domingo, enero 31, 2016

Nahia eta ezina

Egunetik egunera ari da nahasten Espainiako egoera politikoa, eta aurreko astean anabasak goia jo zuen. Estrategia itxuraz mozorrotutako anbizioen eta ezintasunen batuketa da honakoa, maiz programen gainetik bestelakoak lehenesten dituena.    
Gobernu egonkorra osatzeko oso aukera gutxi dago abenduaren 20az geroztik, aritmetikak eta lau alderdi nagusien egungo ildoek ezarritako mugek hasieratik nabarmendu dutenez. PP eta Ciudadanos bil litzakeen koalizioak nekez gehituko luke aliatu berririk, gehiengo osoa ematen duten 176etara hurbiltzeko modua eskainiko liekeenik. Rajoyk oso modu baldarrean baliatu du azken lau urteotako botere maila ia mugagabea, eta ez ditu batere zaindu gainerako alderdiekiko harremanak. Moderazioaren alde agertu da askotan, baina egunerokoan bere agendari baino ez dio erreparatu, zubigintzarik gabe, elkarrizketarako gaitasunik erakutsi barik. Hala, Albert Riverak berak ere ez ei du gogoko Gobernuko presidentea, beste buru bateko PP baten alde agertu baita behin baino gehiagotan. Egoera horretan, PSOEren abstentzioa bilatu du Rajoyk modu etsian, ekonomiaren egungo norabideak egonkortasun politikoa ezinbesteko duela eta Estatu itun batek horri asko lagunduko liokeela nabarmenduz. Duela zenbait hilabeteko mespretxuak laudorio bihurtu ziren hauteskundeen biharamunean, bere ahuleziaz ondo jabetuta sozialistak estu hartzeko saiakerari ekin zionean. Pedro Sánchez-en aroa amaituta zegoela iritzi zioten Genova kalean eta, Espainiaren batasuna eta halakoak amu modura jarrita, nolabaiteko lankidetza posible izan zitekeela. Baina sozialisten idazkari nagusiak ez du amore eman orain arte, eta bestelako gehiengo parlamentario baten alde agertu da behin eta berriz.
Egungo korapiloa nola aska daitekeen ulertzeko batzuen eta besteen premiak eta asmoak hartu behar dira aintzat. Interes orokorraren izenean hitz egiten dute guztiek, baina bestelako bultzadek azal ditzakete azkenaldiko dinamiketako asko. Rajoyk badaki bereak egin duela Gobernuko buru izaten jarraitzen ez badu. PPren barruan gutxi dira oraindik atzerapauso bat eman dezan argi eskatzen diotenak, baina boterea galtzeko arriskua bizitzen den neurrian gehituko dira. Modu zesarista gordinenean Aznarren atzamarrak aukeratu zuenetik, politikoki bizirik irautea lortu du nahiz eta hauteskunde orokorrak bi aldiz galdu eta lidergorako eta komunikazio zereginetarako muga ugari erakutsi. Baina orain bidearen amaieran egon daiteke, eta nabari zaio. Egonkortasunaren berme gisa hitz egin duen berbera da PSOE eta Podemos-en arteko koalizio baten aurrean Senatua blokeorako baliatuko duela adierazi duena, eta egungo erakundetze sistemaren alde sutsu agertu den berberori da Erregeak gehiengo bat osatzen saiatzeko egin dion enkarguari modu bitxian muzin egin diona. Aukera horri emandako ezezkoa iragankorra dela erantsi du, gainera, bere interes politikoen araberakoa.
Sánchez-ek gobernua osatzeko saiakeran porrot egin, PSOEren barruan aldaketak eragin eta horren baitan Koalizio Handi baten aldeko apustua nagusitzea bilatzen du Rajoyk lehenik. Eta hori posible ez bada, hauteskundeak errepikatzea bigarrenik. Gertatzen ari den nolabaiteko polarizazioak mesede egingo lioke PPri, eta abenduko emaitzak hobetuko lituzke ziurrenik. Bi aukerok, beste behin, aurrera jarraitzeko modua eman liezaiokete presidenteari. Nolabaiteko lehen itzulietan lortu ezin dituenak bigarrenetan hel daitezkeen asmoari eusten dio, antza. Baina besteen esku dago, Gobernutik at nahi duten hainbaten menpe. Horregatik saiatuko da giroa ahalik eta gehien nahasten, Alderdi Sozialistaren kontraesanak areagotzen eta Podemos-ek atzerriko zenbait herrialderekin izan ditzakeen loturak bilatzen, puzten edo asmatzen. Eta nazionalista ororekin hitz egiteak edo akordioak bilatzeak ekar ditzakeen arriskuez ohartarazten, jakina.
PPrik gabeko formularen alde ari direnek zail izango dute helburua lortzea. Sánchez ahul dago bere alderdian, Iglesias zakar ari da jokatzen eta, IUrekin bat eginda ere, 161 diputatu baino ez dituzte, popularren eta C’s-en 163en aurrean. PSOEko idazkari nagusiak bizirauteko modu bakarra du: Gobernuko presidente izatea. Bestelako alternatibek tarte laburreko idazkari nagusi bihurtuko lukete, sozialisten historian anekdota modura geratzekoa. Erregeak berari egingo dio gehiengo nahikoa osatzeko hurrengo enkargua, eta saiatu beharko du, baina sekulako oztopoei aurre eginez. Podemos ez dabil batere fin hurbil gura omen dituen gainerako eragile politikoei bere proposamenak helarazterakoan. Pablo Iglesias jainkotuta ari da, lortu zituen emaitzek, onak izan arren, apaltasun gehixeago eskatzen diotela jabetu ezinean. Harrigarria da, oso, Felipe VI.arekin bildu osteko bere agerraldia. Ustez gobernukide nahi duenari aurretiaz ezer esan gabe, programak gerturatzen eta sukalde lana egiten hasi aurretik, eta nagusitasun politiko eta moralezko berbakera batekin ekin zion Podemos-eko buruak, elkarren arteko balizko exekutiboaren inguruko xehetasunak bere kabuz aurreratuta, alde bakarreko ariketa arduragabea eginda. Jokamolde horiek baliatuta nekez osatuko da ezkerreko gobernurik Espainian, egungo egoerak zuhurtasuna, izaria, eskuzabaltasuna eta besteenganeko begirunea eskatzen dituelako.
Politikak dituen ezustekoak direla medio, Katalunia agian ez da oztopo gaindiezin izango PSOE eta Podemos-en artean, eta lagungarri ere izan liteke azkenean. Puigdemont-ek prozesua baretzeko asmotan ematen du, iraileko emaitzak ez baitira independentzia gauzatzeko nahikoak eta, zeharka izan arren, CDC eta ERC Espainia mailako aldaketaren aldeko eragile izan litezke, PP-C’s-en mamua uxatzea ezinbesteko dutelako, dituzten azken xedeei eta, batik bat, ekonomikoki itota dagoen Generalitatearen eguneroko kudeaketari begira. Horren antzeko egoeraren batean, EAJren sei diputatuek sekulako balioa izango dute, gainera. Estatuko nazioen aitortzan sakontzeko aukera ekar lezake horrek, PSOEk hainbat muga jarriko dituen arren. Baina, beharbada, egon liteke akordioetarako erdibiderik, haustura prozesuak errealitate nazionalei lepoa ematetik abiatzen direla gogora ekarrita. Aldaketak, baletor, ezin du kosmetikoa izan, sakoneko arazoei heltzekoa baizik. Sozialistek euren burua kokatu behar dute, ausardiaz jokatzearen edo PPren nolabaiteko makulu izanda hondoa jotzearen artean zer nahi duten erabakita. Hauteskundeen osteko korapiloa aukera historiko bihurtuta askatzen saiatu beharko du PSOEk. Ez du besterik. 

Urtarrilaren 25ean elcorreo.com-en argitaratua

martes, enero 26, 2016

Aho bete euskara

Ez da edonolakoa atzo laugarrenez Bilbon jazotakoa. Azkuna Zentroak 1.600 lagun inguru bildu zituen euskaraz solasteko, eguneroko erabileraren garrantziaz ohartarazteko. Udalak eta Aldundiak bat eginda ekin diote berriz, hiriburuaren euskal izaera nabarmendu eta hizkuntzaren orainean eta etorkizunean duen lehen mailako betebeharra gogora ekartzeko. Goizean hasi eta arratsaldera arte, talde txikietan banatutako hainbat lagunek denetariko gaiez egin zuten berba txandaka, mahai baten inguruan. Hain oinarrizkoa ematen duen horrek berebiziko esangura du honakoan, kalea irabazi behar baitu euskarak Bilbon. Bertakoen babesa du, eta ezagutzan ere gora doa, baina mihi-ezpainetako jarioak bermatuko dio aurrera begirako oparotasuna, hainbestetan aipatutako normalizazioa.
Duela astebete, hainbat erakundek bultzatuta eta arlo anitzeko eragileen babesa hartuta, txantxangorriaren sinbolo berria aurkeztu zen euskararen erabilerarekin estu lotuta. Lehenagokoa izan arren, Berbagunea asmo horren adierazpenetakoa da, aldarrikapen handiosoen ordez zeregin praktikoak nahiago dituena. Hori behar baitu, hain justu, euskarak. Ahalik eta gehienen ahotan dantzan jartzea izango zaio bizigarri, alperrikako goraipamenez eta denetariko teorizazioez askoz haratago. Berori erabiltzen dugun neurrian gara euskal hiztun, erlikia baten antzera gordeta izateak pultsua aurki galtzera baitarama hizkuntza, egoera begetatibora, esistitzera baina ez egotera. Eta horren gaineko ardura ez dagokio euskaldungoa ez den beste inori.
Hamaikatxo urrats egin da azken hamarkadotan, arlo guztietan. Lege aldeko aitortza aspaldikoa da jada, eta herritarren gehiengo zabalak sendo eutsi dio euskara sustatzeko apustuari. Ez inoren aurka, arrotz zitzaienei eskua luzatuta baizik. Hori da bidea, adostasunarena, batasunarena, elebitasuna ondare partekatu modura kudeatzearena. Baina bada garaia beste etapa bati ekiteko, euskara bazter guztietara eramateko, barra-barra erabiltzeko, ikur barik tresna bihurtzeko. Hori da hainbatek atzo Bilbon egin zutena, eta hori da urtean behin barik ohikoan hizkuntzak ezinbesteko duena. Bizimodua euskaraz irudikatzea, errealitatea eta ametsak euskararekin zipriztintzea, gogoan daramatzagunak adierazteko baliatzea, bakoitzaren mailan hitzen goxotasunaz elikatzea. Hizkuntza hiztunak dira, ez atzean utzitakoa. Gu geu gara, egunero, nonahi.

Urtarrilaren 22an El Correo egunkarian argitaratutakoa

sábado, enero 23, 2016

Bihar-etzi

Euskal talde politikoek urrats erabakigarrietakoa egin dute etorkizuneko autogobernu eredua zehazteko bidean. Legebiltzarrean horretarako osatutako lantalderako txostenak aurkeztu berri dituzte, eztabaidarako lehen ekarpen modura.
Bakoitzak berea agerian jartzerakoan akordioetarako aukera gutxi dagoela ematen du beti, baina negoziazioan sakondu ahala agertzen dira elkar hurbiltzeko moduak. Bertoko alderdi politikoek Gernikako Estatutuaren osteko sasoirako proposatzen dituztenak urrun daude abiapuntuan. Badira betiko jarreretatik ia zentimetrorik aurrera egin ez dutenak, baina badago bakarren bat sakon landutako proposamena zehaztu duena. Azal soilari helduta, EAJk alde biko ituna lehenesten du; EH Bilduk, Estatu propioa; eta PSE-EEk eta PPk, aldiz, gaur egun dagoenaren nolabaiteko erreforma nahi dute. Hortik abiatuta, edukietan sakontzerakoan dagoen aldea ez da kasualitatea, jeltzaleek, adibidez, 68 orrialdetan zehar jorratu baitute euren egitasmoa eta ezker abertzalea biltzen duen koalizioak, ostera, 15 besterik ez baititu behar izan. Xehetasunetatik eta egungo errealitatea aintzat hartzetik borondate hutsezko gurarira dagoen jauzia adierazten du horrek.
Izan ere, bere historian zehar estrategia politikorako erakutsi dituen dohainek ekarri dute dagoenera Sorturen eta ingurukoen mundua, hauteskunde mailako gainbeherara eta hainbat arazo konpontzeko modurik ez izatera, eta aurrera begira ere ez ei dute errealitatean oinarritzeko behar besteko asmorik. EAE erabaki esparrutzat hartzen dute, bai, eta herritarren borondatea aipatzen dute, baita, baina Estatu propioaren sorrerak ez du posible ematen 1979az geroztiko hurrengo jauzi honetan. Eta ez kanpoko faktoreen eraginez bakarrik, barruko askok ere ez baitute oraingoz laguntzen. Beharbada hori jakin badakitelako ez dute zehazten ez ibilbide orririk ez egutegirik aldebakarrekoa beharko lukeen maila horretako asmoan.
Sozialisten eta popularren proposamenetan orain artekoari lotzeko asmo argia dago. Lehenek, Estatutuaren erreforma adostasunez eta egungo legedia errespetatuz gauzatu nahi dute, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote autogobernua eguneratzeari buruzko proiektu zehatza lantzea. Konstituzioa ildo federalera eramateko asmotan dabiltza, estatutuetako eskumenak blindatzeko eta erkidegoei bermeak eskaintzeko. Nazio hitza onartzearen aldekoak dira Euskadiri dagokionean, baina kontzeptua mugatuta. Hortik aurrera, EAEko Justizia Auzitegia azken ohiko instantzia izatea proposatzen dute, berezko eskumenei dagokienean aldebikotasuna zehaztea, Eusko Legebiltzarrari zergak biltzeko eskumenak aitortzea eta kutxa bakarra hautsi gabe Gizarte Segurantza bertoko erakundeen esku jartzea, besteak beste. Azken honen kudeaketa ekonomikoa EAEri legokioke jada Gernikako Estatutuaren arabera, baina Espainiako gobernuek uko egin diote hiru hamarkada luzetan hori betetzeari. PPkoek, bestalde, orain artekoaren goraipamena egiteaz gain, Konstituzioa zein Estatutua aldatzeko ezarritako bideak errespetatzea eta ahalik eta adostasun zabalena lortzea eskatzen dute. Dena den, beharrezkoago irizten diote Euskadiren barne araudiak aldatzeari Estatuaren aldetik eskumen berriak lortzeari baino.
EAJren dokumentua bereziki aintzat hartzekoa da, euskal alderdi nagusia delako eta oso landuta dagoelako. Autogobernuan sakontzekoetan jeltzaleek berebiziko akulu lana egin dute beti, eta horiei zor zaie hainbat eskumen paperetik errealitatera eramatea. Legebiltzarrean aurkeztu dutena ez da, berez, estatus berrirako proposamena, horri begirako akordioa lortzeko oinarriak aletzen dituena baizik. Mahai gainean jarri dutenetik, prest daude negoziatzeko eta adostasun zabalak bilatzeko, Gernikako Estatutuak bere sasoian jaso zuen babesa handitzeko. Independentzia lortzeko azken xedea inoiz baztertu gabe, jomuga horri ez diote orain errealista irizten eta, hala, egungo euskal gizartearen osaketa aintzat hartuta ahalik eta jauzi kualitatiborik handiena egitearen aldekoak dira, aldebakarreko asmoak baztertuta. Beraz, ausart jokatu gura dute politikoki, baina juridikoki bideragarria den egitasmo baten bitartez eta lau ardatz oinarritzat hartuta: printzipio demokratikoa, aitortza nazionala, aldebikotasuna eta erabaki eskubidea.
Alderdi jeltzalearen irudiko, lau horietako lehenak beharrezko egiten du euskal herritarren borondateari balio garrantzitsu eta jatorrikoa ematea. Ondorioz, Estatuak bere egin beharko luke bai negoziatzeko betebeharra, eta baita euskal herritarrek adierazitako nahiari erantzute aldera Konstituzioan eta legeetan egin beharreko doikuntzak adostekoa ere. Aniztasunaren aldeko aldarrikapena egiten dute jeltzaleek, euskal gizartea askotariko nortasunek eratzen dutela nabarmenduta. Hortik jota, gatazka politikoa ebazteko metodoa elkarrizketarena, negoziazioarena eta indar politikoen arteko akordioa zabalena dela uste dute baina, horiek ezean, gizartearen gehiengoarekiko begirunearen aldekoak direla zehaztuta. 
Euskal Herria herri bakarra dela dio EAJk bere oinarrien berri ematerakoan, Europako herrien artean berezko nortasuna duena, baina zazpi lurraldeak egun bi estatutako hiru eremu juridiko-politikotan egituratzen direla gogora ekarrita. Dena den, euskal autogobernua eguneratzeko etorkizuneko akordioek Euskal Herriaren nortasun nazionala aitortzearen alde egiten du, eta Euskal Herria subjektu juridiko eta politikoa dela erantsi, bere etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidea eta gaitasuna duena, itaundua izatekoa eta modu demokratikoan adierazitako bere borondatea aintzat hartzekoa. Hala, eremu juridiko-politiko bakoitzeko hiritarren borondate demokratikoa errespetatzeko galdegiten du EAJk.
Estatutua aldatzeko proiektuak eskumenen banaketa ekarri behar du jeltzaleen esanetan, EAEri eskumen esklusibo ugari aitortzeko, subsidiariotasun eta hurbiltasun printzipioak gehitu eta indartuta, eta hondar-klausulen printzipioa Euskadiren alde jarrita. Halaber, Estatuari esleitu ez zaizkion politika publiko eta eskumen-eremu guztietan ahalmen legegilea egikaritu beharko luke erkidegoak, eta zerbitzu publikoen gainean euskal erakundeei aitortuko litzaieke eskumenen jabego bakarra. Estatuaren eta Euskadiren arteko harreman politiko-instituzionalen sistemari egitura berria ematearen aldekoak dira EAJkoak, eta aldebiko berme sistema ezartzearen aldekoak. Nafarroarekiko eta Iparraldearekiko harremanetan herritarren eta horien erakundeen borondatea jotzen dute muga bakartzat, eta Europan zein nazioartean euskal erakundeek ordezkaritza izatea beharrezkotzat jotzen dute.
Azkenik, hizkuntza politika elkarbizitzarako eta gizartearen kohesiorako baliatzea eta  Kontzertu Ekonomikoaren sistemaren araubideak eguneratzea gura dute EAJko kideek. Euren oinarri guzti hauen defentsari eutsiko diote jeltzaleek Eusko Legebiltzarrean eta honek zehaztu eta berretsiko ditu autogobernua eguneratzeko adosten direnak. Behin proiektua onartuta, EAJren oinarrien arabera, legez loteslea ez den kontsulta batean berretsiko lukete euskal herritarrek Gorteetara eraman aurretik, bertotik igorritakoari ahalik eta indar handiena eman asmoz.
Bihar-etzi Euskadik politikoki izan behar duena marrazten hasi da dagoeneko. Ez da gutxi, orain artekoak ikusita. ETAren osteko sasoi honetan posible izan behar da gutxieneko akordioak lortzea, joko arau partekatuak ahalbidetzea. Inork bereari uko egin gabe eta errealitate soziala eta politikoa iparrorratz hartuta. Bateraezin diruditen asko bateragarri eginda, bateko eta besteko euskal herritarren asmoak eta gurariak aintzat hartuta. 1979an lortutakoa emankorra izan da oso, eta badago horretan sakontzerik, autogobernua eta ongizatea estu lotuta, Euskal Herriari dagokion aitortza jasota eta orain arteko adostasunak eguneratuta.

Urtarrilaren 18an elcorreo.com-en argitaratua     

martes, enero 12, 2016

Prozesurik ba ote?

Carles Puigdemont da Generalitateko buru berria, independentzia prozesuak aurrera egin dezan Artur Masek hautagai izateari uko egin ostean. Baina azken hiru hilabeteotan jazotakoak ez dira alperrik joango, eta datorrena baldintzatuko dute. 
Irailaren 27ko hauteskundeez geroztik Katalunia noraezean ibili da, Junts pel Sí eta CUPen arteko amaigabeko negoziazioak zirela eta. Emaitzek elkarlanera derrigortu zituzten talde biak, nahiz eta bigarrenek Artur Mas sekula babestuko ez zutela behin eta berriz aldarrikatu. Gobernuburu ohia funtsezkoa izan da ‘prozesua’ deitu den hori gaur egungora ekartzeko, Convergència (CDC) ordezkari duten sektore zabalak horren alde jartzeko. Ez legoke independentzia lortzeko inolako aukerarik horien babesik gabe, estrategikoak baitira hainbat aldetatik. Izan ere, jauzi hori ‘ezkerretik’ egin daitekeela diotenak oker dabiltza zeharo, plebiszitu bihurtutako hauteskundeetakoak baino boz gehiago beharko baitira prozesua bururaino eraman ahal izateko.
Pujol auziak eragindako krisiak min egin dio CDCri eta, beharbada, horregatik egin zuen Junts pel Sí koalizioaren hautua, beharra aukera bihurtu guran. Ulergaitza izan zen, dena den, Mas Bartzelonako zerrendako laugarren jartzea, Raül Romevaren mesedetan buru izateari uko eginda. Azken urteotan krisiari aurre egiteko Generalitateak abiarazitako hainbat neurriren aurkakoak ez uxatzeko modua izan zitekeen hori, baina erabaki nahasi horrek egoera aldrebestu baino ez zuen egin. Gehiengo osorik gabe geratu zen presidentearen zerrenda, nahiz eta botoen ia %40 eta 135etik 62 ordezkari lortu. CUP ezinbesteko bihurtze horrek sekulako korapiloa eragin du gerora, azken momentura arte askatu ezinezkoa, ia hauteskundeak errepikatzera eraman duena. Egoera horretan, Parlamentua osatu eta berehala Espainiarekiko ‘deskonexioa’ abiarazteko onartutako adierazpena hankamotz geratu zen gobernu sendo bat gorpuzteko aukerarik gabe. Presaka aritu ziren subiranismoaren ordezkariak, hauteskundeetan lortutako bozen %48a nahikotzat jota. Baina, gerokoak ikusita, ez zuten asmatu, aldarrikapen hori ahuldu egin baita asteek aurrera egin ahala.
Masen irmotasunak eta CUPen barruko desadostasunek irteerarik gabekoa ematen zuen egoerara eraman dute prozesua urritik hona. Presidentea hauteskundeak alde handiz irabazi zituen koalizioaren hautagaia zen, eta bazuen eskubide osoa azkeneraino inbestidura lortzen saiatzeko. Baina tartean jazo direnek azoka itxura eman diote negoziazioari, hain momentu erabakigarriak bestelako jokamoldeak eskatzen zituenean. Mas funtsezkoa izan da orain arte prozesuan sakontzeko, berau politikoki eta sozialki elikatzeko, maila instituzionaleko dinamiketan aurrera egiteko. Alde horretatik, oso esker txarrekoa izan da CUP, eta ikusteke dago Puigdemont-ek hutsune hori eraginkortasunez bete ahal izango duen. Prozesu historikoak horien buru diren pertsonak ere badira neurri batean, lidergorako eta mobilizaziorako ahalmena dutenak.
Katalunian azken urteotan gertatu direnek uste baino eragin handiagoa izango dute Espainiako politikagintzan. Erabaki eskubideari dagokionez, lehenik eta behin. Abenduaren 20tik aurrera, Kongresuko hirugarren bloke politikoa horren alde dago, nahiz eta independentziaren aurkakoa izan. Batasunak borondatezkoa izan behar duela esateak ia iraultzailea ematen du oraindik, baina Estatuko lurralde egituraren oso sakoneko arazoa baino ez du islatzen, egunen batean bide demokratiko eta arautuetatik konpondu beharko dena. Horren nolabaiteko sozializazioan urratsak egin dira Kataluniako prozesuaren eskutik, eskubide horren aldekoak lehendik ere oso nagusi baitira bertan eta Euskadin. Errealitate horri politikatik erantzun behar zaio ezinbestean, ez adierazpen handioso hutsaletatik. PPk zeharo arduragabe jokatu zuen Estatut berria landu eta onartzeko prozesuan, eta hartatik honakoetako asko azal daitezke. Independentzia bururaino eramateko gehiengorik ote dagoen ez dago behar bezain argi Katalunian, are gehiago azken hilabeteotako geldialdiaren ondoren, baina erabaki eskubideak gehiengo zabalaren sostengua du, eta zeharkakoarena. Ukazioa ez da, beraz, errealitate horri heltzeko bidea.
CDC-k eta CUP-ek ez zuten orain hauteskunderik nahi, iraileko emaitzetan behera egin zezaketela eta. Eta hori izan da, akaso, egoera konponbidean jarri duena. Ez da kasualitatea aurrerantzean Masek bere alderdia birsortu eta berrindartzeko lanei ekitea, Convergència horren oso beharrean dagoelako. Abenduaren 20ko emaitzek Katalunia politikoki poliedrikoa dela erakutsi zuten berriz, deialdiaren arabera moldatzeko modukoa. Podemos eta En Comú-ren arrakastak kezka eragin zuen lerro subiranistetan, hauteskunde autonomikoak errepikatzeak ekar zezakeenaren aurrekoa. Iraileko emaitzek, ziurrenik, prozesua moteldu, egokitu eta zabaltzera behartzen zituzten independentziaren aldekoak, baina ez zuten bide horretatik jo. Eragile sozialen eta politikoen arteko uztardura konplexuak asko baldintzatu du 2012ko Diadaz geroztik jazotakoa, eta oraingoan ere bete-betean eragin du. Puigdemont aukeratu ostetik abiatutako etapa berrian, ‘preindependentziarenean’, prozesua berregiten saiatu beharko dute batzuek eta besteek, CUPekin lortutako akordio parlamentario bitxi eta ezohikoa gorabehera, gehiengo sozial sendorik gabe azken helburua lortzerik izango ez dutela jakinda. Alde horretatik prozesua higatuta dago, eta datozen hamazortzi hilabeteetan inoiz baino finago, zorrotzago eta eskuzabalago jokatu beharko dute berorren bultzatzaileek.
Bitartean, Espainiako jarduneko gobernuak Bartzelonatik etor litekeenari aurre egiteko asmoa agertu du, eta horretarako dei egin dio PSOEri Rajoyren inbestidura erraztu dezan. Alderdikeria eta Estatu interesak nahaste horretan maisutasunez aritzen dira popularrak, eta oso estu har ditzakete sozialistak, auzi politiko erraldoi bati erantzuna ematerakoan PPrengandik bereizteko borondaterik eta ahalmenik gabe baitabiltza. Kataluniakoak Espainiakoa erabaki dezake, eta PSOE lur jota utzi. Hilabete bizi-biziak datoz, oinarrizko arazo askori behingoz heldu eta erantzutekoak, demokrazian sakontzeko beharko luketenak. Aldarrikapenetan ezkutatzea eta lerrokatzeak bultzatzea da errazena, baina horrek ez du ezer konponduko.

Urtarrilaren 11n elcorreo.com-en argitaratua

viernes, enero 01, 2016