martes, enero 12, 2016

Prozesurik ba ote?

Carles Puigdemont da Generalitateko buru berria, independentzia prozesuak aurrera egin dezan Artur Masek hautagai izateari uko egin ostean. Baina azken hiru hilabeteotan jazotakoak ez dira alperrik joango, eta datorrena baldintzatuko dute. 
Irailaren 27ko hauteskundeez geroztik Katalunia noraezean ibili da, Junts pel Sí eta CUPen arteko amaigabeko negoziazioak zirela eta. Emaitzek elkarlanera derrigortu zituzten talde biak, nahiz eta bigarrenek Artur Mas sekula babestuko ez zutela behin eta berriz aldarrikatu. Gobernuburu ohia funtsezkoa izan da ‘prozesua’ deitu den hori gaur egungora ekartzeko, Convergència (CDC) ordezkari duten sektore zabalak horren alde jartzeko. Ez legoke independentzia lortzeko inolako aukerarik horien babesik gabe, estrategikoak baitira hainbat aldetatik. Izan ere, jauzi hori ‘ezkerretik’ egin daitekeela diotenak oker dabiltza zeharo, plebiszitu bihurtutako hauteskundeetakoak baino boz gehiago beharko baitira prozesua bururaino eraman ahal izateko.
Pujol auziak eragindako krisiak min egin dio CDCri eta, beharbada, horregatik egin zuen Junts pel Sí koalizioaren hautua, beharra aukera bihurtu guran. Ulergaitza izan zen, dena den, Mas Bartzelonako zerrendako laugarren jartzea, Raül Romevaren mesedetan buru izateari uko eginda. Azken urteotan krisiari aurre egiteko Generalitateak abiarazitako hainbat neurriren aurkakoak ez uxatzeko modua izan zitekeen hori, baina erabaki nahasi horrek egoera aldrebestu baino ez zuen egin. Gehiengo osorik gabe geratu zen presidentearen zerrenda, nahiz eta botoen ia %40 eta 135etik 62 ordezkari lortu. CUP ezinbesteko bihurtze horrek sekulako korapiloa eragin du gerora, azken momentura arte askatu ezinezkoa, ia hauteskundeak errepikatzera eraman duena. Egoera horretan, Parlamentua osatu eta berehala Espainiarekiko ‘deskonexioa’ abiarazteko onartutako adierazpena hankamotz geratu zen gobernu sendo bat gorpuzteko aukerarik gabe. Presaka aritu ziren subiranismoaren ordezkariak, hauteskundeetan lortutako bozen %48a nahikotzat jota. Baina, gerokoak ikusita, ez zuten asmatu, aldarrikapen hori ahuldu egin baita asteek aurrera egin ahala.
Masen irmotasunak eta CUPen barruko desadostasunek irteerarik gabekoa ematen zuen egoerara eraman dute prozesua urritik hona. Presidentea hauteskundeak alde handiz irabazi zituen koalizioaren hautagaia zen, eta bazuen eskubide osoa azkeneraino inbestidura lortzen saiatzeko. Baina tartean jazo direnek azoka itxura eman diote negoziazioari, hain momentu erabakigarriak bestelako jokamoldeak eskatzen zituenean. Mas funtsezkoa izan da orain arte prozesuan sakontzeko, berau politikoki eta sozialki elikatzeko, maila instituzionaleko dinamiketan aurrera egiteko. Alde horretatik, oso esker txarrekoa izan da CUP, eta ikusteke dago Puigdemont-ek hutsune hori eraginkortasunez bete ahal izango duen. Prozesu historikoak horien buru diren pertsonak ere badira neurri batean, lidergorako eta mobilizaziorako ahalmena dutenak.
Katalunian azken urteotan gertatu direnek uste baino eragin handiagoa izango dute Espainiako politikagintzan. Erabaki eskubideari dagokionez, lehenik eta behin. Abenduaren 20tik aurrera, Kongresuko hirugarren bloke politikoa horren alde dago, nahiz eta independentziaren aurkakoa izan. Batasunak borondatezkoa izan behar duela esateak ia iraultzailea ematen du oraindik, baina Estatuko lurralde egituraren oso sakoneko arazoa baino ez du islatzen, egunen batean bide demokratiko eta arautuetatik konpondu beharko dena. Horren nolabaiteko sozializazioan urratsak egin dira Kataluniako prozesuaren eskutik, eskubide horren aldekoak lehendik ere oso nagusi baitira bertan eta Euskadin. Errealitate horri politikatik erantzun behar zaio ezinbestean, ez adierazpen handioso hutsaletatik. PPk zeharo arduragabe jokatu zuen Estatut berria landu eta onartzeko prozesuan, eta hartatik honakoetako asko azal daitezke. Independentzia bururaino eramateko gehiengorik ote dagoen ez dago behar bezain argi Katalunian, are gehiago azken hilabeteotako geldialdiaren ondoren, baina erabaki eskubideak gehiengo zabalaren sostengua du, eta zeharkakoarena. Ukazioa ez da, beraz, errealitate horri heltzeko bidea.
CDC-k eta CUP-ek ez zuten orain hauteskunderik nahi, iraileko emaitzetan behera egin zezaketela eta. Eta hori izan da, akaso, egoera konponbidean jarri duena. Ez da kasualitatea aurrerantzean Masek bere alderdia birsortu eta berrindartzeko lanei ekitea, Convergència horren oso beharrean dagoelako. Abenduaren 20ko emaitzek Katalunia politikoki poliedrikoa dela erakutsi zuten berriz, deialdiaren arabera moldatzeko modukoa. Podemos eta En Comú-ren arrakastak kezka eragin zuen lerro subiranistetan, hauteskunde autonomikoak errepikatzeak ekar zezakeenaren aurrekoa. Iraileko emaitzek, ziurrenik, prozesua moteldu, egokitu eta zabaltzera behartzen zituzten independentziaren aldekoak, baina ez zuten bide horretatik jo. Eragile sozialen eta politikoen arteko uztardura konplexuak asko baldintzatu du 2012ko Diadaz geroztik jazotakoa, eta oraingoan ere bete-betean eragin du. Puigdemont aukeratu ostetik abiatutako etapa berrian, ‘preindependentziarenean’, prozesua berregiten saiatu beharko dute batzuek eta besteek, CUPekin lortutako akordio parlamentario bitxi eta ezohikoa gorabehera, gehiengo sozial sendorik gabe azken helburua lortzerik izango ez dutela jakinda. Alde horretatik prozesua higatuta dago, eta datozen hamazortzi hilabeteetan inoiz baino finago, zorrotzago eta eskuzabalago jokatu beharko dute berorren bultzatzaileek.
Bitartean, Espainiako jarduneko gobernuak Bartzelonatik etor litekeenari aurre egiteko asmoa agertu du, eta horretarako dei egin dio PSOEri Rajoyren inbestidura erraztu dezan. Alderdikeria eta Estatu interesak nahaste horretan maisutasunez aritzen dira popularrak, eta oso estu har ditzakete sozialistak, auzi politiko erraldoi bati erantzuna ematerakoan PPrengandik bereizteko borondaterik eta ahalmenik gabe baitabiltza. Kataluniakoak Espainiakoa erabaki dezake, eta PSOE lur jota utzi. Hilabete bizi-biziak datoz, oinarrizko arazo askori behingoz heldu eta erantzutekoak, demokrazian sakontzeko beharko luketenak. Aldarrikapenetan ezkutatzea eta lerrokatzeak bultzatzea da errazena, baina horrek ez du ezer konponduko.

Urtarrilaren 11n elcorreo.com-en argitaratua

No hay comentarios: