Eusko Alderdi Jeltzalea bere historiako momenturik gozoenetakoan dago, EAEn Jaurlaritza, Aldundiak eta hiriburuetako alkatetzak bere esku egoteaz gain, Nafarroako Gobernuan ere estrainekoz ari baita Geroa Bairen bitartez. Opari ezin hobea da 120 urte bete berri dituenarentzat.
Begoñako Larrazabal baserriko zin-egite edo hitzaldian
Sabino Aranak 1893an abertzaletasuna egituratzeko asmoa zirriborrotu ostean, bi
urte beranduagoko uztailaren 31n, Inazio Deunaren egunean, osatu zen ofizialki
EAJ, sortzailea buru izanda. Bizkaia hartu zuen goiburu hasiera hartan, berandu
baino lehen burujabetzaren aldeko aldarrikapena Euskal Herri osora zabaldu
aurretik. Geroztik, jeltzaleen itzala etenik gabe handitu da. 1898an Sabino
Arana bera aukeratu zuten Bizkaiko diputatu Bilboko barrutitik, eta hurrengo
urtean bost zinegotzi lortu zituzten hiriburuan bertan, eta baita lehenengo
alkatetza ere, Mundakakoa. Guzti horietatik gaur egunera arte hamaikatxo gorabeheraren
arabera jo du aurrera EAJk, agintean zein erbestean, batuta zein zatituta. Baina
abertzaletasunaren ardatz izan da beti, eta Euskal Herriko alderdi nagusia
aspalditik. Sabino Aranak utzitako lekukoari beste askok eutsi diote gizaldi
luze honetan, José Antonio Agirrek, Jesús María Leizaolak, Manuel Irujok, Javier
Landaburuk, Juan Ajuriaguerrak, Carlos Garaikoetxeak, Xabier Arzalluzek, Jesús
Insausti 'Uzturre'k, José Antonio Ardanzak, Juan José Ibarretxek eta beste
hainbatek, eta euren esku daukate gaur egun Iñigo Urkulluk eta Andoni
Ortuzarrek, besteak beste.
Historian zehar jazotako gertaera gazi-gozoez gaindi, EAJren
ibilbideak baditu aldaketarik gabeko halako ezaugarri batzuk, nortasuna eman
eta hainbat herritarren borondate politikoaren bilgune bihurtu dutenak: demokraziaren
aldeko eta indarkeriaren aurkako hautu erabatekoa, naziogintza eguneroko
lanarekin lotzea eta sortzetiko helburuei sekula uko ez egitea bateratzeko
gaitasuna, abertzaletasuna ongizatearekin uztartzea ahalbidetu duen kudeaketa
eta horri atxikitako dimentsio soziala. Euskal gizartearen gurariak eta asmoak
beste edozeinek baino hobeto interpretatu, mailakatu eta osatu dituzte
jeltzaleek gizalditik gorako honetan, eta horrek eman die nagusitasuna eta
testuinguruen gainetiko izaera sinboliko hain berezia. 'Euzkotarren aberria
Euzkadi da' dioen printzipioan egon da beti funtsa, eta ez gerrek, ez
diktadurek, ez zatiketek, ez dute lortu EAJ akabatzea, herritargoan dituen
sustrai ezin sakonagoek tente eutsi baitiote beti. Luzaroko legez kanporatzeek
ez zuten bere sugarra itzaltzerik lortu, eta ezta abertzaletasunaren baitan
zaharkitutzat eta ezdeustzat jo zutenen saiakerek ere. Alderdi politiko soila
baino gehiago da alde horretatik, herri baten nortasun nazionalaren isla eta
berori bideratu eta egituratzeko tresna nagusia.
Azken hauteskundeak, maiatzaren 24koak, garrantzi handikoak
izan dira EAJrentzat, jasotako babesak EAEko botere instituzional nagusia eman
baitio. ETAren osteko etapa historikoan ere jeltzalea alderdi abertzale bozkatuena
da, eta horrek bere agenda politikoa babestu eta sendotzen du. 1986an EAren
sorrera ekarri zuen zatiketaren ondorioak maila guztietan gainditu ditu
dagoeneko, eta ezker abertzaleak ez du lortu ziklo honetarako hainbestetan
amestutako 'sorpasso'rik. Nafarroan, Gero Baik erkidegoko sektore sozial
zabalekin bat egiteko gaitasuna erakutsi du, Uxue Barkos presidentetzara
eramateko bestekoa. Koalizioa EAJ baino askoz gehiago da, independiente
euskaltzale askok gorpuztu baitute, baina ukaezina da jeltzaleak osagai
garrantzitsuenetakoa eta egituratuena direla bere baitan eta etorkizunari
begira aukera asko zabal dakizkiekeela, hango egoerara eta errealitatera egokiro
moldatuz gero. PSE/PSNren eta PPren ahulezia aintzat hartuta, egungo egoera
izan dituenen arteko gozoenetakoa da EAJrentzat, nahiz eta desafiorik falta ez
zaion.
Behinekoena krisi ekonomikoari aurre egiten jarraitzea da.
Azken hilabeteetako zifrek itxaropena ekarri dute, gordinena gaindituta egon
eta datorrena hoberako izan daitekeenarena. Baina lan handia dago aurretik
galdutako ongizate maila berreskuratu baino lehen, eta langabetu kopurua
zegoenera berriz eramateko. Hori da lehentasuna Europa osoan, bereziki
makalaldia gordinkien jasan duten herrialdeetan. Euskadik beste askok baino
egoera hobean egin dio aurre gainbeherari, hainbeste urtetan osatutako sare
sozial sendoari esker, baina tinko landu behar ditu susperraldia epe luzera
ahalbidetzeko politikak. Horretan dihardute Jaurlaritzak eta aldundiek, eta
modu bateratuan aritzeko aukera berriak mesedegarri izango zaizkie orain arteko
ahaleginei.
Ekonomiaz gain, alderdi batek ezin du politika sekula bazter
utzi. Eta arlo honetan badago zer egin. Indarkeriak utzitako aztarnak bideratzeko
eta, ahal den neurrian, leuntzeko ekinari eutsi behar zaio, iraganak,
oroimenari sekula uko egin gabe, etorkizun partekatua oztopa ez dezan. Jazotako
guztiaren ezagutza sakonetik eta muturreko sentsibilitatetik jorratu behar da
bide hori, biktimenganako erabateko gertutasunetik, eta horretan dihardu Bake
eta Bizikidetzarako Jaurlaritzako idazkaritza nagusiak, eta baita EAJk ere
alderdi modura.
Aurrera begiratze horretan, estatus politiko berria osatzen
hasteko garaia da. Orain arteko esperientzietatik abiatuta, autogobernu
esparrua eguneratu, babestu eta suspertzea premiazkoa da, mamitsuago egitea. Ildo
horretatik, gainerako euskal lurraldeekiko lankidetzan sakontzeaz gain,
kontzertu ekonomikoaren pareko hitzarmen politikoak ekar lezake hurrengo
urratsa. Soseguz baina etenik gabe ekin beharko liokete euskal alderdiek guzti
honetaz berba egiteari eta negoziatzeari, eta EAJren ekarpena ezinbestekoa eta
erabakigarria izango da prozesu horretan.
Hain historia oparoa duenak eta hainbeste zailtasun eta
arrangura arrakastaz gainditu dituenak aurreko guzti horietan ditu beti
datorrenari heltzeko osagai aproposenak. Gizartearen urratsak oztopatzen edo
horri bultzaka dabiltzanen gainetik, erritmo bizkorrean aurrerabidea ahalbidetzen
dutenek irauten dute zutik sendoen, argi dagoenez. Corpus ideologikoa egokitzen
eta oraingoratzen dakitenek, eta oinarri zaizkion funtsezko balore eta
ezaugarriei inoiz uko egiten ez dietenek. Hori da 120 urterekin sasoi beteko
eta aldarte onenean izateko errezeta: atzean utzitakoaz harro egotea, sasoi
bakoitzekoetara moldatzen jakitea eta etorkizunari ilusioz ekitea.
Abuztuaren 3an elcorreo.com-en argitaratua
No hay comentarios:
Publicar un comentario