Egunetik egunera
ari da nahasten Espainiako egoera politikoa, eta aurreko astean anabasak goia
jo zuen. Estrategia itxuraz mozorrotutako anbizioen eta ezintasunen batuketa da
honakoa, maiz programen gainetik bestelakoak lehenesten dituena.
Gobernu egonkorra
osatzeko oso aukera gutxi dago abenduaren 20az geroztik, aritmetikak eta lau
alderdi nagusien egungo ildoek ezarritako mugek hasieratik nabarmendu dutenez. PP
eta Ciudadanos bil litzakeen koalizioak nekez gehituko luke aliatu berririk,
gehiengo osoa ematen duten 176etara hurbiltzeko modua eskainiko liekeenik. Rajoyk
oso modu baldarrean baliatu du azken lau urteotako botere maila ia mugagabea, eta
ez ditu batere zaindu gainerako alderdiekiko harremanak. Moderazioaren alde
agertu da askotan, baina egunerokoan bere agendari baino ez dio erreparatu,
zubigintzarik gabe, elkarrizketarako gaitasunik erakutsi barik. Hala, Albert
Riverak berak ere ez ei du gogoko Gobernuko presidentea, beste buru bateko PP
baten alde agertu baita behin baino gehiagotan. Egoera horretan, PSOEren
abstentzioa bilatu du Rajoyk modu etsian, ekonomiaren egungo norabideak
egonkortasun politikoa ezinbesteko duela eta Estatu itun batek horri asko
lagunduko liokeela nabarmenduz. Duela zenbait hilabeteko mespretxuak laudorio
bihurtu ziren hauteskundeen biharamunean, bere ahuleziaz ondo jabetuta
sozialistak estu hartzeko saiakerari ekin zionean. Pedro Sánchez-en aroa
amaituta zegoela iritzi zioten Genova kalean eta, Espainiaren batasuna eta
halakoak amu modura jarrita, nolabaiteko lankidetza posible izan zitekeela. Baina
sozialisten idazkari nagusiak ez du amore eman orain arte, eta bestelako
gehiengo parlamentario baten alde agertu da behin eta berriz.
Egungo korapiloa
nola aska daitekeen ulertzeko batzuen eta besteen premiak eta asmoak hartu
behar dira aintzat. Interes orokorraren izenean hitz egiten dute guztiek, baina
bestelako bultzadek azal ditzakete azkenaldiko dinamiketako asko. Rajoyk badaki
bereak egin duela Gobernuko buru izaten jarraitzen ez badu. PPren barruan gutxi
dira oraindik atzerapauso bat eman dezan argi eskatzen diotenak, baina boterea
galtzeko arriskua bizitzen den neurrian gehituko dira. Modu zesarista gordinenean
Aznarren atzamarrak aukeratu zuenetik, politikoki bizirik irautea lortu du
nahiz eta hauteskunde orokorrak bi aldiz galdu eta lidergorako eta komunikazio
zereginetarako muga ugari erakutsi. Baina orain bidearen amaieran egon daiteke,
eta nabari zaio. Egonkortasunaren berme gisa hitz egin duen berbera da PSOE eta
Podemos-en arteko koalizio baten aurrean Senatua blokeorako baliatuko duela
adierazi duena, eta egungo erakundetze sistemaren alde sutsu agertu den berberori
da Erregeak gehiengo bat osatzen saiatzeko egin dion enkarguari modu bitxian
muzin egin diona. Aukera horri emandako ezezkoa iragankorra dela erantsi du,
gainera, bere interes politikoen araberakoa.
Sánchez-ek gobernua
osatzeko saiakeran porrot egin, PSOEren barruan aldaketak eragin eta horren
baitan Koalizio Handi baten aldeko apustua nagusitzea bilatzen du Rajoyk
lehenik. Eta hori posible ez bada, hauteskundeak errepikatzea bigarrenik.
Gertatzen ari den nolabaiteko polarizazioak mesede egingo lioke PPri, eta
abenduko emaitzak hobetuko lituzke ziurrenik. Bi aukerok, beste behin, aurrera
jarraitzeko modua eman liezaiokete presidenteari. Nolabaiteko lehen itzulietan
lortu ezin dituenak bigarrenetan hel daitezkeen asmoari eusten dio, antza.
Baina besteen esku dago, Gobernutik at nahi duten hainbaten menpe. Horregatik
saiatuko da giroa ahalik eta gehien nahasten, Alderdi Sozialistaren
kontraesanak areagotzen eta Podemos-ek atzerriko zenbait herrialderekin izan
ditzakeen loturak bilatzen, puzten edo asmatzen. Eta nazionalista ororekin hitz
egiteak edo akordioak bilatzeak ekar ditzakeen arriskuez ohartarazten, jakina.
PPrik gabeko formularen
alde ari direnek zail izango dute helburua lortzea. Sánchez ahul dago bere
alderdian, Iglesias zakar ari da jokatzen eta, IUrekin bat eginda ere, 161
diputatu baino ez dituzte, popularren eta C’s-en 163en aurrean. PSOEko idazkari
nagusiak bizirauteko modu bakarra du: Gobernuko presidente izatea. Bestelako
alternatibek tarte laburreko idazkari nagusi bihurtuko lukete, sozialisten
historian anekdota modura geratzekoa. Erregeak berari egingo dio gehiengo
nahikoa osatzeko hurrengo enkargua, eta saiatu beharko du, baina sekulako
oztopoei aurre eginez. Podemos ez dabil batere fin hurbil gura omen dituen gainerako
eragile politikoei bere proposamenak helarazterakoan. Pablo Iglesias jainkotuta
ari da, lortu zituen emaitzek, onak izan arren, apaltasun gehixeago eskatzen diotela
jabetu ezinean. Harrigarria da, oso, Felipe VI.arekin bildu osteko bere agerraldia.
Ustez gobernukide nahi duenari aurretiaz ezer esan gabe, programak gerturatzen
eta sukalde lana egiten hasi aurretik, eta nagusitasun politiko eta moralezko
berbakera batekin ekin zion Podemos-eko buruak, elkarren arteko balizko
exekutiboaren inguruko xehetasunak bere kabuz aurreratuta, alde bakarreko
ariketa arduragabea eginda. Jokamolde horiek baliatuta nekez osatuko da ezkerreko
gobernurik Espainian, egungo egoerak zuhurtasuna, izaria, eskuzabaltasuna eta
besteenganeko begirunea eskatzen dituelako.
Politikak dituen
ezustekoak direla medio, Katalunia agian ez da oztopo gaindiezin izango PSOE
eta Podemos-en artean, eta lagungarri ere izan liteke azkenean. Puigdemont-ek
prozesua baretzeko asmotan ematen du, iraileko emaitzak ez baitira independentzia
gauzatzeko nahikoak eta, zeharka izan arren, CDC eta ERC Espainia mailako
aldaketaren aldeko eragile izan litezke, PP-C’s-en mamua uxatzea ezinbesteko
dutelako, dituzten azken xedeei eta, batik bat, ekonomikoki itota dagoen
Generalitatearen eguneroko kudeaketari begira. Horren antzeko egoeraren batean,
EAJren sei diputatuek sekulako balioa izango dute, gainera. Estatuko nazioen
aitortzan sakontzeko aukera ekar lezake horrek, PSOEk hainbat muga jarriko
dituen arren. Baina, beharbada, egon liteke akordioetarako erdibiderik,
haustura prozesuak errealitate nazionalei lepoa ematetik abiatzen direla gogora
ekarrita. Aldaketak, baletor, ezin du kosmetikoa izan, sakoneko arazoei
heltzekoa baizik. Sozialistek euren burua kokatu behar dute, ausardiaz
jokatzearen edo PPren nolabaiteko makulu izanda hondoa jotzearen artean zer
nahi duten erabakita. Hauteskundeen osteko korapiloa aukera historiko bihurtuta
askatzen saiatu beharko du PSOEk. Ez du besterik.
Urtarrilaren 25ean elcorreo.com-en argitaratua
No hay comentarios:
Publicar un comentario