 2014

Seber Altube

Askok ez dute guztiz ulertuko ondoren datorrena. Garai eta leku zehatzean egon ez zirenek, alegia. Egia esateko, maitasun aitorpen bat da. Honelakoetan, jazotakoak paperean bildu eta irakurlea horiekin zipriztintzea lorpen handia izan ohi da baina, gehienetan, bertan egon ez zirenek nekez senti dezakete zenbait bizipenek utzitako aztarna sakona, blai egiterainokoa. 1972tik 1983ra arte izan nintzen Seber Altubeko ikasle. Eskolaurre osoa eta orduan Oinarrizko Hezkuntza Orokorra zeritzana egiteko beste. Urte gogorrak izan ziren, hasierakoak batik bat: Gizarte Etxeko gela ilun eta hotz bakoitzean bi mailatako ume eta gazteak biltzen ginen, frankismoak bere azken hozkada beltzak ematen zituen bitartean. Nire adinekoak, bospasei baino ez. Ia libururik gabe, erreferentzia sendo barik, baina zenbait irakasle adoretsuren grinak lagunduta.
Guraso askok, gehiengo zabalak, ez zuen euskarazko irakaskuntzan sinesten eta leku erosoago eta erdaraz ondo jantzitakoetara bidaltzen zituen haurrak. Exotikoak ginen, nonbait. Eta susmagarriak askorentzat. Baina barrukoen konpromisoak eta kanpoko askoren laguntzak oztopo guztiak gainditu zituen. Ez zatiketek, ez debekuek eta ezta askoren hoztasunak eta distantziak ere ez zuten lortu Seber Altube ikastolaren proiektua hondoratzea.
Halako batean, garai berri bat hasi zen, autogobernuarena eta euskararen ofizialtasunarena. Zorionekoa. Hainbat hamarkadatan belaunaldi ezberdinek amestutakoa. Eta hara, miraria. Frankista soziologiko, axolagabe eta epelenetako asko ere Euskal Herriaren eta euskararen maitale sutsu jaiki ziren, ilararen buru izan nahian. Geroztik, euskararen itsasoa asko zabaldu da, ozeano bihurtzeraino. Baina euskaldun izatea ez da erraza, ezta gaur egun ere. Ikaragarri aurreratu da, bai, baina asko dago egiteke. Aitzindariek erakutsi ziguten bidea, eta hemen Seber Altube ikastola izan zen gutxi horietako bat. Pertsona eta euskaltzale gisa jantzi gintuen, gurea dena maitatzen erakutsi zigun.
2014ko Ibilaldiak aukera ezin hobea eskainiko digu guzti hori gogoratzeko. Maitasun aitorpen hau lau haizetara zabaltzeko. Urte gogorretan euskal hizkuntza eta kontzientzia gorde eta zabaldu zutenei gure esker ona adierazteko. Gernikar eta lumotarrok zorretan gaude horiekin: hutsetik hasita, diktadura ankerraren garaian, itxaropenaren hazia erein zuten gizon-emakumeokin. Haiei esker, edozein adinekin, eta gauden lekuan gaudela, beti izango gara Seber Altubeko ikasle.

'Busturialdean Bagabiz' aldizkarian argitaratutako artikulua