sábado, noviembre 22, 2014

Kiratsa darionekoa

Norbere buruari buruzko pertzepzioa besteek dutena baino hobea izan ohi da gehienetan. Garena baino dezente lirainago, atseginago, jasoago eta zintzoago garela uste izaten dugu. Kanpoko askok, ordea, lagun ditugunek ere, irudi zehatzagoa, neurtuagoa eskaintzen digute, gure usteetatik zenbait espaloi beherago dagoena. Hiritargoaren gehiengo zabal batek argi dauka Espainian politikarekin lotutako ustelkeriak goia jo duela, azken hiru hamarkadotako sistema kolokan jartzeraino. Baina buruzagi politiko nagusiak arazoa zenbait kasutara mugatzen saiatzen dira, behin eta berriz. Noizean behin neurri mordoa iragartzen dute gaitzari aurre egiteko, eta handik gutxira polizi operazio berriren batek hankazgora jartzen du guztia.
Gidoi hau gehiegitan errepikatu da azken urteotan, krisiaren ondorioz gorriak ikusten ari direnei goragalea eragin eta politikari askoren sinesgarritasuna hondoratzeko beste. 1982tik Espainiako gobernuan txandakatu diren bi alderdiei dagozkie kasu gehien-gehienak, azken hilabeteotan Jordi Pujolen legez kanpoko ustezko jokabideak ere hautsak harrotu dituen arren. Ezin dira sigla batzuk osotasunean usteltzat jo, inondik inora, militante eta jarraitzaile ororen izen ona zikinduz. Baina argi dago kasu pilaketaren aurrean buruzagitzetatik ez dela nahikoa egin, bestearenak nabarmendu direla beti, norberarenei garrantzia kentzeko. Alderdien egiturek euren biziraupena bermatzeko ahalegina egiten dute beti, inertzia zahar askok bultzatuta. Eta bide horretan herritarrengandik urruntzen dira.
Politikoak ez dira, dena den, gizartetik at bizi diren izaki autonomoak, beronen isla baizik. Garbi jokatu beharraren aldeko kultura zibikorik ez dagoenean, lanaren balioa gutxietsita dirua erraz irabazteari txalogarri irizten zaionean, maltzurra eredu eta zintzoa barregarri denean, kolpe zorririk eman ez eta egun batetik bestera euren miseriak baliatuz ospea lortzen dutenak hedabide nagusietan protagonista direnean edo-ta, adibidez, zientzia edo kulturaren arloetako ongileen arteko izen-abizen bakar bat ere ia inork ez dakienean gizarte batek sakoneko arazo larri bat dauka. Sasoi batean, erkidego batzutan, ustelkeria kasuek, botoak galarazi beharrean, hauteskundeetan mesede egin zieten agintean zeuden alderdiei. Egungo egoeraren aurreko hausnarketa ezin da, beraz, elite politikora mugatu, askoz bertikalagoa izan behar baita. Kudeatzaileena da ardura nagusia, ezbairik gabe, eredugarri behar dutelako, baina herritarrei ere badagokie euren buruarekin eta bozetan aukeratzen dituztenekin askoz zorrotzago jokatzea.     
Orain, krisi ekonomikoak eta horren ondorengo estuasunek bultzatu dute jende asko aski dela adieraztera. Egoera lazgarrietan bat-batean agertu eta arazo eta bidegabekeria guztiak konponduko dituztela iragartzen dutenak populismoaren eta keria txarrenen sinonimo bihurtu dira ia beti historian zehar. Ez da hau ahaztu behar baina, oraingoz, ezin zaio horrelakorik inondik inora egotzi Podemos alderdi arrakastatsu osatu berriari, gobernu ardurarik inon ez duelako. Proposatzen duenarekin baino, bere gorakada jendeari sinesgarri egiten zaion zintzotasun eskaintzarekin dago lotuago, oinarri-oinarrizko zerbaitekin.
PPk eta PSOEk oso aintzat hartu beharko lukete gertatzen ari den guztia, eurentzat beranduegi izan baino lehen sistema politikoa askoz gardenago egiteko, ia biluzteraino. Jada ez du balio bestea errudunago egin nahiak. Goitik behera ahalik eta arinen ez datorrena, behetik gora helduko da. Arazo honetan siglak parekatzea ala ez parekatzea herritar bakoitzaren kontua da, baina agintean txandakatu direnei dagokie kiratsarekin amaitzea. Barkamen eskaera ez da nahikoa agintari politiko batentzat, beste zenbaitzurekin elkarlanean bere esku baitauka egoera aldatzea. Olatuak harrapatuko duen beldurrez barik letra larrizko jarduera politikoan sinesten duelako egin beharko litzateke urrats hori herrialde aurreratu batean. Hargatik ala honengatik, baina di-da batean egitera derrigortuta daude. 1978ko Konstituzioan diseinatutako eraikin instituzional osoa hondoratzeko bidean legoke bestela. Lan handia dute eskuartean.

Azaroaren 3an @elcorreo_com-en argitaratua.          

sábado, noviembre 08, 2014

Bidearen hasiera

Hiru urte igaro dira ETAk armak behin betiko bazter uzteko erabakia plazaratu zuenetik. Euskal gizarteak azken hamarkadotan indarkeria errukirik gabe jasan ostean, alderdi politiko, sindikatu, eragile eta, orohar, herritargoaren bake aldarria nagusitu zen, azkenean. Erabakia ez zen berez heldu, erakundeak historia propioaren inguruko hausnarketa prozesu kritikoa egin ostean, besteek luzaroan bultzatutako presioaren eraginez baizik. Arazo eta eskaera politikoak bide politikoetatik konpondu behar direla uste zutenen betiko jarrera tinkoari esker, euren jarduera eta helburuetarako terrorismoa zegoeneko oso kaltegarria zen ustea ezker abertzalearen baitan nagusitu izanak ekarri zuen ETAk iragarritakoa.
Etikoa barik erabakia taktikoa izan zen eta horrek eragina izan du gerora, ostekoa kudeatzea zailtzerakoan. Atzean utzitakoa justifikatu nahi da oraindik, estrategia politiko-militarrak porrot egin gabe 2011ko urriaren 20an, su-eten baten ostean baina ia bat-batean, lehenago ez zegoen baldintzaren batek aro berria ekarri balu bezala. Eta ez da egia. Arkitektura politikoari dagokionean azken urteotan ez da sakoneko ezer aldatu zorioneko urrats hori egiteko. Behartuta egin zuten, gizarteak ia aho batez lepoa eman zielako. Frankismoa amaitu berritan berretsi eta berrindartutako jokamoldeak, biktima zerrenda ikaragarria eragiteaz gain, maila politikoan zulo beltzera eraman zuen ezker abertzalea. Estratega gisa garai batean zenbait sektoretan ospea zutenek itsu eta gordin aritu direla baino ez dute frogatu, eta besteek 1977tik aurrera hartutako ildoarekin bat egin behar izan dute halabeharrez.
Dena den, borroka armatua amaitzeak behingoan arnasa hartzeko aukera eman dio euskal gizarteari. Legez kanpo egotetik legea onartzera eta sasoi batean gorrotatutako erakundeetan parte hartzera igaro da ezker abertzalea, eta gainerako alderdi politikoekiko harremanak astiro-astiro normaltzen hastera. Baita errealitate instituzionala, herritarren ordezkariek kudeatutakoa, abiapuntu gisa onartzera ere. Biktimenganako keinuak egin dira, zenbaitzutan indar, sinesgarritasun eta gogo gutxiegirekin, edo EAko kideen bidez, baina hor daude. Askoz ausartago aritu behar dute, inor erailtzea erabat onartezina dela barneratu eta biktimei enpatia handiago erakusteraino. Hala ere, prozesu bat dago, kontraesanak dituena, abiadura motelekoa, baina aintzat hartu beharrekoa.
Beraz, gainerako eragile politikoek babesa eman behar diete urrats positiboei. Haatik, ezin dituzte ezker abertzalearen arazoak konpondu, eurei baitagokie zeregin hori. Presoei dagokienez, ‘Euskal Herrira’ ekartzearen eta ‘etxera’ eramatearen arteko aldea nabarmendu behar zaio Sorturi, oso eroso mugitzen baita polisemiaren eremuan. Gerturatzea zilegizkoa eta beharrezkoa da, baina hilketa mordoa dutenak egun batetik bestera askatzea, ez.
Eusko Jaurlaritzak, bitartekariek eta borondate oneko edozein eragilek bakea betikotzeko egiten duten lanak sostengu osoa merezi du. Luze joko du zauriak sendatzen hasteak, baina gogor ekin behar zaio. Estatuaren inguruetatik ere bere izenean edo berau ustez defendatzeko egindako basakeriak salatu, ikertu eta argitzen jarraitu beharra dago, bere burua demokratikotzat duenak ezin baititu horrelakoak sekula bultzatu, ez izkutatu. Ezin dira begiak itxi horren aurrean, estolderia erabat garbitu behar baita.
Badago itxaropenerako arrazoirik, etorkizuna ilusioarekin lotzekorik. Etorriko da estatus politikoaren inguruko eztabaida ere, herritarren borondatearen erritmora egokituta. Gaurko desafioa, oraindik, iragan latzak utzitakoa gainditzeko lan egiten jarraitzea da, gizartearen gehiengoak eskatzen duen legez taktikoa izan zena etiko bihurtzeraino. Hori da atzera egiteko modurik sekula ez izateko bide bakarra.

Urriaren 27an @elcorreo_com-en argitaratua.