Euskal talde politikoek urrats erabakigarrietakoa egin dute etorkizuneko autogobernu eredua zehazteko bidean. Legebiltzarrean horretarako osatutako lantalderako txostenak aurkeztu berri dituzte, eztabaidarako lehen ekarpen modura.
Bakoitzak berea
agerian jartzerakoan akordioetarako aukera gutxi dagoela ematen du beti, baina
negoziazioan sakondu ahala agertzen dira elkar hurbiltzeko moduak. Bertoko
alderdi politikoek Gernikako Estatutuaren osteko sasoirako proposatzen
dituztenak urrun daude abiapuntuan. Badira betiko jarreretatik ia zentimetrorik
aurrera egin ez dutenak, baina badago bakarren bat sakon landutako proposamena zehaztu
duena. Azal soilari helduta, EAJk alde biko ituna lehenesten du; EH Bilduk, Estatu
propioa; eta PSE-EEk eta PPk, aldiz, gaur egun dagoenaren nolabaiteko erreforma
nahi dute. Hortik abiatuta, edukietan sakontzerakoan dagoen aldea ez da
kasualitatea, jeltzaleek, adibidez, 68 orrialdetan zehar jorratu baitute euren
egitasmoa eta ezker abertzalea biltzen duen koalizioak, ostera, 15 besterik ez
baititu behar izan. Xehetasunetatik eta egungo errealitatea aintzat hartzetik borondate
hutsezko gurarira dagoen jauzia adierazten du horrek.
Izan ere, bere
historian zehar estrategia politikorako erakutsi dituen dohainek ekarri dute
dagoenera Sorturen eta ingurukoen mundua, hauteskunde mailako gainbeherara eta
hainbat arazo konpontzeko modurik ez izatera, eta aurrera begira ere ez ei dute
errealitatean oinarritzeko behar besteko asmorik. EAE erabaki esparrutzat hartzen
dute, bai, eta herritarren borondatea aipatzen dute, baita, baina Estatu
propioaren sorrerak ez du posible ematen 1979az geroztiko hurrengo jauzi
honetan. Eta ez kanpoko faktoreen eraginez bakarrik, barruko askok ere ez
baitute oraingoz laguntzen. Beharbada hori jakin badakitelako ez dute zehazten
ez ibilbide orririk ez egutegirik aldebakarrekoa beharko lukeen maila horretako
asmoan.
Sozialisten eta
popularren proposamenetan orain artekoari lotzeko asmo argia dago. Lehenek,
Estatutuaren erreforma adostasunez eta egungo legedia errespetatuz gauzatu nahi
dute, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote autogobernua eguneratzeari buruzko
proiektu zehatza lantzea. Konstituzioa ildo federalera eramateko asmotan
dabiltza, estatutuetako eskumenak blindatzeko eta erkidegoei bermeak
eskaintzeko. Nazio hitza onartzearen aldekoak dira Euskadiri dagokionean, baina
kontzeptua mugatuta. Hortik aurrera, EAEko Justizia Auzitegia azken ohiko
instantzia izatea proposatzen dute, berezko eskumenei dagokienean
aldebikotasuna zehaztea, Eusko Legebiltzarrari zergak biltzeko eskumenak
aitortzea eta kutxa bakarra hautsi gabe Gizarte Segurantza bertoko erakundeen
esku jartzea, besteak beste. Azken honen kudeaketa ekonomikoa EAEri legokioke jada
Gernikako Estatutuaren arabera, baina Espainiako gobernuek uko egin diote hiru
hamarkada luzetan hori betetzeari. PPkoek, bestalde, orain artekoaren
goraipamena egiteaz gain, Konstituzioa zein Estatutua aldatzeko ezarritako
bideak errespetatzea eta ahalik eta adostasun zabalena lortzea eskatzen dute. Dena
den, beharrezkoago irizten diote Euskadiren barne araudiak aldatzeari
Estatuaren aldetik eskumen berriak lortzeari baino.
EAJren dokumentua
bereziki aintzat hartzekoa da, euskal alderdi nagusia delako eta oso landuta
dagoelako. Autogobernuan sakontzekoetan jeltzaleek berebiziko akulu lana egin
dute beti, eta horiei zor zaie hainbat eskumen paperetik errealitatera
eramatea. Legebiltzarrean aurkeztu dutena ez da, berez, estatus berrirako
proposamena, horri begirako akordioa lortzeko oinarriak aletzen dituena baizik.
Mahai gainean jarri dutenetik, prest daude negoziatzeko eta adostasun zabalak
bilatzeko, Gernikako Estatutuak bere sasoian jaso zuen babesa handitzeko. Independentzia
lortzeko azken xedea inoiz baztertu gabe, jomuga horri ez diote orain
errealista irizten eta, hala, egungo euskal gizartearen osaketa aintzat hartuta
ahalik eta jauzi kualitatiborik handiena egitearen aldekoak dira, aldebakarreko
asmoak baztertuta. Beraz, ausart jokatu gura dute politikoki, baina juridikoki
bideragarria den egitasmo baten bitartez eta lau ardatz oinarritzat hartuta:
printzipio demokratikoa, aitortza nazionala, aldebikotasuna eta erabaki
eskubidea.
Alderdi
jeltzalearen irudiko, lau horietako lehenak beharrezko egiten du euskal
herritarren borondateari balio garrantzitsu eta jatorrikoa ematea. Ondorioz,
Estatuak bere egin beharko luke bai negoziatzeko betebeharra, eta baita euskal
herritarrek adierazitako nahiari erantzute aldera Konstituzioan eta legeetan
egin beharreko doikuntzak adostekoa ere. Aniztasunaren aldeko aldarrikapena
egiten dute jeltzaleek, euskal gizartea askotariko nortasunek eratzen dutela
nabarmenduta. Hortik jota, gatazka politikoa ebazteko metodoa elkarrizketarena,
negoziazioarena eta indar politikoen arteko akordioa zabalena dela uste dute
baina, horiek ezean, gizartearen gehiengoarekiko begirunearen aldekoak direla
zehaztuta.
Euskal Herria
herri bakarra dela dio EAJk bere oinarrien berri ematerakoan, Europako herrien
artean berezko nortasuna duena, baina zazpi lurraldeak egun bi estatutako hiru
eremu juridiko-politikotan egituratzen direla gogora ekarrita. Dena den, euskal
autogobernua eguneratzeko etorkizuneko akordioek Euskal Herriaren nortasun
nazionala aitortzearen alde egiten du, eta Euskal Herria subjektu juridiko eta
politikoa dela erantsi, bere etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidea eta
gaitasuna duena, itaundua izatekoa eta modu demokratikoan adierazitako bere borondatea
aintzat hartzekoa. Hala, eremu juridiko-politiko bakoitzeko hiritarren
borondate demokratikoa errespetatzeko galdegiten du EAJk.
Estatutua
aldatzeko proiektuak eskumenen banaketa ekarri behar du jeltzaleen esanetan,
EAEri eskumen esklusibo ugari aitortzeko, subsidiariotasun eta hurbiltasun
printzipioak gehitu eta indartuta, eta hondar-klausulen printzipioa Euskadiren
alde jarrita. Halaber, Estatuari esleitu ez zaizkion politika publiko eta
eskumen-eremu guztietan ahalmen legegilea egikaritu beharko luke erkidegoak,
eta zerbitzu publikoen gainean euskal erakundeei aitortuko litzaieke eskumenen
jabego bakarra. Estatuaren eta Euskadiren arteko harreman
politiko-instituzionalen sistemari egitura berria ematearen aldekoak dira
EAJkoak, eta aldebiko berme sistema ezartzearen aldekoak. Nafarroarekiko eta
Iparraldearekiko harremanetan herritarren eta horien erakundeen borondatea
jotzen dute muga bakartzat, eta Europan zein nazioartean euskal erakundeek
ordezkaritza izatea beharrezkotzat jotzen dute.
Azkenik,
hizkuntza politika elkarbizitzarako eta gizartearen kohesiorako baliatzea eta Kontzertu Ekonomikoaren sistemaren araubideak
eguneratzea gura dute EAJko kideek. Euren oinarri guzti hauen defentsari
eutsiko diote jeltzaleek Eusko Legebiltzarrean eta honek zehaztu eta berretsiko
ditu autogobernua eguneratzeko adosten direnak. Behin proiektua onartuta, EAJren
oinarrien arabera, legez loteslea ez den kontsulta batean berretsiko lukete
euskal herritarrek Gorteetara eraman aurretik, bertotik igorritakoari ahalik
eta indar handiena eman asmoz.
Bihar-etzi Euskadik politikoki izan behar duena marrazten hasi da dagoeneko. Ez da gutxi, orain artekoak ikusita. ETAren osteko sasoi honetan posible izan behar da gutxieneko akordioak lortzea, joko arau partekatuak ahalbidetzea. Inork bereari uko egin gabe eta errealitate soziala eta politikoa iparrorratz hartuta. Bateraezin diruditen asko bateragarri eginda, bateko eta besteko euskal herritarren asmoak eta gurariak aintzat hartuta. 1979an lortutakoa emankorra izan da oso, eta badago horretan sakontzerik, autogobernua eta ongizatea estu lotuta, Euskal Herriari dagokion aitortza jasota eta orain arteko adostasunak eguneratuta.
Urtarrilaren 18an elcorreo.com-en argitaratua
Bihar-etzi Euskadik politikoki izan behar duena marrazten hasi da dagoeneko. Ez da gutxi, orain artekoak ikusita. ETAren osteko sasoi honetan posible izan behar da gutxieneko akordioak lortzea, joko arau partekatuak ahalbidetzea. Inork bereari uko egin gabe eta errealitate soziala eta politikoa iparrorratz hartuta. Bateraezin diruditen asko bateragarri eginda, bateko eta besteko euskal herritarren asmoak eta gurariak aintzat hartuta. 1979an lortutakoa emankorra izan da oso, eta badago horretan sakontzerik, autogobernua eta ongizatea estu lotuta, Euskal Herriari dagokion aitortza jasota eta orain arteko adostasunak eguneratuta.
Urtarrilaren 18an elcorreo.com-en argitaratua
No hay comentarios:
Publicar un comentario