miércoles, agosto 12, 2015

Lumo aldarrikatu

Historia oso esker txarrekoa izan da Lumorekin. Bizkaian zirenen artean elizaurre garrantzitsua izatetik Gernikaren abizen ahaztu antzera geratzera igaro da. Hiria bere lurretan sortu zuen Don Tellok 1366an, karratu txiki modura, zenetik zati bat kenduta. Mendeek aurrera egin ahala bere erraietatik jaiotakoa tamainakoa bihurtu zen, nondik hazi ez izateraino. Eta 1882ko urtarrilaren 8an Gernika eta Lumo azkenaren borondatearen aurka batuarazi zituzten. Ostekoa oso ezaguna da. Lehenak irentsi du bigarrena, udalerriaren izen konposatua ia funtsik gabe utzita. Lumoko lurretan bizi direnetako askok Gernikan daudela uste dute, honen jatorrizko mugak ezagutu gabe. Gernikar eta lumotar gara aldi berean eta horrek osatuago egiten gaitu. Bidegabea da bigarren zatia ahaztea, ezjakintasunez zein axolagabekeriaz. Foru hiria garelakoan dago bat baino gehiago, foruak eta hiria bateraezinak direla konturatu barik. Aldrebeskeria alde horretatik ere. Hori du txarrena historiak: askotan aipatzen dela, ezagutu ez arren. Lumorik gabe ez legoke Gernikarik, eta harro aldarrikatu behar ditugu bere izena eta dagokion izana.
Aurten jai eguna izan da San Pedrori dagokiona. Ez udalerriaren zatirik handienaren lumotartasuna aldarrikatzearren, San Roke igandez datorrelako baizik. Lumo bertako eliza ederraren inguruko mendi tontorrera mugatu da, nonbait, udaletxe zaharra Batzar Etxearen alboan zeukala eta egungo kale gehienak bertako jatorrizko lurretan daudela ahaztuta. Hala, gaur egun Lumotzat jotzen dugun horretako txoko batean egiten du Udalak urtero osoko bilkuretako bat, horretarako leku propioagoak eta gertukoagoak badaudela aintzat hartu barik. Lumoko zaindariaren egunak jai beharko luke udalerri osoan, Gernikakoaren antzera, eta lehenaren oihartzuna berea ere baden hirigunera heldu beharko litzateke.
Kontua ez da lehia zaharrak berpiztea, inondik inora. Alderantziz, Lumori dagokiona ematea besterik ez da. Gernika eta Lumo bereiztezinak dira dagoeneko, zati bien batuketa baikara, baina horren atzean dagoena ondo ezagutzea ezinbestekoa da zentzugabe ez jokatzeko. Lumo uste dugun baino askoz gehiago da, eta Gernikarekin batera Euskal Herriaren bihotza osatzen du. Ez dezagun baztertu, ahaztu, ezereztu. Ez dezagun berea izandakotik kanporatu, eta bere aztarna ezabatu. Historia egoki bideratzeko aukera egon badago eta, Lumorekin zorretan dagoenez, bada sasoia dagokion aitortza egiteko eta bere oraina eta etorkizuna benetakoa duen iraganaren osagarri egiteko. 

'Busturialdean bagabiz' aldizkarian argitaratutako artikulua

No hay comentarios: