domingo, julio 12, 2015

Lepoa emanda

Bake prozesua deitutakoa usteltzeko arriskuan dago, aldeek arazoari behin betiko heltzeko borondate nahikoa erakusten ez dutelako. Ez da atzera joko, baina egungo geraldiak etorkizuna erabat baldintza dezake. ETArena bezalako fenomenoak behin betiko amaitzeko urratsak behar direla jakin beharko luke Espainiako gobernuak, eta ezker abertzaleari hartutako konpromisoekiko koherenteago eta ausartago jokatzeko eskatu behar zaio.
Hiru urte luze igaro dira ETAk behin betiko su-etena iragarri zuenetik. Eta ez zen gertatu ezker abertzaleak amestu bezala. Gizartearen aspaldi bateko arbuioak zerikusi zuzena izan zuen erabaki horretan, beste zenbait faktorerekin batera. Ezeren truke amaitu zuen bere ibilbide odoltsua erakunde armatuak, porrot egin eta gero. Hitz dotoreenekin jantzi arren, horien atzean ez zegoen ezer, errealitatea ezkutatzen saiatzeko asmoa besterik ez.
Luzaroan, ETAk, eta orohar bere inguruan antolatutako erakundeek, aukera bat baino gehiago izan zuten indarkeria etekin politikoak lortu ostean bazter uzteko. Gaur egungo parametroetatik Estatuaren eta ETAren arteko negoziazio politiko bat erabat onartezina litzatekeen arren, sasoi batean posible izan zen, indarkeriaren arazoari beste ikuspuntu batetik heltzen zitzaionean. Gai politikoak herritarren ordezkari diren alderdi politikoek baino ezin dituztela negoziatu dioen printzipioa ez zen beti hain errotuta egon. Franco hil ostean saiakera ezberdinak egin ziren ETAren jarduerari modu hitzartuan amaiera emateko, eta Aljerren egindako negoziazioa izan liteke horien arteko begibistakoena. Hor amaitu zitzaizkion etekin politiko nabarmenak lortzeko aukerak. Hortik aurrera, gero eta zailago jarri zitzaion, akaso presoentzat irtenbideren bat eta ezer gutxi gehiago. Azkenean, ezer ez. Hain azkarrak ei ziren ezker abertzaleko estrategek zulo beltzera eraman zuten euren ikuspuntutik zilegizkoa zen urte askotako borroka politiko-militarra.
Espainiako gobernuak ondo daki indarkeriari dagokionez irabazi egin duela. Eta horregatik ez du urratsik egin nahi. Ezker abertzaleari mesede egingo liokeela uste du, eta PPren ohiko botoemaileek ez lioketela barkatuko. Oker dabil, bakea betiko egonkortzea gizarte osoarentzat baita balore ezin positiboagoa. Baina aurrera egiteko, ETAk eta Sortuk askoz ausartago jokatu beharko lukete, orain ere kalkulu antzuetan galduta ibili beharrean. Desarmearena eta presoena konpondu bako arazoak dira oraindik eta luze jo dezake horiek bideratzeak.
Terrorismoarekin amaitzeko prozesuak oso konplexuak eta korapilatsuak izan ohi dira beti. Atzean utzitako saminak oztopatzen du etorkizuna eraikitzeko egin beharrekoa. Eta aldi berean, hori gainditzen ez den bitartean ezin izaten da behingoz moztu iragan tragikoarekiko lotura. Geratzerik ez dagoen gurpila izan daiteke, neurri eraginkorrak eta borondate politikoa konbinatzen hasten ez diren bitartean. Desarme prozesua gauzatzeko interesa izan behar luke Rajoyren gobernuak, etorkizunerako bermerik onena delako. ETAk ez du solaskiderik aurkitzen beste aldean, eta armak emateko gogo gehiegi ere ez zaio nabaritzen, egia esan. Beharbada 2016ra begira dago, PPk boterea galduz gero aukera hobeak izango dituelakoan. Baina nazioarteko testuinguruak bere aurka jotzen du, Parisko atentatuen ostean, eta 2001eko irailetik aurrera oso nabarmena den prozesuaren baitan, honelako fenomenoek ez baitute inon oxigenorik lortuko.
Presoen arazoa askoz zailagoa da bideratzeko. Urratutako giza eskubideak aintzat hartu eta autokritika egin beharko dute lehenik, beste inoren keinuen zain egon barik. Legez dagokiena eman behar zaie, zalantzarik gabe, hiltzailerik ankerrena ere eskubideen jabe delako gizarte demokratiko batean. Sakabanaketarekin amaitu behar da, gaixo dauden presoen egoerari irtenbideak bilatu eta legea akordeoi baten antzera erabiltzeari utzi. Gainerakoan, gaizki egindakoen aitorpena eskatzen du gizarteak. Ez Espainiako gobernuak edo Estatuak. Ez. Euskal gizartea da horren zain dagoena. Zortziehundik gora lagun hil dituztenek tamaina bereko aitorpen autokritikoa egin behar dute. Aitzakiarik gabe, oinarri-oinarrizko giza eskubideen zapalketa ikaragarria utzi baitute atzean. Horrek giroa hobetuko luke eta, beharbada, urratsak egiten lagundu.
ETArena bezalako fenomenoak modu ordenatuan amaitzen ez direnean, arazo ugari sortzeko arriskua geratzen da mahai gainean. Espainiako gobernuak ondo daki, eta ez litzateke beste inora begira geratu behar. Arazoari heldu behar dio, ahalik eta alderdi politiko gehienen babesarekin, etapa ezin ilunago hau behin betiko atzean uzteko asmoz. Aldi berean, ezker abertzaleak argi izan behar du egindako adierazpenekin koherentea izatea eskatzen zaiola, hartutako konpromisoak muturreraino eramatea. Beste askotan egin duen legez, orain ere testuinguru politiko egokienaren zain dagoela ematen du, ahalik eta urrats gutxien eginda ziklo hau amaitu ahal izateko tentazioarekin.
Egoera honetan, bereziki interesgarria da Jonan Fernandezen lidergopean Eusko Jaurlaritza egiten ari den lana. Aurrera jotzeko katalizatzaile lana, nolabait. Espainiako gobernuak ez dio jaramon handirik egiten, eta ezker abertzalearen gustoko ere ez da, argi dagoenez. Baina bide hori da, zalantza barik, euskal gizartean babes gehien duena. Jaurlaritzak ez ditu Rajoyren tresnak egoerari aurre egin ahal izateko, baina asko egin dezake maila politikoan eta sozialean. Arriskurik handiena egoera usteltzen uztea da. Hori jazoko balitz gizarte osoa izango litzateke kaltetuena. Behin betiko konponbiderako dinamikak bultzatu behar dira, giza eskubideen iraganeko urraketa guztien aitortzarekin, oinarri demokratikoekiko konpromiso sakonarekin eta etorkizun konpartitua eraikitzeko borondatearekin.

elcorreo-com-en argitaratua    

No hay comentarios: