domingo, diciembre 21, 2014

Oi, Nafarroa!

Jarraitzeari baiezkoa eman ostean, maiatzeko foru bozetan ez dela UPNren zerrendaburu izango iragarri du orain Yolanda Barcinak. Oztopo bihurtu da inoizko ahulen dagoen bere alderdiarentzat eta, Nafarroan etor litezkeen aldaketen beldur, beste hautagai baten alde egin dute apustu.
Abuztuaren 29an, Cadreitan, UPNren ekitaldi batean: “Zuek nahi baduzue eta konfiantza ematen badidazue, kontatu nirekin Nafarroaren etorkizuna irabazteko”. Azaroaren 10ean, Iruñean, ustekabeko prentsaurreko batean: “Ez naiz berriz foru hauteskundeetan UPNren zerrendaburu izango, nire bizitza pribaturako denbora berreskuratzeko sasoia heldu delako”. Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen adierazpenak dira biak, epe laburrean egindakoak izan arren guztiz kontrajarritako erabakiak iragartzen dituztenak. Bere eremu intimoena aitzakia gisa baliatu arren, maila politikoan zerbaitek bultzatu behar izan du foru erkidegoko buruzagia datorren maiatzetik aurrera lehen lerro politikotik desagertzera. Nafarroako Aurrezki Kutxaren kudeaketarekin lotutako ustezko ustelkeriak eta ondo frogatutako gehiegikeriek eragindako higatze-prozesua eta, ondorioz, zenbait inkestatan UPNk beherako joera agertu izana nabarmendu dira arrazoien artean. Hala ere, horiek ez dira abuztutik honako fenomenoak, aspalditik datozenak baizik.
Baina, aurrekoekin lotuta, Barcina bera izan liteke arazoa orain, aktibo politikoa izan beharrean bere irudi publikoa oso erreta dagoelako eta etorkizunari begira sozialistekin zubigintzan aritzeko gaitasunik ez duelako, batik bat 2012an bere gobernutik kanporatu zituenetik. UPNko buruzagien artean uste hau gero eta sendoago errotu ostean, ohikoa egin dute: praktikoak izan. Datorren maiatzeko bozei begira aurpegi berri batek oxigeno gehixeago eman diezaiekeelakoan, irteerako atera bultzatu dute orain arteko presidentea. Boterea galtzeko arriskuak izua eragin du Aizpunek 1979an sortutako alderdian, ahul daudela nabaritzeaz gain PSNren hondamendia historikoa izan daitekeela ondo baitakite.
Azken urtean zehar plazaratu diren inkestek zenbait joera nabarmendu dituzte: UPNk egungo 19 parlamentarioetatik gutxienez bi eta gehienez sei galduko dituela, Geroa Baik eta Bilduk hamarna inguru lor ditzaketela, PSN hortik behera geratuko dela eta Ezkerrak eta PPk hiruna-edo eurenganatuko dituztela. Podemos-en fenomenoak taula hori aldatzerakoan zer nolako eragina izango duen luze aztertuta zehatz jakitea falta da baina, edonola ere, euren burua balizko agertoki horretan irudikatze hutsak hotzikarak eta urduritasuna eragin ditu erregionalisten artean.
UPNren muineko eskemak zaharkituta daude, dagoeneko. ETAk borroka armatua behin betiko baztertu eta ezker abertzaleak Nafarroaren etorkizuna bertan erabaki behar dela onartu ostean, Euskal Autonomia Erkidegoak irentsiko dituen mamua baliatzen jarraitzeak ez die aspaldi bateko etekinik emango. Iraganeko obsesioak etorkizunera proiektatzen tematzeak paranoia politikora eta barregarri samar bihurtzera eraman ditzake, eta solaskide politiko eraginkorrik gabe geratzera. PSNk, aldiz, bidean galdutako sinesgarritasuna berreskuratzeari ekin beharko dio, Nafarroako gaiak bertan erabakitzen direla behin eta berriz harro aldarrikatu eta gero, eurei dagokienez, afera nagusietan, azken hitza eta erabakia Batzorde Federalak izan baitu, Madrildik. Eta Bilduko ezker abertzalearen zatiak, koalizioko gehiengoak beraz, hitzez haratago, ia atzora arteko inposizio nahiak erabat baztertuta, nafarren borondatera egokituko dela eta lehia politikorako oinarri izango duela praktikan erakutsi behar du.
Nafarroa nafarrek nahi dutena izan behar da. Ez dago printzipio hori urratu eta beste inondik menpean hartzerik, baina ezta estatu arrazoi blindatuaren eskuetan dagoen txotxongilo izaterik ere. Foru erkidegoaren estatusaren inguruan azken hiru hamarkadatan lepoa emanda bizi izan diren kultura politikoek hausnarketa prozesu sakona bultzatu behar lukete, aurrera begirako urratsak egiteko, harresiak apurtzeko. Gaur egun dagoenari modu integratzaileagoan eusteko, erdibideak bilatzeko edo Espainiako Konstituzioaren laugarren xedapen iragankorrak dioenari atxikitzeko. Aukera guztiek jarraitu behar dute zabalik, bertako herritarren nahietara modu dinamikoan zein hobeto egokituko. Aniztasunaren lurraldean espazio gutxi eman zaio orain arte aniztasunari, Nafarroa kolore bakarrekoa bailitzan. Baina ostadarra dator, geraezin.

Azaroaren 17an elcorreo.com-en argitaratua

Estatututik Estatura

Kataluniakoa arazo politiko sakona da, ebazpen judizialen bitartez konpondu ezinezkoa, eta Espainiaren etorkizuneko egiturari buruzko erabaki ausartak beharko dira irtenbideak bilatzeko.
Hilabete luzetan Espainiako Gobernua eta Kataluniako Generalitatea elkarren artean purrustadaka ibili ondoren, atzo egindako galdeketa ez da ezeren hasiera ez amaiera. ‘Prozesua’ deitu dutenak aurrera jarraituko du eta tentsio politikoa ez da baretuko. Rajoyren exekutiboaren eskariz, Auzitegi Konstituzionalak bi deialdi utzi zituen bertan behera: bata, jatorrizkoa, dekretu bidezkoa, irailaren 29an, eta bestea, askoz mugatuagoa eta kutsu instituzional gutxiagokoa, aurreko asteazkenean. Hala ere, ahal izan den eran, kataluniar askok eta askok euren etorkizunaren inguruko iritzia eman dute azaroaren 9an, eta lehia juridikoak ez du, inondik inora, sakoneko arazo politikoa konpondu, gaiztotu baizik.
Demokrazia berreskuratu zenez geroztik, hiru hamarkadatan zehar CiUk eta Kataluniako gobernu ezberdinek ez dute independentziaren aldeko jarrerarik azaldu. Espainian zegokien tokia lortu nahia aldarrikatu zuten behin baino gehiagotan, eta PSOEren zein PPren gobernuei babesa eman zieten sarritan. Hala ere, finantziazio mailan eta bertako kulturari eta hizkuntzari eskaini beharreko babesa blindatzeko oztopoei zegokienean, gero eta deserosoago agertu dira Kataluniako agintariak azken urteotan, nazionalistak izan zein ez izan. Besteak beste, arlo horietan eta nazio izaerari buruzkoetan aspaldi antzemandako gabeziei erantzun politikoa eman nahian, Estatutu berria landu eta adostu zuen gehiengo zabal batek 2006an, 1979koa gainditzeko. Gorteek baiezkoa eman zioten, eta baita kataluniarrek erreferendumean berretsi ere, abstentzio handi batekin izan arren. Dena den, PPk Auzitegi Konstituzionalera jo zuen, gerora aurkeztuko ziren zazpi helegiteetako batekin, politikoki esanguratsuenarekin, eta 2010ean goi erakundeak Estatutuaren hamalau atal baliogabetu zituen, hitzaurreko nazio kontzeptua ere mami juridiko barik utziz. Erabaki horrek haserre bizia eragin zuen Kataluniako gehiengo politiko eta sozialean. Adostasunaren bidea itxi, eta gatazkarena zabaldu zen.
Ondoren, eragile sozialek bultzatuta hasieran, gehiengo politiko baten babesarekin gero, Estatutuaren bidea bazter utzi eta subiranotasunaren aldeko prozesu bati ekiteko asmoa joan da nagusitzen. Independentziaren aldeko hautua egin da, argi eta garbi, eta Generalitateak deituta atzo egitekoa zen jatorrizko galdeketak berretsi behar zuen urrats hori. Oraingoan ere, Auzitegi Konstituzionalak mugatu du Kataluniako gehiengo politiko zabal baten asmoa. Ikuspuntu juridikotik zenbaitzuek balekotzat har dezaketenak ez du sortu den sakoneko gatazka politikoa konpontzen. Areagotu egiten du, ia atzerabueltarik gabe.
Egoera honetan PPri, ziurrenik, 2006ko Estatutua ez zaio hain irentsi ezinezkoa irudituko. Kataluniako gehiengoak onartutakoa borrokatzeko, tresna juridikoez gain, grina patriotiko makurrenak baliatu zituen orduko hartan, ezinikusiak areagotu, zubiak hautsi eta jarrerak tinkotzeraino. Zauri haiek ez dira sendatu, eta gaur egun Madrilgo gobernuan dagoen alderdiak hain arduragabe jokatu izanak kataluniar askoren artean Espainian lekurik ez duten ustea finkatu du.

Katalunia nazioa da. Estaturik gabe Europan direnen artean garrantzitsuenetakoa, maila ekonomikoan, hizkuntzari dagokionean zein beste askotan. Eta tamaina bereko ezagupen juridiko-politikoa dagokio. Bidegurutze honetan, Espainiako Estatuak bere egitura politikoa eguneratzeko, barruan dituen nazioen eskaerei erantzun ausartak emateko eta berauek irudimena baliatuz integratzeko gaitasuna duen ala ez erabaki beharko du. Ebazpen judizialek zenbait prozesu aldi batean gerarazteko balio dezakete, baina arazo politiko gordinak hor dirau. Estatu bateko nazioetako batean gehiengo zabal batek independentziari buruzko galdeketa bat gura izatea ezin da esparru judizialean konpondu. Oso sakonekoa den ezinegona adierazten du, hartzen dituen Estatuarekiko kataluniar askoren urruntasuna eta identifikazio eza, kasu honetan. Prozesu historiko horiek ez dira buruzagi politiko baten edo biren bat-bateko burutapenetatik abiatzen, zeharkako bultzada sozial erraldoia behar baitute. Konponbideak bilatzeko, baleude, hori ondo barneratu behar da. Kataluniak bestelako erantzunak behar eta merezi ditu.

Azaroaren 10ean elcorreo.com-en argitaratua.