lunes, febrero 29, 2016

Batasuna eta indarra

EAJk bere Batzar Nagusia egin berri du Iruñean, 1977an bertantxe izandakoa oso gogoan. Han bildutakoek berebiziko garrantzia duen dokumentu politikoa onartu dute, bere ildo nagusietan Euskadiren etorkizuna aurreratzen duena.
Diktaduraren ostekoetan jeltzaleek beste inork baino hobeto asmatu zuten, zetorrenaz ohartu eta Euskadiren erakundetze prozesuari ekiterakoan. Duela ia berrogei urte Nafarroako hiriburuko Amaya hotelean eta Anaitasuna kiroldegian bildutakoek etorkizunaren zirriborroa egin zuten, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidetik abiatuta. Erbestean luze ibili behar izandako buruzagi historikoen memoria iparrorratz modura baliatu eta Francoren garai ilun eta bortitzetan Aguirre lehendakariaren Jaurlaritzaren lekukoari gogotsu eutsita, 1977ko bilera hartan euskal autogobernua berreskuratzeko eta eguneratzeko urrats erabakigarriak egin ziren. Martxoaren 24tik 27ra bitartean, belaunaldi ezberdinen arteko konpromiso estua tarteko, askatasun nahiak zehaztu eta egitasmo politiko bideragarri eta ilusioz betetakoa landu zen. Dena zegoen egiteko, eta ardura hori euren gain hartu zuten bertan bildutakoek, Errepublika garaian lau hamarkada lehenago legez; gizartearen gehiengoaren babesa lagun, euskal autogobernuaren giltzarri izateko. Han egon zirenek ez dute ahaztu, esaterako, Manuel Irujori egin zitzaion harrera beroa. Iraganean zegoen etorkizuna, eraikitzeko borondatean, legitimitate demokratikoan, ezberdinen arteko akordioetan. Irujo bera, José Antonio Aguirre, Jesús María Leizaola, Juan Ajuriaguerra eta euren moduko beste asko ziren etorkizuna, herri oso baten borondate demokratikoaren gordelari izanik, zetorrena eurengan oinarritu behar zelako.
Hala, orduan askok hori ikusi ez arren, ‘Alderdi zaharra’ gazteena zen, belaunaldi eredugarri baten irakaspenei jarraitzen zielako, herrigintzarako eta naziogintzarako tresnak zituelako, epe luzera begiratzen zekielako. Indarkeriaren hautua egin zutenek, aldiz, hildakoz eta odolez betetako inorako bidetik jo zuten, samina besterik ekarri ez duen horretatik, Euskal Herriko historian orban modura geratuko denetik. Demokraziarena eta eraikuntza nazionalarena zen zuzeneko apustua, gerra aurrekoek ondo zekitenez eta EAJk beti bere egin zuenez. Iruñeko Batzar Nagusi hartan jarri ziren gerorako zutabeak, Gernikako Estatutuarenak, Eusko Legebiltzarrarenak, Jaurlaritzarenak, Euskadiren erakundetze modernoarenak, autogobernua eta ongizatea elkarren artean zeharo osagarri egitearenak. Urteotan, Garaikoetxea, Ardanza, Ibarretxe eta Urkullu lehendakariek gauzatu dute orduan jeltzaleek amestutakoa eta orain, indarkeriaren erabateko porrot politikoa gordin nabarmendutakoan, Euskadi jauzi berri baterako prest utzi dute hamarkadotan zutik jarri eta aurreratutakoari esker.
Abiapuntu hura oso gogoan izan dute otsailaren bigarren asteburuan Iruñean bildu direnek. Izan ere, Andoni Ortuzar EBBko lehendakari babes osoz berraukeratzekoa une gozoa da jeltzaleentzat. 1986ko zatiketa mingarria gaindituta, Jaurlaritza euren esku dago, EAEko hiru foru aldundiak eta hiriburuetako udalak bezala. Eta Nafarroako Gobernuan abertzale bat da buru, EAJ zatietakoa duen Geroa Bai koalizioari esker. Uxue Barkos presidentea Baluarteko batzarrean hartu izana mugarri historikoa da, erresuma zaharreko errealitate soziopolitikotik abiatuta eta bertako erabaki esparrua aintzat hartuta lor daitezkeenen adibide, Iruñeko Foruen plazako ekitaldi xume baina indarrez betetako eta oso sinbolikoan mamitutakoena. Euskal Herriaren zatiek egunen batean edozelango eta edozein mailatako proiektu politikoren batean topo egiteko eskuzabaltasuna, harkortasuna, malgutasuna, irudimena eta halako asko behar izango dira, eta alderdi jeltzaleari dagokio aitzindari eta bultzagile izatea, oso aspalditik hala jokatuta lortu baitira gaur egungoak ere. Batasuna eta indarra nahitaezko izan ziren 1977az geroztiko lorpen nagusietarako, eta halaxe izango dira orain ere. Egitasmo politiko zehatz, landu, moderno, aurrerakoi eta abegikor baten inguruko batasuna, eta herritarren babesari esker lortutako indarra.
Batzar Nagusian onartutako dokumentu politikoa autogobernuari buruzko Legebiltzarreko lantaldean aurkeztutakoaren eskutik doa. Euskadiri nazio gisa dagokion aitortza, aldebikotasuna eta erabakitzeko eskubidea dira berorren ardatz nagusiak, eta horien inguruan mamituko da berandu baino lehen hitzartu beharko den Estatus Berria. Norabide horretan, EAJk aurtengo hauteskunde autonomikoetan du lehen erronka nagusia eta barne batasun handiz ekingo dio. Jeltzaleen artean ez dago erlaxaziorik ez konformismorik, besterik gabe eusten geratzerik. Gizartea aldatzen ari dela badakite, eta kalean jazotzen direnei eta bertako kezkei oso lotutakoak dira Iruñeko erabakietako asko. Dokumentu politikoa bera, baina baita Gizarte Segurantza propioaren aldeko apustua, alderdi barruan genero berdintasunean sakontzeko nahia edo-ta giza-bizitzaren amaiera duina arautzeari buruzkoa, besteak beste. Garaietara moldatzeko eta gauza askotan aurrea hartzeko gaitasuna erakutsi du EAJk urteotan, eta oraingoan ere ez dio uko egin gai korapilatsuenak aztertu eta horien inguruko proposamenak egiteari. Egitura partehartzailea da jeltzaleena, horrelakoak herenegun eurek asmatu dituztela uste duten alderdiak badiren arren, eta azken hilabeteotan eztabaida mamitsuak izan dira uri buru batzarretan eta lurralde mailakoetan; Batzar Nagusira begira adostasunak lantzeko bestekoak. Horrek azaltzen du Andoni Ortuzarren lidergoaren inguruko adostasun erabatekoa ere, aurretiazko lanak, hitz egiteko gaitasunak, norabidea argi izateak. Aurreko guztian oinarritu du EBBko lehendakariak bere zeregina, lausotasunik gabe, eta ez dago zirrikiturik ekinbide politiko horretan.
1977ko Iruñeko hitzordua belaunaldien arteko bat egitearena izan zen, legitimitate historikoa etorkizunean tinko proiektatzekoa, jazarpenaren bidez berrogei urtez zapaldutakoa berriz zutik jartzekoa. 2016koa, aldiz, Anaitasunako orduko hautu nagusiak berretsi eta asmatu zela ospatzekoa izan da, lortutako guztia hobetzekoa, EAE eta Nafarroaren arteko harremana eta lankidetza sendotu eta elkar gerturatzen jarraitzeko apustua egitekoa, autogobernua indartzekoa, Europan Euskadiri dagokion lekua emateko lanari eustekoa, euskal gizarteak maila politikoan, ekonomikoan eta sozialean dituen arazo nagusiei konponbideak bilatzekoa. Abertzaletasunaren bizkarrezurra da EAJ, eta badu lana aurretik. Baina atzera harrotasunez begiratu ahal izatea da datorrenari kementsu aurre egiteko modurik onena.

Otsailaren 22an elcorreo.com-en argitaratua

martes, febrero 09, 2016

Mozorro garaia

Gabonetako bazkari-afariez eta giroaz gozatzen egon berritan, badatoz inauteriak. Urtarrilak aldapa dakar, gehiegikeriei aurre egin beharrak uzten duena, baina ziztu bizian egin du alde, zailtasunez betetako sasoiotan zama lehenbailehen arindu nahi izan balu bezala. Beherapenek ez dute lagundu diru-iturriaren txorrota ixten, eta lehortea otsailaren beharrean zegoen poltsikoak berriz loratzeko. Igande gris baten ostean, ia oharkabean heldu da hilabete laburrena, aurten hogeita bederatzigarrena erantsita, heldu ez den neguari berriz saia dadin egun bat oparitzekotan edo. Eta egutegiko orrian zeharreko bidea alaitzeko aratusteak iragarri ditu lehenik, diren horretatik ihes egin guran dabiltzanei eguneroko mozorroa erantzi eta berria soinean jartzeko aukera emateko.
Euskaldunok, beharbada zenbait herritakoek salbu, ez dugu dohain berezirik eguenean abiatzen direnetan bete-betean murgiltzeko. Batek daki zein arrazoi atabiko dela medio, serioegi heltzen diogu bizitzari eta horrek dakarren eguneroko jardunari. Zurrun antzera aritzen gara munduaren aurrean, gure buruaz barre egiteko ohiko defizitak jota. Mozorroa jartzea ez da nahikoa, berori eramaten jakin behar baita, azal berri hori guztiz norbereganatzen, bihurtu garen hori sinesgarri egiten, umorearen kodeez jabetzen, gainerako egunetan garena hobetzen. Baldar aritzen gara horretan, betiko makuluak baliatuta, naturak edo giroak eman ez diguna bestelakoez ordezten.
Txitxiburduntziak heltzear dagoena iragarri eta gero, eguen zuria, bariku mehea eta inauteri beteko egunak datoz jarraian. Horien aurrean agertzen dugun jokabideak zehazten du bizitzari buruzko zein ikuspegi den gurea. Itxuraz aldatzeko gaitasuna, kolorez eta irudimenez blai eginda kaleratzekoa, ondare baliotsua da. Are gehiago malenkonia nagusi den sasoiotan, itzuliko ez den iragan hurbilari inoiz baino gehiago begiratzen zaionean. Bizipozak noraezean edo beti norabide berean dabiltzanetako asko salba ditzake, errutina urratzeko ahalmena lagun.
Zertarako garen ulertzera hurbiltzeak bizitza osoa behar du. Haraindikoari egunerokotik baino ezin zaio heldu, izan ordez bizitzetik, norbera dena ondo ezagutzetik eta horren araberako jardunetik. Barre egin eta poz hori ingurukoekin partekatu ahal izatea luxua da, eta ezin da aukera bakar bat galdu. Ezin zaie inauteriei alperrik joaten utzi. 

martes, febrero 02, 2016

Lorpenen zerrenda

Hauteskunde autonomikoak datoz uda ostean eta euskal alderdiak lehia horretarako prestatzen ari dira. Abenduaren 20ko emaitzak ez dira benetako erreferentzia izango, baina guztiek hartuko dituzte aintzat euren estrategiak lantzerakoan.  
Egonkor joan da oraingo legealdia, nahiz eta 2012an EAJk gehiengo osorik lortu ez. Iñigo Urkullu lehendakariaren izaerak eta jardunak, batetik, eta jeltzaleen negoziaziorako ahalmenak, bestetik, lortu dute hori. Ekonomiarekin lotutakoak izan ditu lehentasun Jaurlaritzak, krisiak utzitako zauri sakonek hala eskatzen baitzuten. Eta zuzen zebilen horrela jokatzerakoan, premiazkoa baitzen hainbat familiarengan larri eragin duen egoera arintzea eta onerako bideratzea. Lehendakariak maila handiko irudi instituzionala agertu du hiru urte eta erdiotan, eta baita bere gobernuak ere. Ezerk ez ditu funtsezko zen horretatik urrundu, nahiz eta beste hainbat arlotan ere aurrerapausoak eman diren. Hala, Legebiltzarrean duten ordezkaritzatik askoz haratagoko jardunerako gaitasuna erakutsi dute, kudeaketa zereginetan eraginkor aritu eta gainerako alderdi politikoekin funtsezko gaietan akordioak bilatuta. Emaitzetako batzuk begibistakoak dira: langabezia %12,8an dago jada eta Estatuko txikiena da, ongizate sistemaren berme diren oinarrizko tresnek sendo jarraitzen dute eta autogobernu eredua eguneratu eta zabal adosteko urrats erabakigarriak egiten ari dira, besteak beste. Bide hori jorratzerakoan, EAJk alde guztietara begiratzen jakin du, nahiz eta aurrekontuei dagokienez PSE-EE izan zaion lagungarrien. Berezko ildotik abiatuta, Jaurlaritzak zein berau osatzen duen alderdiak jarrera proaktiboa izan dute bidelagun, euskal gizarteak dituen arazo larrienei aurre egin nahian. Ez dute ahul itxurarik eman, ez dira ezkutatu, eta sasoi honetan hainbesteko balioa duen egonkortasuna bilatu dute, gobernu-jarduera zabal eta osatuari ekiteko. Ez da egonean geratzeko estrategia izan, urrats sendoak egitekoa baizik, maila ekonomikoan, sozialean eta bestelakoetan aurrera egin ahal izatekoa.
Hauteskunde autonomikoak guztien arteko garrantzitsuenak dira jeltzaleentzat, Euskadirentzat duten egitasmo politikoa jorratzeko oinarrizko direnak. Ajuria Enean jarraitzea lehen mailako helburua da, orain arte egindakoei eutsi eta datozen lau urteotan beste hainbat gauzatzeko. Ondare politiko aberatsaren jabe izanda aurkeztuko dira, autogobernu sistemaren ezinbesteko eragile izan direlako eta Urkullu lehendakariaren agintepekoa lorpen ugariko tartea izan delako. Hortik aurrera badago zer egin, ekonomia epe luzera begira sendotzeko, ongizate eredua bermatzeko, iraganekoak gainditu eta bizikidetzan jauziak emateko, euskal herritarren borondate politikoari ate berriak zabaltzeko eta autogobernu ereduan sakontzeko, adibidez. Eta guzti horietarako egitasmo zehatza dutela frogatu dute jeltzaleek, eskuak luzatuta eta besteenganako begirunez jokatuta. Abiapuntu egokia da datozen lau urteotako desafioei ekiteko eta Euskadik beharrezko dituen aldaketak errealitate bihurtzen hasteko.
Inork gehiengo osorik ez izateak, elkarrizketan sakontzera behartuko ditu euskal alderdi politikoak aurrera begira ere. Gobernagarritasuna bermatzeko sozialistak izan ditzake lagun EAJk, dagoeneko aldundietan eta udal askotan gertatzen den legez, baina hauen sendotasunaren araberakoa izango da lankidetza hori. Maldan behera aritu da azken urteotan PSE-EE, eta Madrilen datozen asteotan gertatzen direnek baldintzatuko dute osteko guztia Idoia Mendiaren alderdiarentzat. Asmo landua, zehatza eta ausarta beharko dute hauteskunde autonomikoetarako, ez eustekoa, ez ohikotik jotzekoa. EAEko sozialisten krisiak osagai asko ditu, baina horietakoak dira ezkerreko bozemaile askoren aurrean sinesgarritasuna galdu izana, autogobernuan sakontzeko uzkur agertzea eta, bertoko nortasun nazionalaren hainbat ezaugarri bere egin eta egunerokoan baliatzerakoan, aspaldi babesa ematen zieten askoren hurrengo belaunaldien atzetik joatea.
Beharrak jota daudenen artean ezker abertzalea dabil larrien. Azkenaldiko porroten ostean, Eusko Legebiltzarrera begirako bozetan beste atzerapauso bat egiteak krisi gorrira bultza ditzake, ziklo bat ixtera, berregituratzera. Arnaldo Otegi martxoaren lehenean utziko dute aske eta, ardura publikoetarako ezarriko zaizkion baldintzak gorabehera, lehen mailako protagonismoa izango du aurrerantzean. Bere jarduera politikoa mugatzeko egin litezkeen saiakerek elkartasun olatua eragin dezakete, eta EH Bilduri hautestontzietan arnasa eman. Elgoibartarrak kalean behar zuen urteotan, politikan aritzeko oztoporik gabe. ETAren amaiera praktikorako lehen mailako eragilea izan zen eta herritarrek agertzen dioten babesaren araberako zeregin politikoa dagokio etorkizunean. Barruko tentsioak lasaitzen, lidergo sendoa gauzatzen eta ildo berriak arakatzen funtsezkoa zaio Otegi Sorturi, eta abenduaren 20ko kolpea gainditzeko oso lagungarri izan dakioke.
Hauteskunde orokorrak ez dira autonomikoak, inondik inora, baina EH Bilduren gainbehera ez da atzokoa. Orain dituen hainbat arazo larri konpontzeko aukerak galdu zituen ezker abertzaleak negoziazio mahaietan, estrategiarako, gizartearen nondik norakoak ulertzeko eta abagune historikoen garrantziaz ohartzeko erakutsitako gaitasun ezaren seinale. Orain dena zaie zailagoa, eta besteei egotzi nahi dizkiete euren hankasartzeak. Zauri horiei darien zornea ez da nolanahikoa, eta aurrera begirako euren jarduna mugatzen du erabat. Podemos-ek lortutako arrakastak hausnarketara eraman ditu, eta Legebiltzarrera begirako bozen osteko elkarren arteko aliantzak lantzera bultza ditzake hilabeteotan. Horien eskutik baino ez du izango aukerarik EH Bilduk EAJri aurre egiten saiatzeko, balizko batuketaren buru izanda. Horretan saiatuko dira, baina zail dute.
2016ak asko emango du euskal politikagintzan. Batzuk eta besteak azken lau urteotan egin dutenarekin aurkeztuko dira gizartearen aurrera, eta badago aldea. Bestelakoekiko oso ezberdin jokatzen dute herritarrek jokoan lehendakaritza dagoenean, eta horren bila dabiltzanek ez lukete ahaztu behar. Azken momentuko itxurek barik ibilbide luzeak balio du honelakoetan, lorpenen zerrendak. Eta lasterketa horretan badira aspaldi oso atzean geratu zirenak edo harrokeriz beteta bat batean agertu eta nondik jo ez dakitenak.

Otsailaren 1ean elcorreo.com-en argitaratua