martes, enero 26, 2016

Aho bete euskara

Ez da edonolakoa atzo laugarrenez Bilbon jazotakoa. Azkuna Zentroak 1.600 lagun inguru bildu zituen euskaraz solasteko, eguneroko erabileraren garrantziaz ohartarazteko. Udalak eta Aldundiak bat eginda ekin diote berriz, hiriburuaren euskal izaera nabarmendu eta hizkuntzaren orainean eta etorkizunean duen lehen mailako betebeharra gogora ekartzeko. Goizean hasi eta arratsaldera arte, talde txikietan banatutako hainbat lagunek denetariko gaiez egin zuten berba txandaka, mahai baten inguruan. Hain oinarrizkoa ematen duen horrek berebiziko esangura du honakoan, kalea irabazi behar baitu euskarak Bilbon. Bertakoen babesa du, eta ezagutzan ere gora doa, baina mihi-ezpainetako jarioak bermatuko dio aurrera begirako oparotasuna, hainbestetan aipatutako normalizazioa.
Duela astebete, hainbat erakundek bultzatuta eta arlo anitzeko eragileen babesa hartuta, txantxangorriaren sinbolo berria aurkeztu zen euskararen erabilerarekin estu lotuta. Lehenagokoa izan arren, Berbagunea asmo horren adierazpenetakoa da, aldarrikapen handiosoen ordez zeregin praktikoak nahiago dituena. Hori behar baitu, hain justu, euskarak. Ahalik eta gehienen ahotan dantzan jartzea izango zaio bizigarri, alperrikako goraipamenez eta denetariko teorizazioez askoz haratago. Berori erabiltzen dugun neurrian gara euskal hiztun, erlikia baten antzera gordeta izateak pultsua aurki galtzera baitarama hizkuntza, egoera begetatibora, esistitzera baina ez egotera. Eta horren gaineko ardura ez dagokio euskaldungoa ez den beste inori.
Hamaikatxo urrats egin da azken hamarkadotan, arlo guztietan. Lege aldeko aitortza aspaldikoa da jada, eta herritarren gehiengo zabalak sendo eutsi dio euskara sustatzeko apustuari. Ez inoren aurka, arrotz zitzaienei eskua luzatuta baizik. Hori da bidea, adostasunarena, batasunarena, elebitasuna ondare partekatu modura kudeatzearena. Baina bada garaia beste etapa bati ekiteko, euskara bazter guztietara eramateko, barra-barra erabiltzeko, ikur barik tresna bihurtzeko. Hori da hainbatek atzo Bilbon egin zutena, eta hori da urtean behin barik ohikoan hizkuntzak ezinbesteko duena. Bizimodua euskaraz irudikatzea, errealitatea eta ametsak euskararekin zipriztintzea, gogoan daramatzagunak adierazteko baliatzea, bakoitzaren mailan hitzen goxotasunaz elikatzea. Hizkuntza hiztunak dira, ez atzean utzitakoa. Gu geu gara, egunero, nonahi.

Urtarrilaren 22an El Correo egunkarian argitaratutakoa

No hay comentarios: