Hauteskunde
autonomikoak datoz uda ostean eta euskal alderdiak lehia horretarako prestatzen
ari dira. Abenduaren 20ko emaitzak ez dira benetako erreferentzia izango, baina
guztiek hartuko dituzte aintzat euren estrategiak lantzerakoan.
Egonkor joan da oraingo
legealdia, nahiz eta 2012an EAJk gehiengo osorik lortu ez. Iñigo Urkullu
lehendakariaren izaerak eta jardunak, batetik, eta jeltzaleen negoziaziorako
ahalmenak, bestetik, lortu dute hori. Ekonomiarekin lotutakoak izan ditu
lehentasun Jaurlaritzak, krisiak utzitako zauri sakonek hala eskatzen baitzuten.
Eta zuzen zebilen horrela jokatzerakoan, premiazkoa baitzen hainbat
familiarengan larri eragin duen egoera arintzea eta onerako bideratzea.
Lehendakariak maila handiko irudi instituzionala agertu du hiru urte eta
erdiotan, eta baita bere gobernuak ere. Ezerk ez ditu funtsezko zen horretatik
urrundu, nahiz eta beste hainbat arlotan ere aurrerapausoak eman diren. Hala,
Legebiltzarrean duten ordezkaritzatik askoz haratagoko jardunerako gaitasuna
erakutsi dute, kudeaketa zereginetan eraginkor aritu eta gainerako alderdi
politikoekin funtsezko gaietan akordioak bilatuta. Emaitzetako batzuk
begibistakoak dira: langabezia %12,8an dago jada eta Estatuko txikiena da,
ongizate sistemaren berme diren oinarrizko tresnek sendo jarraitzen dute eta
autogobernu eredua eguneratu eta zabal adosteko urrats erabakigarriak egiten
ari dira, besteak beste. Bide hori jorratzerakoan, EAJk alde guztietara
begiratzen jakin du, nahiz eta aurrekontuei dagokienez PSE-EE izan zaion lagungarrien.
Berezko ildotik abiatuta, Jaurlaritzak zein berau osatzen duen alderdiak
jarrera proaktiboa izan dute bidelagun, euskal gizarteak dituen arazo larrienei
aurre egin nahian. Ez dute ahul itxurarik eman, ez dira ezkutatu, eta sasoi
honetan hainbesteko balioa duen egonkortasuna bilatu dute, gobernu-jarduera
zabal eta osatuari ekiteko. Ez da egonean geratzeko estrategia izan, urrats
sendoak egitekoa baizik, maila ekonomikoan, sozialean eta bestelakoetan aurrera
egin ahal izatekoa.
Hauteskunde
autonomikoak guztien arteko garrantzitsuenak dira jeltzaleentzat,
Euskadirentzat duten egitasmo politikoa jorratzeko oinarrizko direnak. Ajuria
Enean jarraitzea lehen mailako helburua da, orain arte egindakoei eutsi eta
datozen lau urteotan beste hainbat gauzatzeko. Ondare politiko aberatsaren jabe
izanda aurkeztuko dira, autogobernu sistemaren ezinbesteko eragile izan
direlako eta Urkullu lehendakariaren agintepekoa lorpen ugariko tartea izan
delako. Hortik aurrera badago zer egin, ekonomia epe luzera begira sendotzeko,
ongizate eredua bermatzeko, iraganekoak gainditu eta bizikidetzan jauziak
emateko, euskal herritarren borondate politikoari ate berriak zabaltzeko eta
autogobernu ereduan sakontzeko, adibidez. Eta guzti horietarako egitasmo
zehatza dutela frogatu dute jeltzaleek, eskuak luzatuta eta besteenganako
begirunez jokatuta. Abiapuntu egokia da datozen lau urteotako desafioei ekiteko
eta Euskadik beharrezko dituen aldaketak errealitate bihurtzen hasteko.
Inork gehiengo
osorik ez izateak, elkarrizketan sakontzera behartuko ditu euskal alderdi
politikoak aurrera begira ere. Gobernagarritasuna bermatzeko sozialistak izan
ditzake lagun EAJk, dagoeneko aldundietan eta udal askotan gertatzen den legez,
baina hauen sendotasunaren araberakoa izango da lankidetza hori. Maldan behera
aritu da azken urteotan PSE-EE, eta Madrilen datozen asteotan gertatzen direnek
baldintzatuko dute osteko guztia Idoia Mendiaren alderdiarentzat. Asmo landua,
zehatza eta ausarta beharko dute hauteskunde autonomikoetarako, ez eustekoa, ez
ohikotik jotzekoa. EAEko sozialisten krisiak osagai asko ditu, baina
horietakoak dira ezkerreko bozemaile askoren aurrean sinesgarritasuna galdu
izana, autogobernuan sakontzeko uzkur agertzea eta, bertoko nortasun
nazionalaren hainbat ezaugarri bere egin eta egunerokoan baliatzerakoan, aspaldi
babesa ematen zieten askoren hurrengo belaunaldien atzetik joatea.
Beharrak jota
daudenen artean ezker abertzalea dabil larrien. Azkenaldiko porroten ostean,
Eusko Legebiltzarrera begirako bozetan beste atzerapauso bat egiteak krisi
gorrira bultza ditzake, ziklo bat ixtera, berregituratzera. Arnaldo Otegi
martxoaren lehenean utziko dute aske eta, ardura publikoetarako ezarriko
zaizkion baldintzak gorabehera, lehen mailako protagonismoa izango du
aurrerantzean. Bere jarduera politikoa mugatzeko egin litezkeen saiakerek
elkartasun olatua eragin dezakete, eta EH Bilduri hautestontzietan arnasa eman.
Elgoibartarrak kalean behar zuen urteotan, politikan aritzeko oztoporik gabe.
ETAren amaiera praktikorako lehen mailako eragilea izan zen eta herritarrek
agertzen dioten babesaren araberako zeregin politikoa dagokio etorkizunean.
Barruko tentsioak lasaitzen, lidergo sendoa gauzatzen eta ildo berriak arakatzen
funtsezkoa zaio Otegi Sorturi, eta abenduaren 20ko kolpea gainditzeko oso lagungarri
izan dakioke.
Hauteskunde
orokorrak ez dira autonomikoak, inondik inora, baina EH Bilduren gainbehera ez
da atzokoa. Orain dituen hainbat arazo larri konpontzeko aukerak galdu zituen
ezker abertzaleak negoziazio mahaietan, estrategiarako, gizartearen nondik
norakoak ulertzeko eta abagune historikoen garrantziaz ohartzeko erakutsitako
gaitasun ezaren seinale. Orain dena zaie zailagoa, eta besteei egotzi nahi
dizkiete euren hankasartzeak. Zauri horiei darien zornea ez da nolanahikoa, eta
aurrera begirako euren jarduna mugatzen du erabat. Podemos-ek lortutako
arrakastak hausnarketara eraman ditu, eta Legebiltzarrera begirako bozen osteko
elkarren arteko aliantzak lantzera bultza ditzake hilabeteotan. Horien eskutik
baino ez du izango aukerarik EH Bilduk EAJri aurre egiten saiatzeko, balizko
batuketaren buru izanda. Horretan saiatuko dira, baina zail dute.
2016ak asko emango du euskal politikagintzan. Batzuk eta besteak azken lau urteotan egin dutenarekin aurkeztuko dira gizartearen aurrera, eta badago aldea. Bestelakoekiko oso ezberdin jokatzen dute herritarrek jokoan lehendakaritza dagoenean, eta horren bila dabiltzanek ez lukete ahaztu behar. Azken momentuko itxurek barik ibilbide luzeak balio du honelakoetan, lorpenen zerrendak. Eta lasterketa horretan badira aspaldi oso atzean geratu zirenak edo harrokeriz beteta bat batean agertu eta nondik jo ez dakitenak.
2016ak asko emango du euskal politikagintzan. Batzuk eta besteak azken lau urteotan egin dutenarekin aurkeztuko dira gizartearen aurrera, eta badago aldea. Bestelakoekiko oso ezberdin jokatzen dute herritarrek jokoan lehendakaritza dagoenean, eta horren bila dabiltzanek ez lukete ahaztu behar. Azken momentuko itxurek barik ibilbide luzeak balio du honelakoetan, lorpenen zerrendak. Eta lasterketa horretan badira aspaldi oso atzean geratu zirenak edo harrokeriz beteta bat batean agertu eta nondik jo ez dakitenak.
Otsailaren 1ean elcorreo.com-en argitaratua
No hay comentarios:
Publicar un comentario