domingo, julio 12, 2015

Batuz biderkatu

Hiru bosturteko luze erabat urrunduta eman ondoren, EAJk eta PSE-EEk koalizio gobernuak osatu dituzte berriz, oraingoan foru aldundietan eta udaletan. Ez da unean uneko hitzarmen politiko soila, sakoneko akordioetarako bidean lehen urratsa izan daitekeena baino.
Denbora ez doa alperrik, ezta alderdi politikoentzat ere. Duela 30 urte jeltzaleen eta sozialisten artean abiatutako lankidetzak ez zuen gaur egungoaren antzik, baina etapa hartan elkarren eskutik lortutakoak Euskadiren bultzagarri izan ziren eta oraingoek ere efektu berbera behar lukete. Egoera politikoa arras ezberdina da. Ordukoan EAJ bere zatiketak harrapatuta zegoen, ahulduta, alderditik alde egiten ari zirenen aldetik zahartzat jota. Garaikoetxea lehendakariaren eta Xabier Arzalluzen hiperlidergoen talkak haustura eragin zuen, euskal abertzaletasun instituzionala bere historiako egoerarik larrienetakora eramanda. Sozialistek, aldiz, Felipe Gonzálezen gobernuaren lehen urteetako olatu gainean jarraitzen zuten, nahiz eta Euskadin benetako alternatiba izatetik urrun egon. Elkarren beharrez egin zuten topo, neurri batean, baina onerako izan zen. Krisi ekonomikoak eta bere eskutik heldutako birmoldaketek funtsezko izandako zenbait sektore astindu zituzten, langabezia tasa jasanezin eginez. Autogobernua edukiz betetzen hasi berria zen eta tamaina horretako desafioen aurreko bere eraginkortasuna frogatu behar zuen. José Antonio Ardanza lehendakari aukeratu berria, Arzalluz bera eta EAJ osoa ez ziren kikildu eta PSErekin batera ekin zioten egoera bestelakotzeari. Hurrengo urteetan, Jon Azua, Juan José Ibarretxe, Juan Ramón Guevara, Ramón Jáuregui eta Jaurlaritzako beste hainbat kide ezinbesteko pieza izan ziren helburu hori gauzatu eta Euskadiri beste itxura bat emateko. Orduan ere hainbatek kritikatu zituzten Ardanzaren gobernuak, kudeaketa ekonomikoak eta sozialak naziogintzarekin zerikusirik ez zutelakoan edo. Indarkeriak errukirik gabe kolpatzen zuen garai hartan horixe zen benetan Euskadiren premiarik larriena: hainbat arlotan berriz zutik jartzea, zutabe ekonomikoak berreginez eta autogobernua ongizatearen sinonimo bihurtuz. Eta, zailtasun erraldoiei aurre egin arren, lortu zen. EAJ-PSE lankidetza politikoak egin zuen posible, eta ez da berandu Ardanza lehendakariari merezi duen aitortza egiteko, bere agintaldia erabakigarria izan baitzen gerora bizitako oparotasuna ahalbidetzeko, nahiz eta sozialistek, Espainiako Gobernutik, Estatutuaren zenbait parte garrantzitsu betetzeko ahalegin handirik egin ez.
Gero gerokoak etorri ziren, bakegintzari eta esparru berri bati begirako urruntasunak eraginda. Hamabost urteko gorabehera askoren ondoren, EAJk eta PSE-EEk aspaldiko gertutasuna berreskuratzeko asmoari ekin diote. ETA iraganeko aztarna da jada, nahiz eta bere jarduera armatuarekin lotutako hainbat arazo konpontzeke egon. Jeltzaleek 1986ko zatiketa ia erabat gainditu dute, EAkoak izandako boto gehien-gehienak bere inguruan berriz bilduta. Urkullu lehendakariaren lidergoa sendoa da, serioa, errespetatua, itzal luzekoa. Andoni Ortuzarrekin tandem eraginkorra osatzen du, maila instituzionala eta alderdikoa ezin hobeto uztartuta. Maiatzaren 24ko hauteskundeetako emaitzek erakutsi dutenez, EAJk ez du 'ohiko' alderdien higatze prozesurik jasan, sasoi beteko baitago berriz. Sozialistek, aldiz, Zapateroren osteko makalaldia gainditu ezinik jarraitzen dute, ezkerreko alderdi berrien konpetentziari eutsi guran eta corpus ideologikoa eguneratu eta horrekin koherente izateko beharrean. Bien arteko batuketa aritmetikak agintzen duena baino aberatsagoa da. ETAren osteko agertokian ere, EAJ da abertzaletasunaren baitango alderdi nagusia eta bere agendak eta lehentasunek EH Bildurenak baino dezente babes handiagoa dute euskal gizartean. Ez da abiapuntu makala aurrera begirako apustuak egiteko. Ahul egon arren, sozialistak esparru ez abertzalearen ardatz dira oraindik eta akordio estrukturalak lortzeko garrantzi handikoak dira, ia ezinbestekoak.
Foru aldundi eta udal mailan egiten ari diren lehen urratsek askoz urrunago eraman ditzakete bi alderdiak. Zulo ekonomikotik behin betiko irten eta bestelako errealitatea egonkortzea da desafio nagusietakoa, baina ez dira beste batzuk ere bazter utzi behar: bakegintza eta berradiskidetze prozesua bururaino eramatea batetik, eta etorkizuneko autogobernu esparruaren nondik norakoak zehazten hastea bestetik. Batean zein bestean behar-beharrezkoa izango da EH Bilduren eta PPren parte hartzea, baina euskal gizartea bera eta erakunde nagusietako asko bideratzeko sortutako ardatz politiko berriak asko lagun dezake prozesu horiek dinamizatzen, katalizatzen eta edukiz betetzen. Horrek ez du esan nahi aldeek euren azken xedeei uko egiten dietenik, inondik inora. Baina naziogintza gaur egungo errealitatetik burutu behar da, lankidetzatik, ezberdinen arteko eskuhartzetik, konplizitate berriak bilatzetik. EAEn zabal daitezkeen aukerek eta Nafarroako aldaketek orain artekoarekiko molde berriko etorkizuna egin dezakete posible. Euskaltzalegoak, zentzurik zabal, abegikor eta harkorrenean, naziotasuna indartu dezake eguneroko lanetik, egitasmo erakargarri eta anitzetik. Euskal Herriak, bere historiaren eta beste hainbat baldintzaren eraginez, irudimena eskatzen du itxura hartzeko, urrunekoak gerturatzeko, errealitate ezberdinak osagarri egiteko. EAJri dagokio prozesu horren lidergoa, baina beste askorekin jardun beharko du gero eta nazioago izateko, hautsi ez eta aukera berriak mamitzeko. Sozialistei zirt edo zart barik agian zirt eta zart egitea dagokie, egungo euskal gizartearen hainbat errealitatetik at ez geratzeko. Inork ez du espero abertzale bihurtuko direnik, baina aipatutako irudimena baliatuta jarrera ausartago eta proaktiboagoak izan ditzakete euskal auziari konponbideak bilatzeko ahaleginean. EAJk eta PSE-EEk kudeaketa soiletik haratago joan beharko lukete, bion batuketak berriz biderkatzeko aukera eman eta ate berriak zabal ditzan.

Uztailaren 6an elcorreo.com-en argitaratua



No hay comentarios: