Euskal agertoki politikoaren itxura guztiz aldatu da Ahal Dugu sortu eta gero. Udal eta foru hauteskundeetako han-hemenkako probaren ostean, orokorretan botoetan gailendu zen eta, inkesten arabera, laster indar handiz sar daiteke Legebiltzarrean.
EAEko herritarrek
laster joan beharko dute boza ematera. Urrian izango zela zirudiena ekainean
izan liteke azkenean, 26an, Madrilen gertatzen dena gertatzen dela. Legealdia
azkenetan dago eta ez du ematen udazkenera arte helduko denik. EAJk bakarrik
ekin dio lau urte zailotan, eta emankor. Kudeatzeko eta negoziatzeko
gaitasunari esker, egoera politikoa zein ekonomikoa samurtzea lortu du, eta ez
da harritzekoa Iñigo Urkullu lehendakaria izatea euskal herritarren politiko
gogokoena. Espainia mailan PPk gehiengo osotik porrotera eta isolamendura jauzi
egin duen bitartean, ustelkeriaren putzuan itolarrian ekin dionean, Euskadin
75en arteko 27 parlamentariren oinarrizko babesarekin egonkortasuna,
elkarrizketa eta konfiantza izan dira Eusko Jaurlaritzaren jardueraren
ezaugarri nagusiak. Oso testuinguru zailean, jeltzaleek euren bizkar gainean
hartu dute ardura osoa eta, emaitzen arabera, onerako. Hala diote hainbat
adierazle makroekonomikok, eta baita herritarren gogobetetasuna neurtzen duten
azterketa soziologikoek ere.
Urkullu buru, EAJ
da hurrengo hauteskunde autonomikoak berriz irabazteko aukera gehien dituena,
egindako lanaren ordainetan. Ez du ematen oraingoan ezker abertzalea lehiakide
nagusi izango duenik, bere ibilbide baldarra ahantzarazteko Arnaldo Otegiren
inguruko harri-kartoizko mistika baino askoz gehiago beharko baitu.
ETAren amaieraren
osteko olatuak erakunde garrantzitsuak kudeatzeko aukera eman zion koalizioari
baina, lau urteren ostean, egindakoaren azala eta mamia txarretsi zuten
bozemaileek, eta oposiziora bidali. Ezaguna da, beraz, Otegiren hautagaitzaren
atzean egongo direnen gobernatzeko modua eta horrek herritargoaren zatirik
handienean eragiten duena.
Litekeena da,
guzti horren ondorioz edo, Legebiltzarrerako aurki datozen hauteskundeetan ezkerraren
esparruan Ahal Dugu aurretik izatea, berri antzekoak sortu ohi duen
espektatibaren bultzada indartsuari esker. Bozen ostean batuketek ahalbidetzen
duten neurriko ahalegin bateratuari ekiteko tentazioa izan dezakete bi aldeek, bai,
baina ezker abertzaleak ez du inoiz beste inoren bigarren modura jarduteko
bokaziorik izan, are gutxiago Espainia mailako proiektu politikoa dutenen
eranskin izatekoa.
Ahal Dugu-ren
sendotasuna eta irauteko gaitasuna frogatzeke dago oraindik. Alde askotako
suminduek eta ilusioa galdutakoek potolotu duten alderdia da, eta hori
aberasgarria den neurri berean da arriskutsua, kontraesanezko geruzak pilatu
eta estutzen diren heinean sortzen baita euren arteko talka. Hala, erabaki
eskubidearen aldekoa da, baina Estatuarekiko burujabetza osoari ezetz esateko;
Aberri Eguna ospatzen du, baina abertzaleena ez ei den erkidego soila osatzeko;
Nafarroarekiko harremanak sendotzeari egoki irizten dio baina egungo estatusa
jomuga izanda; babes sozialeko neurri handiosoak proposatzen ditu baina horiek
nola ordaindu argitu gabe; eta demokraziaren oinarrira jotzearen aldekoa dela
dio baina barrura begirako desadostasunak kargugabetzeak baliatuta bideratzen
ditu.
Euskobarometroaren
arabera, azken hauteskundeak aintzat hartuta, Ahal Dugu-k jaso zituen 316.000
botoetatik %20 Amaiur-etik batu zitzaizkien, %16 abstentziotik, %14 PSE-EEtik,
%13 Ezker Batuatik, %7 EAJtik eta %6 lehen aldiz bozkatzen zutenen artetik. Ez
da aniztasun makala kopuru horiek islatzen dutena. Gehiegizkoa, akaso, proiektu
politiko bideragarri bat osatu ahal izateko. Orain arte jasan dituenak inplosio
txiki eta kontrolatuak izan dira, baina erakundeetatik denetariko arazoei aurre
egin behar ahala litekeena da arrakalak handitzea eta ezinikusiak areagotzea. EAEko
hauteskundeei begira helburu batek batzen ditu: EAJ agintetik kentzeak. Hori
litzateke balizko alternatibaren argamasa eta horretarako ari zaizkie keinuka
EH Bilduri eta sozialistei, ezina ekinez egina izan daitekeen ustean. Ezker
abertzalekoek prest ematen zuten hasiera batean, Ahal Dugu-koekin bildu
berritan Hasier Arraizek zazpi aldiz esan baitzuen “mugarik gabeko”
lankidetzaren aldekoak zirela. Idoia Mendiak, aldiz, ez du horrelakorik behin
ere adierazi.
Roberto Uriarte
idazkari nagusi izandakoak dimisioa eman osteko behin-behinekotasun luzea
amaitzeko berriki egindako primarioak Nagua Albaren zerrendaren garaipenarekin
amaitu dira, baina zenbait lehiakidek emaitzen auditoria eskatu izanak islatzen
du barruko giroa. Hala ere, abenduko orokorretan botoetan nagusitzea lortu zuen
Ahal Dugu-k EAEn, askoz gehiago Estatu mailan sakoneko aldaketa ahalbidetu nahi
zutenen begikotasunezko botoari esker alderdiaren batasunaren ordainetan baino.
Orain, autonomikoetara begirako programa lantzen ari dira dagoeneko, eta euren
lehendakarigaia aukeratzen. Garbiñe Biurrun izan liteke adostasun maila
handiena lor dezakeena, kanpora begira ere irudi onekoa eta prestigiozkoa baita,
baina, itxurak egiten ez badabiltza, berak ardura hori onartzea falta da. Ezetz
erantzungo balu ordezko bat aukeratu beharko litzateke bat-batean, eta horrek
ez die mesede egingo egun zuzendaritzan daudenei.
Ziurtasuna
ziurgabetasunaren aurrean. Ardatz horren inguruan erabaki beharko dute euskal
hautesleek laster, ekonomia eta ongizate eredua bidegurutzean daudenean. EAJren
politika sozialek Podemos-eko zenbait kideren aitortza ere jaso dute. Baina
Pablo Iglesias-ek erakutsitako botere gosea da, antza, euren burua politika
berriaren ordezkaritzat jotzen dutenen ezaugarrietakoa, horretarako egin ezin
direnak eskaini behar izan arren. Esandakoetatik errealitatera dagoen jauziaz
ohartu gura duenak Greziara begira dezake, Tsipras-en ibilbidea xehe-xehe
ezagutzeko. Dialektikak, zenbat eta arranditsuagoa izan, orduan eta etsipen
handiagoa ezkutatzen du. Egindakoek definitzen dituzte proiektu politikoak, ez
egingo direla esaten direnek. Eta, horretan, euskal bozemaileek badute
aukeratzeko irizpiderik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario