martes, abril 19, 2016

Halako batean

Latzak dira azken egunotan Ondarroatik datozen berriak. Ezbeharrak instant batean kateatu direla ematen du; zoritxar aleak, noiz kolpatuko, bertan ilaran jarrita zelatan daudela. Izotz lantegian hildako bi gizonena da larriena, bizia galtzea atzerabueltarik gabekoa denez gero. Elkartasunezko adierazpenek senitartekoenganako gertutasuna islatzen dute, herri osoarena. Eta ulu ozena izan da isiltasunaz osatutako samina egunotan, bertako guztiak batu dituena. Ondarroarrak berbakera bezain izaera berezikoak dira, itsasoarekiko harremanaren araberako espiritu menperagaitzak zizelkatutako nortasunekoak. Kanpora begira oso nabaria da hori baina, batik bat, euren arteko lotura sendoei eragiten die. Bizkai eta Gipuzkoa arteko mugakoa baino, lur ertzekoa da udalerria, ia itsasoarena, bestelako sailkapenetatik apartekoa, lotura administratiboez gaindikoa. Sena berezi hori poliedrikoa da, eta atsekabea ate joka agertzen zaienean ere badakite nola erantzun. Elkartasuna bere adiera benetazkoenean baliatuta, hain zuzen.
Kamiñaldeko etxeetan inork ez du bizia galdu, zorionez, baina erabat baldintzatuta datorkie datozen hilabeteotakoa. Gordina da euren egoera, norbere etxetik irten beharra bereziki baita mingarria edonorentzat. Luiziek eragindako arriskuak bete-betean dirau, aukerarik txarrenak saihesteko egiten ari diren lanak gorabehera. Jazotakoak okerrera ez egitea da orain lehentasun erabatekoa, harri eta lokatzezko jausiek hondamendia eragin baitezakete. Eraikin horietako 176 etxe hustu beharrak sekulako exodoa eragin du, tamaina horretako herrian ia sendi eta lagunarte guztiak ikutu dituena. Horri ere eskuak elkarri lotuta erantzun diote bertakoek, ezerk makurtuko ez dituen seinale.
Txarrean norbere onena eman ohi da. Salbuespena barik eredu direla erakutsi dute asteon ondarroarrek. Adorea eta hurkotasuna lagungarri dira zoritxarra uxatzeko. Horregatik, egunotako malkoak ez dira amore ematekoak, aurrera egiteko borondatea erakustekoak baizik. Itsasotik bizi denak ondo daki zer den hori, zein garratza den askotan bizitza. Halabeharrez ikasi izanak eman die bertakoei berezko indar berezia, hortzak estututa datorrenari aurre egiteko modukoa. Bat eginda lortuko dute. Eta itsaso aldera begiratuta, direnari erreparatuta, bertatik etorri baitzaie beti edozein arazori aurre egiteko kemena.

Martxoaren 18an El Correo egunkarian argitaratua

No hay comentarios: