domingo, junio 12, 2016

Madrilera, zertarako?

Alderdi abertzaleentzat hauteskunde orokorrak bereziki dira korapilatsuak, Gorteetan duten ikusgaitasuna gehiengoen unean uneko jokoaren araberakoa delako eta egindako lanaren fruituak gizarteratzeak ahalegin handiagoa eskatzen dielako.
EAJk eta EH Bilduk oso modu ezberdinean egingo diete aurre hilaren 26ko bozei. Jeltzaleek sei diputatu eta beste horrenbeste senatari lortu zituzten abenduaren 20an, euren ohiko indarraren adierazgarri. Hala ere, Podemos-ek aurrea hartu zien, gutxigatik, iraganik gabeko alderdi batek boteretsuenei aurre egiteko aldaketa sakona proposatuta krisi garaian han-hemenkako hainbat boto lor ditzakeela erakutsita. Neurri batean, abertzale/ez abertzale ardatza gainditzea lortu zuten moreek, koalizioa ere elikagai izan baitzuten. Sorturen, Eusko Alkartasunaz geratzen denaren, Aralarren eta Alternatibaren bilguneak sekulako porrota jasan zuen, bi diputatutan geratzeak gordintasunez frogatzen duenez. Agenda soziala eta erabaki eskubidea ordena horretan defendituta, Estatu ikuspegi batetik zeharkakotasunean saiatuta eta indarkeriaren orbanik gabe, ezkerreko indar batek Euskadin zenbaiterainoko aukerak izan ditzakeen islatu zuten egun hartako emaitzek. Nolabait, zenbait arlotan Podemos ezker abertzalearen porrot politikoaren ispilu bihurtu zen hauteskunde haietan. EH Bilduk ez zuen jakin azaltzen zertarako egon behar zuen Madrilen, ez zein zen bere proposamena. 1979tik 1996ra Herri Batasuna legez aurkeztu zirenetan, eta ostean beste izen batzuekin ekin ziotenetan ere, Gorteetan aritzea menpekotasunarekin parekatzen zutenek zail dute orain inolako aliantzarik gauzatzeko gaitasunik gabe bertan zer egin dezaketen azaltzea. Euskal herritarren gero eta zati handiagoari aldarrikapen hutsak ez zaizkio nahiko, eta helburu egingarrien aldeko jarrera praktikoa ari da indartzen, hauteskunde motaren arabera moldatzen dena.
Hala, ez da harritzekoa EH Bilduk oraingorako bere zerrendak beste inork baino gehiago aldatu behar izana. Horren erakusgarri da Alternatibako buru Oskar Matute Bizkaiko zerrendaburu jartzea. Ezker Batuan zegoela urte luzetan Espainia federalaren alde sutsu egiten zuenak independentziaren hautua kutunago du gaur egun. Dena den, bere profila oso egokia da lurraldeko hiri nagusietan Podemos-i aurre egiteko, duen gaitasun dialektikoaren, irudi onaren, sentsibilitate sozialaren eta aparteko zamarik gabeko jatorri politikoaren ondorioz. Aukeraketa honek ezin hobeto azaltzen du zein den koalizioaren lehiakide nagusia, Podemos-eko edozein botoemailek Matutes ere begiko izan dezakeelako. Aurpegi abertzaleena etxean utzi eta sozialena lehenetsi dute honakoan koalizioko buruek, abenduaren 20koa hobetzeko ahaleginean. Ikusteke dago, inkestek ez baitute halakorik aurreratzen, estrategia berri honek eta Arnaldo Otegiren protagonismoak EH Bilduri arnasa hartzeko aukera emango dioten. Ezinbestekoa zaie udal eta foru hauteskundeetako eta azken orokorretako porrotak gainditzen hastea, hiru domeka barru jazotakoak urriko autonomikoetan lortuko dutena baldintza baitezake.
Garaipena lortzeko lehian dagoena EAJ da. Podemos-en olatuak apar asko ematen jarraitzen duen arren, jeltzaleek badute indar nahikoa horri aurre egiteko. Abendutik honakoan jokabide gardena izan dute, euren babesa nahi izan dutenen mahai gainean ‘euskal agenda’ deiturikoa jarrita. Alde horretatik, aurreikusteko modukoa da euren jarduna eta esperientzia handiko hautagaiek, iazko berberek, Gorteetan egingo duten lana. Alderdiko buruzagiek nabarmendu dutenez, asko dago jokoan Euskadirentzat honakoan ere, berton eragin handikoak diren gaietakoak Madrilen erabakitzen direlako eta hemengo ongizate sistema defenditzeko botere gune legegile guztietan parte hartzea ezinbestekoa delako. Ildo horretatik, transferitutako eskunduntzen defentsa eta jaso gabekoak lortzeko zeregina negoziazioaren eta elkarrizketaren bidetik baino ezin direla bideratu gogoraraziko diete botoemaileei ostiralean hasiko den kanpainan zehar, eta horretarako ordezkaritza jeltzale indartsua erabakigarria izan daitekeela.
Hitzok, gainera, mami handikoak dira, EAJk Gorteetan denboran zehar lortu izan dituenak aintzat hartuta. Azken urteetakoei soilik erreparatuta, Euskadik telefonia enpresa propioa izatea ahalbidetu zuten jeltzaleek Madrilen negoziatuta, edo Kontzertu Ekonomikoa behingoz blindatzea. Maila ekonomikoan garrantzitsuak direnei (I+G+Bren transferentzia eta egitasmo horietara bideratutako 85 milioi euroko inbertsioa; enplegu politika aktiboen transferentzia, lan bitartekaritzarena, Lanbide Heziketari dagokiona edo-ta Itsasoko Institutu Sozialarena, 472 milioi eurokoa…) balio sinboliko handikoak ere gehitu behar zaizkie (Lurralde historikoen euskarazko izenak ofizial egitea edo Salamancan gerra zibilaren ostetik zeuden paperetakoak itzultzea, adibidez). 2011-2015 legealdian ere, nahiz eta Rajoyk gehiengo osoa izan, jeltzaleen ekinak lortu du fruiturik: tarifa elektrikoaren beherapena, toki erakundeen erreforma Euskadin ez aplikatzea, Leioako gizarteratze zentroa edo Eibarren NAN agiria egiteko bulegoa berrezartzea, besteak beste.
Badago, beraz, egindako bide oparo bat, gehiengo osorik gabeko hurrengo legealdian askoz gehiago eman dezakeena. Zalantza barik, ordezkaritza jeltzaleak solaskidetzarako eta eragiteko gaitasun zabala izan dezake, eta hori beti garrantzitsua den arren, are erabakigarriagoa izan daiteke Euskadirentzat estatus politiko berritua lantzeko ordua heltzen ari den honetan. EAJk badu, beraz, lorpenen zerrenda erakutsi, pedagogia politikoa egin eta aurrera begirakoetan lor ditzakeenak aurreratzerik. Hala, ohikoan abertzaleentzat hauteskunde orokorrak aldapaz gorakoak izaten diren arren, egoera askoz samurragoa da ibilbide koherente bat dagoenean, emaitzak daudenean eta aspaldi egindako apustuan asmatu zenean.              

No hay comentarios: