martes, febrero 09, 2016

Mozorro garaia

Gabonetako bazkari-afariez eta giroaz gozatzen egon berritan, badatoz inauteriak. Urtarrilak aldapa dakar, gehiegikeriei aurre egin beharrak uzten duena, baina ziztu bizian egin du alde, zailtasunez betetako sasoiotan zama lehenbailehen arindu nahi izan balu bezala. Beherapenek ez dute lagundu diru-iturriaren txorrota ixten, eta lehortea otsailaren beharrean zegoen poltsikoak berriz loratzeko. Igande gris baten ostean, ia oharkabean heldu da hilabete laburrena, aurten hogeita bederatzigarrena erantsita, heldu ez den neguari berriz saia dadin egun bat oparitzekotan edo. Eta egutegiko orrian zeharreko bidea alaitzeko aratusteak iragarri ditu lehenik, diren horretatik ihes egin guran dabiltzanei eguneroko mozorroa erantzi eta berria soinean jartzeko aukera emateko.
Euskaldunok, beharbada zenbait herritakoek salbu, ez dugu dohain berezirik eguenean abiatzen direnetan bete-betean murgiltzeko. Batek daki zein arrazoi atabiko dela medio, serioegi heltzen diogu bizitzari eta horrek dakarren eguneroko jardunari. Zurrun antzera aritzen gara munduaren aurrean, gure buruaz barre egiteko ohiko defizitak jota. Mozorroa jartzea ez da nahikoa, berori eramaten jakin behar baita, azal berri hori guztiz norbereganatzen, bihurtu garen hori sinesgarri egiten, umorearen kodeez jabetzen, gainerako egunetan garena hobetzen. Baldar aritzen gara horretan, betiko makuluak baliatuta, naturak edo giroak eman ez diguna bestelakoez ordezten.
Txitxiburduntziak heltzear dagoena iragarri eta gero, eguen zuria, bariku mehea eta inauteri beteko egunak datoz jarraian. Horien aurrean agertzen dugun jokabideak zehazten du bizitzari buruzko zein ikuspegi den gurea. Itxuraz aldatzeko gaitasuna, kolorez eta irudimenez blai eginda kaleratzekoa, ondare baliotsua da. Are gehiago malenkonia nagusi den sasoiotan, itzuliko ez den iragan hurbilari inoiz baino gehiago begiratzen zaionean. Bizipozak noraezean edo beti norabide berean dabiltzanetako asko salba ditzake, errutina urratzeko ahalmena lagun.
Zertarako garen ulertzera hurbiltzeak bizitza osoa behar du. Haraindikoari egunerokotik baino ezin zaio heldu, izan ordez bizitzetik, norbera dena ondo ezagutzetik eta horren araberako jardunetik. Barre egin eta poz hori ingurukoekin partekatu ahal izatea luxua da, eta ezin da aukera bakar bat galdu. Ezin zaie inauteriei alperrik joaten utzi.