miércoles, diciembre 02, 2015

Galderez eta erantzunez

Parisko atentatuek eragindako samina eta dolua galdera ikurrez beteta heldu dira, basakeria itsuenari aurre egin ezinean. Erantzun zuzenak aukeratzean datza sustraietara jo eta aurrera begira honelakoak eragozteko edozein aukera.
Zur eta lur dago Europa hil honen 13az geroztik. Frantziako hiriburuko atentatu zitalek egiazko bihurtu dituzte amesgaizto ankerrenak. Ez da Batasunean honelako zerbait jazotzen den lehen aldia, atentatu odoltsuen oihartzuna oso atzetik baitator, gutxienez 2004an Madrilen pairatutakoetatik eta hurrengo urtean Londresen gertatu zirenetatik. 193 lagun erail zituzten lehenetan eta 56 izan ziren bigarreneko lau eztandetan zendutakoak. Ostean, tarteka, ezkutuko arrisku horren agerraldiek ekarri dizkiete gogora europarrei erlijio islamiarra baliatuta indarkeria makurrena baliatzeko prest dauden talde ezberdinen asmoak. Baina askoz gehiago izan dira kanpoan gertatu direnak, bertokoak baino. Iritzi publikoari ia oharkabean joan zaizkion arren, jatorri bereko taldeek ehun bat lagun hil zituzten Turkian urriaren 10ean eta beste 40tik gora Beiruten Pariskoen bezperan. Gainera, Egiptotik abiatzerakoan lehergailu batekin eroriarazitako hegazkin errusiarrean 224 izan ziren biktimak urriaren 31n. Ez da, beraz, Europako Batasunari bakarrik eragiten dion arazoa, izaera globalagoa eta konplexuagoa duena baino. Halakoxea izan beharko du erantzunak ere, arrunkeria orotik ahalik eta urrunenekoa.
Atentatuen egileak erlijio jakin baten izenean aritzeak ezin du horren aurkako iritzi olderik bultzatu. Daesh deritzan taldeak musulmandarrak hil ditu batik bat, bere muturreko jokabideekin bat ez datorren edonor baitu etsai. Mende asko atzeragoko ustezko gizarte eredu idealizatua berpiztu guran dabiltzanen eldarnioek ez dute bestelako bereizketarik egiten. Gizakiari balio oro ukatzen diote, eta zer esanik ez norbanakoen eskubideei. Alde horretatik, Frantziako Iraultzaren sasoiko Gizakiaren eta Herritarren Adierazpenaren eta horren ondorengoen ezin aurkakoagoak dira, oinarri-oinarrizko eskubideak txikitzeko prest baitaude. Gutxiengo etniko eta erlijiosoen aurkako jazarpen izugarria burutu dute menpeko hartutako lurraldeetan eta homosexualak, esaterako, teilatuetatik behera bultzatuta hil dituzte, emakumeen berezko eskubideak indarrez zapaltzen zituzten aldi berean. Jokabide horiek zehazten dute zer nolakoa den aurrean dagoena, eta ñabarduraz bete beharko lituzkete arazoaren jatorriari eta izaerari buruzko hausnarketak.
Badira, hala ere, gertatutakoen ostean ezinbestekoak diren ariketak. Horietako bat jatorri musulmandarreko komunitateen integrazio ereduarekin lotuta dago, nahitaez. Europaren bihotzean jaiotakoak Pariskoak eta antzekoak egiteko gai direnean, badago huts egiten ari den zerbait. Identitate mailan, hezkuntzarenean, lan aukerenean eta bestelako askotan. Horiei behingoz heltzea oso garrantzitsua da, getizazio prozesuak eragotzi eta elkar ezagutza eta espazio partekatuak indartzeko. Horrekin batera, egungo egoeran, komunitate musulmandarraren ahotsa da jazotakoen aurka ozenen entzun behar direnetakoa, deslegitimazio zereginean erabat beharrezkoak direlako, eta horrek, populismoen jomugan daudenez, hemengo gizartean dagokien lekuan kokatzen dituelako. Bertoko legediaren araberako elkarbizitza da ohikoena dagoeneko, eta hortik jo behar da aurrerakoan gero eta borondate sendoagoz.
Aldi berean, nazioartean luzaroan usteltzen utzitakoei konponbideak eman behar zaizkie, Irak, Siria eta Palestina bezalakoetan itxaropenari bidea zabaltzeko. Ezin da horien aurrean axolagabe jokatu edo barne zatiketak eta gatazkak xaxatzen etengabe jardun, bakearen aldeko eragiletzatik baino ez baitzaio eskualde horri egonkortasuna ahalbidetuko. Dena den, erantzun politikoak basapiztien antzeko jokabideak dituztenen aldarrikapenetatik bereiztu behar dira, horrelako loturek arazoa gaiztotu baizik ez dute egingo eta. Indarkeria gorriena besterik eskaintzen ez dutenekin zenbait herrialdek izandako harremanak argitzeak ere asko lagunduko luke, babesle izan dituztenak identifikatzeko.
Bitartean, segurtasunaren eta askatasunaren arteko oreka hauskorrean, bigarrena da galtzaile Batasunean aspalditik. Egia da edozein kaletan bat batean ehunka errugabe erail ditzaketenean ez dagoela besoak gurutzatuta geratzerik. Hala, hauteskunde orokorren bezperan, gertakizun odoltsuon berotan, jarrera irmoena erakusten duten alderdiek lor dezakete babes gehiago, agerikoenetaz baliatuta gibeleko hainbat ezkutatzen dituztenek. Beldurra eta ezinegona ulergarriak eta nekez saihesteko modukoak dira atentatuen egileen izugarrikeriak aintzat hartuta, baina Europako gizarteen oinarrizko ezaugarri direnetatik egin behar zaie aurre, horretantxe baitago, hain justu, bertokoaren indarra eta erasotzaileen porrotaren hazia.
Populistek eta demagogoek agerian utzi dituzte, dagoeneko, euren sasiargudio guztiak. Zibilizazioen arteko gatazka ei da oraingokoa, aniztasuna ezinezko egiten duena. Arazo konplexuei irtenbide arruntak bilatzeko tentazioak galbidera eraman ditzake gizarte osatuagoen aldeko hainbat ahalegin. Horregatik da premiazkoa politikatik horiek baztertzea, arazoei aurre eginez bizikidetza bultzatzea izan behar baita edozein alderdi arduratsuren betebehar nagusia. Baina hauteskunde kanpainak aproposak dira botoemaile askoren grinak pizteko, pedagogia egin beharrean gatazkaren dialektika baliatzeko. 
Norbanako eta talde zehatzei dagokie azken atentatuen eta antzeko beste askoren erantzunkizun oso eta bakarra, eta horiei egin behar zaie aurre, ez jatorri edo erlijio batekoei edo bestekoei. Hain oinarrizkoa dena nabarmendu beharrak lotsa ere ematen du, hiritartasun kontzeptua horrelakoetan oinarritzen delako, nahiz eta asko diren egunotakoa itxuraldatu eta eurenerako baliatu gura dutenak. Gizakia oinarri hartzen duenetik heldu behar zaio arazo honi, Europa egituratu dutenetatik, bidezidorrik eta berehalako konponbiderik gabe. Egunotako galderetako askoren erantzuna Parisen bertan dago, 1789tik.

Azaroaren 23an elcorreo.com-en argitaratua 

viernes, agosto 14, 2015

120 urte, eta sasoi betean

Eusko Alderdi Jeltzalea bere historiako momenturik gozoenetakoan dago, EAEn Jaurlaritza, Aldundiak eta hiriburuetako alkatetzak bere esku egoteaz gain, Nafarroako Gobernuan ere estrainekoz ari baita Geroa Bairen bitartez. Opari ezin hobea da 120 urte bete berri dituenarentzat.
Begoñako Larrazabal baserriko zin-egite edo hitzaldian Sabino Aranak 1893an abertzaletasuna egituratzeko asmoa zirriborrotu ostean, bi urte beranduagoko uztailaren 31n, Inazio Deunaren egunean, osatu zen ofizialki EAJ, sortzailea buru izanda. Bizkaia hartu zuen goiburu hasiera hartan, berandu baino lehen burujabetzaren aldeko aldarrikapena Euskal Herri osora zabaldu aurretik. Geroztik, jeltzaleen itzala etenik gabe handitu da. 1898an Sabino Arana bera aukeratu zuten Bizkaiko diputatu Bilboko barrutitik, eta hurrengo urtean bost zinegotzi lortu zituzten hiriburuan bertan, eta baita lehenengo alkatetza ere, Mundakakoa. Guzti horietatik gaur egunera arte hamaikatxo gorabeheraren arabera jo du aurrera EAJk, agintean zein erbestean, batuta zein zatituta. Baina abertzaletasunaren ardatz izan da beti, eta Euskal Herriko alderdi nagusia aspalditik. Sabino Aranak utzitako lekukoari beste askok eutsi diote gizaldi luze honetan, José Antonio Agirrek, Jesús María Leizaolak, Manuel Irujok, Javier Landaburuk, Juan Ajuriaguerrak, Carlos Garaikoetxeak, Xabier Arzalluzek, Jesús Insausti 'Uzturre'k, José Antonio Ardanzak, Juan José Ibarretxek eta beste hainbatek, eta euren esku daukate gaur egun Iñigo Urkulluk eta Andoni Ortuzarrek, besteak beste.
Historian zehar jazotako gertaera gazi-gozoez gaindi, EAJren ibilbideak baditu aldaketarik gabeko halako ezaugarri batzuk, nortasuna eman eta hainbat herritarren borondate politikoaren bilgune bihurtu dutenak: demokraziaren aldeko eta indarkeriaren aurkako hautu erabatekoa, naziogintza eguneroko lanarekin lotzea eta sortzetiko helburuei sekula uko ez egitea bateratzeko gaitasuna, abertzaletasuna ongizatearekin uztartzea ahalbidetu duen kudeaketa eta horri atxikitako dimentsio soziala. Euskal gizartearen gurariak eta asmoak beste edozeinek baino hobeto interpretatu, mailakatu eta osatu dituzte jeltzaleek gizalditik gorako honetan, eta horrek eman die nagusitasuna eta testuinguruen gainetiko izaera sinboliko hain berezia. 'Euzkotarren aberria Euzkadi da' dioen printzipioan egon da beti funtsa, eta ez gerrek, ez diktadurek, ez zatiketek, ez dute lortu EAJ akabatzea, herritargoan dituen sustrai ezin sakonagoek tente eutsi baitiote beti. Luzaroko legez kanporatzeek ez zuten bere sugarra itzaltzerik lortu, eta ezta abertzaletasunaren baitan zaharkitutzat eta ezdeustzat jo zutenen saiakerek ere. Alderdi politiko soila baino gehiago da alde horretatik, herri baten nortasun nazionalaren isla eta berori bideratu eta egituratzeko tresna nagusia.
Azken hauteskundeak, maiatzaren 24koak, garrantzi handikoak izan dira EAJrentzat, jasotako babesak EAEko botere instituzional nagusia eman baitio. ETAren osteko etapa historikoan ere jeltzalea alderdi abertzale bozkatuena da, eta horrek bere agenda politikoa babestu eta sendotzen du. 1986an EAren sorrera ekarri zuen zatiketaren ondorioak maila guztietan gainditu ditu dagoeneko, eta ezker abertzaleak ez du lortu ziklo honetarako hainbestetan amestutako 'sorpasso'rik. Nafarroan, Gero Baik erkidegoko sektore sozial zabalekin bat egiteko gaitasuna erakutsi du, Uxue Barkos presidentetzara eramateko bestekoa. Koalizioa EAJ baino askoz gehiago da, independiente euskaltzale askok gorpuztu baitute, baina ukaezina da jeltzaleak osagai garrantzitsuenetakoa eta egituratuena direla bere baitan eta etorkizunari begira aukera asko zabal dakizkiekeela, hango egoerara eta errealitatera egokiro moldatuz gero. PSE/PSNren eta PPren ahulezia aintzat hartuta, egungo egoera izan dituenen arteko gozoenetakoa da EAJrentzat, nahiz eta desafiorik falta ez zaion.
Behinekoena krisi ekonomikoari aurre egiten jarraitzea da. Azken hilabeteetako zifrek itxaropena ekarri dute, gordinena gaindituta egon eta datorrena hoberako izan daitekeenarena. Baina lan handia dago aurretik galdutako ongizate maila berreskuratu baino lehen, eta langabetu kopurua zegoenera berriz eramateko. Hori da lehentasuna Europa osoan, bereziki makalaldia gordinkien jasan duten herrialdeetan. Euskadik beste askok baino egoera hobean egin dio aurre gainbeherari, hainbeste urtetan osatutako sare sozial sendoari esker, baina tinko landu behar ditu susperraldia epe luzera ahalbidetzeko politikak. Horretan dihardute Jaurlaritzak eta aldundiek, eta modu bateratuan aritzeko aukera berriak mesedegarri izango zaizkie orain arteko ahaleginei.
Ekonomiaz gain, alderdi batek ezin du politika sekula bazter utzi. Eta arlo honetan badago zer egin. Indarkeriak utzitako aztarnak bideratzeko eta, ahal den neurrian, leuntzeko ekinari eutsi behar zaio, iraganak, oroimenari sekula uko egin gabe, etorkizun partekatua oztopa ez dezan. Jazotako guztiaren ezagutza sakonetik eta muturreko sentsibilitatetik jorratu behar da bide hori, biktimenganako erabateko gertutasunetik, eta horretan dihardu Bake eta Bizikidetzarako Jaurlaritzako idazkaritza nagusiak, eta baita EAJk ere alderdi modura.
Aurrera begiratze horretan, estatus politiko berria osatzen hasteko garaia da. Orain arteko esperientzietatik abiatuta, autogobernu esparrua eguneratu, babestu eta suspertzea premiazkoa da, mamitsuago egitea. Ildo horretatik, gainerako euskal lurraldeekiko lankidetzan sakontzeaz gain, kontzertu ekonomikoaren pareko hitzarmen politikoak ekar lezake hurrengo urratsa. Soseguz baina etenik gabe ekin beharko liokete euskal alderdiek guzti honetaz berba egiteari eta negoziatzeari, eta EAJren ekarpena ezinbestekoa eta erabakigarria izango da prozesu horretan.
Hain historia oparoa duenak eta hainbeste zailtasun eta arrangura arrakastaz gainditu dituenak aurreko guzti horietan ditu beti datorrenari heltzeko osagai aproposenak. Gizartearen urratsak oztopatzen edo horri bultzaka dabiltzanen gainetik, erritmo bizkorrean aurrerabidea ahalbidetzen dutenek irauten dute zutik sendoen, argi dagoenez. Corpus ideologikoa egokitzen eta oraingoratzen dakitenek, eta oinarri zaizkion funtsezko balore eta ezaugarriei inoiz uko egiten ez dietenek. Hori da 120 urterekin sasoi beteko eta aldarte onenean izateko errezeta: atzean utzitakoaz harro egotea, sasoi bakoitzekoetara moldatzen jakitea eta etorkizunari ilusioz ekitea.   

Abuztuaren 3an elcorreo.com-en argitaratua

             

miércoles, agosto 12, 2015

Lumo aldarrikatu

Historia oso esker txarrekoa izan da Lumorekin. Bizkaian zirenen artean elizaurre garrantzitsua izatetik Gernikaren abizen ahaztu antzera geratzera igaro da. Hiria bere lurretan sortu zuen Don Tellok 1366an, karratu txiki modura, zenetik zati bat kenduta. Mendeek aurrera egin ahala bere erraietatik jaiotakoa tamainakoa bihurtu zen, nondik hazi ez izateraino. Eta 1882ko urtarrilaren 8an Gernika eta Lumo azkenaren borondatearen aurka batuarazi zituzten. Ostekoa oso ezaguna da. Lehenak irentsi du bigarrena, udalerriaren izen konposatua ia funtsik gabe utzita. Lumoko lurretan bizi direnetako askok Gernikan daudela uste dute, honen jatorrizko mugak ezagutu gabe. Gernikar eta lumotar gara aldi berean eta horrek osatuago egiten gaitu. Bidegabea da bigarren zatia ahaztea, ezjakintasunez zein axolagabekeriaz. Foru hiria garelakoan dago bat baino gehiago, foruak eta hiria bateraezinak direla konturatu barik. Aldrebeskeria alde horretatik ere. Hori du txarrena historiak: askotan aipatzen dela, ezagutu ez arren. Lumorik gabe ez legoke Gernikarik, eta harro aldarrikatu behar ditugu bere izena eta dagokion izana.
Aurten jai eguna izan da San Pedrori dagokiona. Ez udalerriaren zatirik handienaren lumotartasuna aldarrikatzearren, San Roke igandez datorrelako baizik. Lumo bertako eliza ederraren inguruko mendi tontorrera mugatu da, nonbait, udaletxe zaharra Batzar Etxearen alboan zeukala eta egungo kale gehienak bertako jatorrizko lurretan daudela ahaztuta. Hala, gaur egun Lumotzat jotzen dugun horretako txoko batean egiten du Udalak urtero osoko bilkuretako bat, horretarako leku propioagoak eta gertukoagoak badaudela aintzat hartu barik. Lumoko zaindariaren egunak jai beharko luke udalerri osoan, Gernikakoaren antzera, eta lehenaren oihartzuna berea ere baden hirigunera heldu beharko litzateke.
Kontua ez da lehia zaharrak berpiztea, inondik inora. Alderantziz, Lumori dagokiona ematea besterik ez da. Gernika eta Lumo bereiztezinak dira dagoeneko, zati bien batuketa baikara, baina horren atzean dagoena ondo ezagutzea ezinbestekoa da zentzugabe ez jokatzeko. Lumo uste dugun baino askoz gehiago da, eta Gernikarekin batera Euskal Herriaren bihotza osatzen du. Ez dezagun baztertu, ahaztu, ezereztu. Ez dezagun berea izandakotik kanporatu, eta bere aztarna ezabatu. Historia egoki bideratzeko aukera egon badago eta, Lumorekin zorretan dagoenez, bada sasoia dagokion aitortza egiteko eta bere oraina eta etorkizuna benetakoa duen iraganaren osagarri egiteko. 

'Busturialdean bagabiz' aldizkarian argitaratutako artikulua

domingo, julio 12, 2015

Lepoa emanda

Bake prozesua deitutakoa usteltzeko arriskuan dago, aldeek arazoari behin betiko heltzeko borondate nahikoa erakusten ez dutelako. Ez da atzera joko, baina egungo geraldiak etorkizuna erabat baldintza dezake. ETArena bezalako fenomenoak behin betiko amaitzeko urratsak behar direla jakin beharko luke Espainiako gobernuak, eta ezker abertzaleari hartutako konpromisoekiko koherenteago eta ausartago jokatzeko eskatu behar zaio.
Hiru urte luze igaro dira ETAk behin betiko su-etena iragarri zuenetik. Eta ez zen gertatu ezker abertzaleak amestu bezala. Gizartearen aspaldi bateko arbuioak zerikusi zuzena izan zuen erabaki horretan, beste zenbait faktorerekin batera. Ezeren truke amaitu zuen bere ibilbide odoltsua erakunde armatuak, porrot egin eta gero. Hitz dotoreenekin jantzi arren, horien atzean ez zegoen ezer, errealitatea ezkutatzen saiatzeko asmoa besterik ez.
Luzaroan, ETAk, eta orohar bere inguruan antolatutako erakundeek, aukera bat baino gehiago izan zuten indarkeria etekin politikoak lortu ostean bazter uzteko. Gaur egungo parametroetatik Estatuaren eta ETAren arteko negoziazio politiko bat erabat onartezina litzatekeen arren, sasoi batean posible izan zen, indarkeriaren arazoari beste ikuspuntu batetik heltzen zitzaionean. Gai politikoak herritarren ordezkari diren alderdi politikoek baino ezin dituztela negoziatu dioen printzipioa ez zen beti hain errotuta egon. Franco hil ostean saiakera ezberdinak egin ziren ETAren jarduerari modu hitzartuan amaiera emateko, eta Aljerren egindako negoziazioa izan liteke horien arteko begibistakoena. Hor amaitu zitzaizkion etekin politiko nabarmenak lortzeko aukerak. Hortik aurrera, gero eta zailago jarri zitzaion, akaso presoentzat irtenbideren bat eta ezer gutxi gehiago. Azkenean, ezer ez. Hain azkarrak ei ziren ezker abertzaleko estrategek zulo beltzera eraman zuten euren ikuspuntutik zilegizkoa zen urte askotako borroka politiko-militarra.
Espainiako gobernuak ondo daki indarkeriari dagokionez irabazi egin duela. Eta horregatik ez du urratsik egin nahi. Ezker abertzaleari mesede egingo liokeela uste du, eta PPren ohiko botoemaileek ez lioketela barkatuko. Oker dabil, bakea betiko egonkortzea gizarte osoarentzat baita balore ezin positiboagoa. Baina aurrera egiteko, ETAk eta Sortuk askoz ausartago jokatu beharko lukete, orain ere kalkulu antzuetan galduta ibili beharrean. Desarmearena eta presoena konpondu bako arazoak dira oraindik eta luze jo dezake horiek bideratzeak.
Terrorismoarekin amaitzeko prozesuak oso konplexuak eta korapilatsuak izan ohi dira beti. Atzean utzitako saminak oztopatzen du etorkizuna eraikitzeko egin beharrekoa. Eta aldi berean, hori gainditzen ez den bitartean ezin izaten da behingoz moztu iragan tragikoarekiko lotura. Geratzerik ez dagoen gurpila izan daiteke, neurri eraginkorrak eta borondate politikoa konbinatzen hasten ez diren bitartean. Desarme prozesua gauzatzeko interesa izan behar luke Rajoyren gobernuak, etorkizunerako bermerik onena delako. ETAk ez du solaskiderik aurkitzen beste aldean, eta armak emateko gogo gehiegi ere ez zaio nabaritzen, egia esan. Beharbada 2016ra begira dago, PPk boterea galduz gero aukera hobeak izango dituelakoan. Baina nazioarteko testuinguruak bere aurka jotzen du, Parisko atentatuen ostean, eta 2001eko irailetik aurrera oso nabarmena den prozesuaren baitan, honelako fenomenoek ez baitute inon oxigenorik lortuko.
Presoen arazoa askoz zailagoa da bideratzeko. Urratutako giza eskubideak aintzat hartu eta autokritika egin beharko dute lehenik, beste inoren keinuen zain egon barik. Legez dagokiena eman behar zaie, zalantzarik gabe, hiltzailerik ankerrena ere eskubideen jabe delako gizarte demokratiko batean. Sakabanaketarekin amaitu behar da, gaixo dauden presoen egoerari irtenbideak bilatu eta legea akordeoi baten antzera erabiltzeari utzi. Gainerakoan, gaizki egindakoen aitorpena eskatzen du gizarteak. Ez Espainiako gobernuak edo Estatuak. Ez. Euskal gizartea da horren zain dagoena. Zortziehundik gora lagun hil dituztenek tamaina bereko aitorpen autokritikoa egin behar dute. Aitzakiarik gabe, oinarri-oinarrizko giza eskubideen zapalketa ikaragarria utzi baitute atzean. Horrek giroa hobetuko luke eta, beharbada, urratsak egiten lagundu.
ETArena bezalako fenomenoak modu ordenatuan amaitzen ez direnean, arazo ugari sortzeko arriskua geratzen da mahai gainean. Espainiako gobernuak ondo daki, eta ez litzateke beste inora begira geratu behar. Arazoari heldu behar dio, ahalik eta alderdi politiko gehienen babesarekin, etapa ezin ilunago hau behin betiko atzean uzteko asmoz. Aldi berean, ezker abertzaleak argi izan behar du egindako adierazpenekin koherentea izatea eskatzen zaiola, hartutako konpromisoak muturreraino eramatea. Beste askotan egin duen legez, orain ere testuinguru politiko egokienaren zain dagoela ematen du, ahalik eta urrats gutxien eginda ziklo hau amaitu ahal izateko tentazioarekin.
Egoera honetan, bereziki interesgarria da Jonan Fernandezen lidergopean Eusko Jaurlaritza egiten ari den lana. Aurrera jotzeko katalizatzaile lana, nolabait. Espainiako gobernuak ez dio jaramon handirik egiten, eta ezker abertzalearen gustoko ere ez da, argi dagoenez. Baina bide hori da, zalantza barik, euskal gizartean babes gehien duena. Jaurlaritzak ez ditu Rajoyren tresnak egoerari aurre egin ahal izateko, baina asko egin dezake maila politikoan eta sozialean. Arriskurik handiena egoera usteltzen uztea da. Hori jazoko balitz gizarte osoa izango litzateke kaltetuena. Behin betiko konponbiderako dinamikak bultzatu behar dira, giza eskubideen iraganeko urraketa guztien aitortzarekin, oinarri demokratikoekiko konpromiso sakonarekin eta etorkizun konpartitua eraikitzeko borondatearekin.

elcorreo-com-en argitaratua    

Batuz biderkatu

Hiru bosturteko luze erabat urrunduta eman ondoren, EAJk eta PSE-EEk koalizio gobernuak osatu dituzte berriz, oraingoan foru aldundietan eta udaletan. Ez da unean uneko hitzarmen politiko soila, sakoneko akordioetarako bidean lehen urratsa izan daitekeena baino.
Denbora ez doa alperrik, ezta alderdi politikoentzat ere. Duela 30 urte jeltzaleen eta sozialisten artean abiatutako lankidetzak ez zuen gaur egungoaren antzik, baina etapa hartan elkarren eskutik lortutakoak Euskadiren bultzagarri izan ziren eta oraingoek ere efektu berbera behar lukete. Egoera politikoa arras ezberdina da. Ordukoan EAJ bere zatiketak harrapatuta zegoen, ahulduta, alderditik alde egiten ari zirenen aldetik zahartzat jota. Garaikoetxea lehendakariaren eta Xabier Arzalluzen hiperlidergoen talkak haustura eragin zuen, euskal abertzaletasun instituzionala bere historiako egoerarik larrienetakora eramanda. Sozialistek, aldiz, Felipe Gonzálezen gobernuaren lehen urteetako olatu gainean jarraitzen zuten, nahiz eta Euskadin benetako alternatiba izatetik urrun egon. Elkarren beharrez egin zuten topo, neurri batean, baina onerako izan zen. Krisi ekonomikoak eta bere eskutik heldutako birmoldaketek funtsezko izandako zenbait sektore astindu zituzten, langabezia tasa jasanezin eginez. Autogobernua edukiz betetzen hasi berria zen eta tamaina horretako desafioen aurreko bere eraginkortasuna frogatu behar zuen. José Antonio Ardanza lehendakari aukeratu berria, Arzalluz bera eta EAJ osoa ez ziren kikildu eta PSErekin batera ekin zioten egoera bestelakotzeari. Hurrengo urteetan, Jon Azua, Juan José Ibarretxe, Juan Ramón Guevara, Ramón Jáuregui eta Jaurlaritzako beste hainbat kide ezinbesteko pieza izan ziren helburu hori gauzatu eta Euskadiri beste itxura bat emateko. Orduan ere hainbatek kritikatu zituzten Ardanzaren gobernuak, kudeaketa ekonomikoak eta sozialak naziogintzarekin zerikusirik ez zutelakoan edo. Indarkeriak errukirik gabe kolpatzen zuen garai hartan horixe zen benetan Euskadiren premiarik larriena: hainbat arlotan berriz zutik jartzea, zutabe ekonomikoak berreginez eta autogobernua ongizatearen sinonimo bihurtuz. Eta, zailtasun erraldoiei aurre egin arren, lortu zen. EAJ-PSE lankidetza politikoak egin zuen posible, eta ez da berandu Ardanza lehendakariari merezi duen aitortza egiteko, bere agintaldia erabakigarria izan baitzen gerora bizitako oparotasuna ahalbidetzeko, nahiz eta sozialistek, Espainiako Gobernutik, Estatutuaren zenbait parte garrantzitsu betetzeko ahalegin handirik egin ez.
Gero gerokoak etorri ziren, bakegintzari eta esparru berri bati begirako urruntasunak eraginda. Hamabost urteko gorabehera askoren ondoren, EAJk eta PSE-EEk aspaldiko gertutasuna berreskuratzeko asmoari ekin diote. ETA iraganeko aztarna da jada, nahiz eta bere jarduera armatuarekin lotutako hainbat arazo konpontzeke egon. Jeltzaleek 1986ko zatiketa ia erabat gainditu dute, EAkoak izandako boto gehien-gehienak bere inguruan berriz bilduta. Urkullu lehendakariaren lidergoa sendoa da, serioa, errespetatua, itzal luzekoa. Andoni Ortuzarrekin tandem eraginkorra osatzen du, maila instituzionala eta alderdikoa ezin hobeto uztartuta. Maiatzaren 24ko hauteskundeetako emaitzek erakutsi dutenez, EAJk ez du 'ohiko' alderdien higatze prozesurik jasan, sasoi beteko baitago berriz. Sozialistek, aldiz, Zapateroren osteko makalaldia gainditu ezinik jarraitzen dute, ezkerreko alderdi berrien konpetentziari eutsi guran eta corpus ideologikoa eguneratu eta horrekin koherente izateko beharrean. Bien arteko batuketa aritmetikak agintzen duena baino aberatsagoa da. ETAren osteko agertokian ere, EAJ da abertzaletasunaren baitango alderdi nagusia eta bere agendak eta lehentasunek EH Bildurenak baino dezente babes handiagoa dute euskal gizartean. Ez da abiapuntu makala aurrera begirako apustuak egiteko. Ahul egon arren, sozialistak esparru ez abertzalearen ardatz dira oraindik eta akordio estrukturalak lortzeko garrantzi handikoak dira, ia ezinbestekoak.
Foru aldundi eta udal mailan egiten ari diren lehen urratsek askoz urrunago eraman ditzakete bi alderdiak. Zulo ekonomikotik behin betiko irten eta bestelako errealitatea egonkortzea da desafio nagusietakoa, baina ez dira beste batzuk ere bazter utzi behar: bakegintza eta berradiskidetze prozesua bururaino eramatea batetik, eta etorkizuneko autogobernu esparruaren nondik norakoak zehazten hastea bestetik. Batean zein bestean behar-beharrezkoa izango da EH Bilduren eta PPren parte hartzea, baina euskal gizartea bera eta erakunde nagusietako asko bideratzeko sortutako ardatz politiko berriak asko lagun dezake prozesu horiek dinamizatzen, katalizatzen eta edukiz betetzen. Horrek ez du esan nahi aldeek euren azken xedeei uko egiten dietenik, inondik inora. Baina naziogintza gaur egungo errealitatetik burutu behar da, lankidetzatik, ezberdinen arteko eskuhartzetik, konplizitate berriak bilatzetik. EAEn zabal daitezkeen aukerek eta Nafarroako aldaketek orain artekoarekiko molde berriko etorkizuna egin dezakete posible. Euskaltzalegoak, zentzurik zabal, abegikor eta harkorrenean, naziotasuna indartu dezake eguneroko lanetik, egitasmo erakargarri eta anitzetik. Euskal Herriak, bere historiaren eta beste hainbat baldintzaren eraginez, irudimena eskatzen du itxura hartzeko, urrunekoak gerturatzeko, errealitate ezberdinak osagarri egiteko. EAJri dagokio prozesu horren lidergoa, baina beste askorekin jardun beharko du gero eta nazioago izateko, hautsi ez eta aukera berriak mamitzeko. Sozialistei zirt edo zart barik agian zirt eta zart egitea dagokie, egungo euskal gizartearen hainbat errealitatetik at ez geratzeko. Inork ez du espero abertzale bihurtuko direnik, baina aipatutako irudimena baliatuta jarrera ausartago eta proaktiboagoak izan ditzakete euskal auziari konponbideak bilatzeko ahaleginean. EAJk eta PSE-EEk kudeaketa soiletik haratago joan beharko lukete, bion batuketak berriz biderkatzeko aukera eman eta ate berriak zabal ditzan.

Uztailaren 6an elcorreo.com-en argitaratua