lunes, febrero 29, 2016

Batasuna eta indarra

EAJk bere Batzar Nagusia egin berri du Iruñean, 1977an bertantxe izandakoa oso gogoan. Han bildutakoek berebiziko garrantzia duen dokumentu politikoa onartu dute, bere ildo nagusietan Euskadiren etorkizuna aurreratzen duena.
Diktaduraren ostekoetan jeltzaleek beste inork baino hobeto asmatu zuten, zetorrenaz ohartu eta Euskadiren erakundetze prozesuari ekiterakoan. Duela ia berrogei urte Nafarroako hiriburuko Amaya hotelean eta Anaitasuna kiroldegian bildutakoek etorkizunaren zirriborroa egin zuten, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidetik abiatuta. Erbestean luze ibili behar izandako buruzagi historikoen memoria iparrorratz modura baliatu eta Francoren garai ilun eta bortitzetan Aguirre lehendakariaren Jaurlaritzaren lekukoari gogotsu eutsita, 1977ko bilera hartan euskal autogobernua berreskuratzeko eta eguneratzeko urrats erabakigarriak egin ziren. Martxoaren 24tik 27ra bitartean, belaunaldi ezberdinen arteko konpromiso estua tarteko, askatasun nahiak zehaztu eta egitasmo politiko bideragarri eta ilusioz betetakoa landu zen. Dena zegoen egiteko, eta ardura hori euren gain hartu zuten bertan bildutakoek, Errepublika garaian lau hamarkada lehenago legez; gizartearen gehiengoaren babesa lagun, euskal autogobernuaren giltzarri izateko. Han egon zirenek ez dute ahaztu, esaterako, Manuel Irujori egin zitzaion harrera beroa. Iraganean zegoen etorkizuna, eraikitzeko borondatean, legitimitate demokratikoan, ezberdinen arteko akordioetan. Irujo bera, José Antonio Aguirre, Jesús María Leizaola, Juan Ajuriaguerra eta euren moduko beste asko ziren etorkizuna, herri oso baten borondate demokratikoaren gordelari izanik, zetorrena eurengan oinarritu behar zelako.
Hala, orduan askok hori ikusi ez arren, ‘Alderdi zaharra’ gazteena zen, belaunaldi eredugarri baten irakaspenei jarraitzen zielako, herrigintzarako eta naziogintzarako tresnak zituelako, epe luzera begiratzen zekielako. Indarkeriaren hautua egin zutenek, aldiz, hildakoz eta odolez betetako inorako bidetik jo zuten, samina besterik ekarri ez duen horretatik, Euskal Herriko historian orban modura geratuko denetik. Demokraziarena eta eraikuntza nazionalarena zen zuzeneko apustua, gerra aurrekoek ondo zekitenez eta EAJk beti bere egin zuenez. Iruñeko Batzar Nagusi hartan jarri ziren gerorako zutabeak, Gernikako Estatutuarenak, Eusko Legebiltzarrarenak, Jaurlaritzarenak, Euskadiren erakundetze modernoarenak, autogobernua eta ongizatea elkarren artean zeharo osagarri egitearenak. Urteotan, Garaikoetxea, Ardanza, Ibarretxe eta Urkullu lehendakariek gauzatu dute orduan jeltzaleek amestutakoa eta orain, indarkeriaren erabateko porrot politikoa gordin nabarmendutakoan, Euskadi jauzi berri baterako prest utzi dute hamarkadotan zutik jarri eta aurreratutakoari esker.
Abiapuntu hura oso gogoan izan dute otsailaren bigarren asteburuan Iruñean bildu direnek. Izan ere, Andoni Ortuzar EBBko lehendakari babes osoz berraukeratzekoa une gozoa da jeltzaleentzat. 1986ko zatiketa mingarria gaindituta, Jaurlaritza euren esku dago, EAEko hiru foru aldundiak eta hiriburuetako udalak bezala. Eta Nafarroako Gobernuan abertzale bat da buru, EAJ zatietakoa duen Geroa Bai koalizioari esker. Uxue Barkos presidentea Baluarteko batzarrean hartu izana mugarri historikoa da, erresuma zaharreko errealitate soziopolitikotik abiatuta eta bertako erabaki esparrua aintzat hartuta lor daitezkeenen adibide, Iruñeko Foruen plazako ekitaldi xume baina indarrez betetako eta oso sinbolikoan mamitutakoena. Euskal Herriaren zatiek egunen batean edozelango eta edozein mailatako proiektu politikoren batean topo egiteko eskuzabaltasuna, harkortasuna, malgutasuna, irudimena eta halako asko behar izango dira, eta alderdi jeltzaleari dagokio aitzindari eta bultzagile izatea, oso aspalditik hala jokatuta lortu baitira gaur egungoak ere. Batasuna eta indarra nahitaezko izan ziren 1977az geroztiko lorpen nagusietarako, eta halaxe izango dira orain ere. Egitasmo politiko zehatz, landu, moderno, aurrerakoi eta abegikor baten inguruko batasuna, eta herritarren babesari esker lortutako indarra.
Batzar Nagusian onartutako dokumentu politikoa autogobernuari buruzko Legebiltzarreko lantaldean aurkeztutakoaren eskutik doa. Euskadiri nazio gisa dagokion aitortza, aldebikotasuna eta erabakitzeko eskubidea dira berorren ardatz nagusiak, eta horien inguruan mamituko da berandu baino lehen hitzartu beharko den Estatus Berria. Norabide horretan, EAJk aurtengo hauteskunde autonomikoetan du lehen erronka nagusia eta barne batasun handiz ekingo dio. Jeltzaleen artean ez dago erlaxaziorik ez konformismorik, besterik gabe eusten geratzerik. Gizartea aldatzen ari dela badakite, eta kalean jazotzen direnei eta bertako kezkei oso lotutakoak dira Iruñeko erabakietako asko. Dokumentu politikoa bera, baina baita Gizarte Segurantza propioaren aldeko apustua, alderdi barruan genero berdintasunean sakontzeko nahia edo-ta giza-bizitzaren amaiera duina arautzeari buruzkoa, besteak beste. Garaietara moldatzeko eta gauza askotan aurrea hartzeko gaitasuna erakutsi du EAJk urteotan, eta oraingoan ere ez dio uko egin gai korapilatsuenak aztertu eta horien inguruko proposamenak egiteari. Egitura partehartzailea da jeltzaleena, horrelakoak herenegun eurek asmatu dituztela uste duten alderdiak badiren arren, eta azken hilabeteotan eztabaida mamitsuak izan dira uri buru batzarretan eta lurralde mailakoetan; Batzar Nagusira begira adostasunak lantzeko bestekoak. Horrek azaltzen du Andoni Ortuzarren lidergoaren inguruko adostasun erabatekoa ere, aurretiazko lanak, hitz egiteko gaitasunak, norabidea argi izateak. Aurreko guztian oinarritu du EBBko lehendakariak bere zeregina, lausotasunik gabe, eta ez dago zirrikiturik ekinbide politiko horretan.
1977ko Iruñeko hitzordua belaunaldien arteko bat egitearena izan zen, legitimitate historikoa etorkizunean tinko proiektatzekoa, jazarpenaren bidez berrogei urtez zapaldutakoa berriz zutik jartzekoa. 2016koa, aldiz, Anaitasunako orduko hautu nagusiak berretsi eta asmatu zela ospatzekoa izan da, lortutako guztia hobetzekoa, EAE eta Nafarroaren arteko harremana eta lankidetza sendotu eta elkar gerturatzen jarraitzeko apustua egitekoa, autogobernua indartzekoa, Europan Euskadiri dagokion lekua emateko lanari eustekoa, euskal gizarteak maila politikoan, ekonomikoan eta sozialean dituen arazo nagusiei konponbideak bilatzekoa. Abertzaletasunaren bizkarrezurra da EAJ, eta badu lana aurretik. Baina atzera harrotasunez begiratu ahal izatea da datorrenari kementsu aurre egiteko modurik onena.

Otsailaren 22an elcorreo.com-en argitaratua