viernes, junio 30, 2017

Galdera ikurrak

Gure Esku Dago plataformak milaka lagun bildu zituen zapatuan Bilbon, erabaki eskubidea gauzatzeko balizko galdeketa baten aldeko ekitaldian. Orain arte, baina, hainbat herritan egin dituen saiakeretan parte hartzea ez da behar adinakoa izan.
Jendetsua izan zen galdera ikur itxurako mosaiko erraldoia osatzeko Gure Esku Dagok (GED) deitutako mobilizazioa. Bilboko Euskadi plaza eta Eliptikoa elkartu zituzten parte hartzaileek irudi horren bitartez, milaka puxika eta elastiko gorri baliatuta; ostean Herritarron Ituna deritzana aurkeztu aurretik. Ez da lehen aldia, baina, 2013an sortuz geroztik herritarren atxikimendu zabala jasotzen duena. Oso gogoratzekoa da erabakitzeko eskubidearen alde 2014ko ekainaren 8an Durangotik Iruñera bitartean 123 kilometroz Euskal Herria zeharkatu zuen giza kate erraldoia, sakoneko arazo politiko baten isla izandakoa. Dezente apalagoa izan zen hurrengo urtean hiriburuetan egindako ekitaldiek lortutako erantzuna, inondik inora gutxiestekoa izan ez arren. Mobilizazio handiekin batera, duela hiru urteko apirilerik hona 142 galdeketa bultzatu dituzte, eta orotako errolda 549.057 lagunekoa izanda 146.590 herritarrek bozkatu dute, %26,7ko bataz bestekoa lortzeraino. Datorren domekan, berriz, beste 24 udalerritan dira galdeketak egitekoak.
GED-k Katalunia hartu du erreferentetzat hasiera-hasietatik. Hango prozesu subiranista izan da eredu, bertan jazotakoak Euskal Herrirako ere balio duelakoan. Ez bakarrik horrek, jakina; baita Eskozia edo Quebec-ekoek ere. Baina aktibaziorako funtsezko bultzagarria lehena izan da, horri babesa agertzeko zein bertoko urratsak maila kualitatibo eta kuantitatiboan neurtzeko. Kataluniako azken bost urteotako dinamika politikoa, baina, berezkoa da erabat. Estatut berriak jasandako mozketek eta oinarrizko zenbait ezaugarri propioren aurkako aspaldiko jokabide ezin onartuzkoek eragin zuten esparru sozialetik aro autonomista gainditzeko mobilizazioetara deitzea, arrakasta handiz. Azken urteotako Diadak dira horren erakusgarri —batik bat 2014koa, 1,8 milioi lagun inguru bildu zituena—. Artur Mas eta Carles Puigdemont Generalitat-eko presidenteek hartu dute gerora eskaera horri erakundeetatik egokiro erantzuteko ardura, eta azkenak datorren urriaren 1erako iragarri du independentziaren inguruan erabakitzeko galdeketa.
Euskal Herriko egoera oso bestelakoa da, ordea. Bai Hegoaldekoa zein Iparraldekoa. Euskal Autonomia Erkidegoan Iñigo Urkullu lehendakariak, aldarrikapen nazionalak oso gogoan, ekonomia eta ongizate soziala hartu ditu lehentasuntzat, azken urteotako krisi latza gainditu, langabezia murriztu eta herritarren egunerokoa hobetu asmoz. Apustu horrek saria jaso zuen ordainetan iraileko hauteskunde autonomikoetan, ezarritako norabidea egokia den seinale. Nafarroan, Uxue Barkosen gobernua UPNren urte luzetako sektarismoa gainditu, aniztasuna lehenetsi eta 2015etik honako aldaketa kudeaketa lan on baten eskutik egonkortzeko zereginean ari da buru-belarri. Iparraldean, azkenik, Euskal Elkargoaren sorrera luzaroko berri garrantzitsuena da, bertako lurraldeei gutxieneko egitura bateratua eskaintzen dien neurrian. Elkarlana eta hainbat orekari eustea eskatuko du guzti hori hiru eremuetan bururaino eramateak, eta horrek ematen du premiazkoena gaur egun.
Hala ulertu dute, antza denez, hainbat herritarrek ere, GED-ren galdeketak ondo aukeratutako udalerrietan egin arren, laurdena baino ez delako bozkatzera gerturatu. Erabaki eskubidea eta independentzia gehiegi nahastea izan daiteke arrazoietako beste bat, lehenari buruzkoa ei den dinamikak bigarrenari buruz galdetu duelako hainbatetan. Lekuan lekuko egoera soziologikoa eta hauteskundeetako emaitzak aintzat hartuta, ez dago zalantzan jartzerik herri horietan guztietan gehiengo oso zabala erabaki eskubidearen aldekoa dela. Baina beste kontu bat da galdeketon bitartez proposatzen zaiena uneon orekatu, probetxuzko, behar bezain anitz eta Euskal Herri osoko errealitatearekin bateragarri iruditzen zaien. Beharbada, hain momentu erabakigarrian, Nafarroan eta Iparraldean esaterako, honelakoek euskal nazio izaeraren aurka bete-betean ari direnak elika ditzaketelako.  
Bere etorkizunaz erabakitzeko eskubidea euskal gizarteari dagokio, gehiengo ahalik eta zabalenak adostu eta bideratutako eran. Eta horra heldu ahal izateko, badago zer egin nazio eraikuntzari dagokionez, orain arteko moduan autogobernua eta ongizatea pareko izan daitezen, lehena bigarrenaren berme izan dadin, edo-ta lurraldeen arteko loturak estutzeko. Abiapuntua kontuan hartuta, prozesu historiko luzea da honakoa, gizaldietako errealitatea ezin baita lau hamarkadatan zeharo aldatu. Asko egin da 1979az geroztik, maila ekonomikoan, sozialean, hizkuntzarenean eta bestelakoetan; baina beste horrenbeste dago egiteko, gutxienez. Erabaki eskubideak berak ere hainbatetan zehaztasuna falta du zenbait buruzagi politikoren ahotan; oinarrizkora jota, subjektua edo subjektuak argitzerakoan, adibidez. Edozelango gaia ez denez, bestelako sakontasuna eman behar zaio, ikuspegi demokratikotik zeharo landu eta sozializatu. Bat batekoek ez dute balio, testuinguruaren araberakoek. Eta, bien nazio izaeraz gain, Katalunia eta Euskal Herriko errealitate politikoek eta abagune historikoek ez dute antzik, ezta azalekorik ere.
Nazio eraikuntzan aurrera egin ahala, egun hauskorra dena sendotutakoan, gehiengo zabalak osatutakoan, euskal gizartea izango da momentuan momentuko bere jomugak erabakiko dituena. Horra heltzeko zilegizkoak dira estrategia demokratiko eta inklusibo guztiak, eta epeak. Gernikako Estatutua onartuz geroztikoek asko egin dute bide horretan, zenbaitzuk luzaroan gutxietsi arren. Erabaki eskubidea, berori modu jakin batean praktikara eraman nahi izatea, ezin da aurkari politikoa astintzeko ikur modura baliatu; abertzaletasunaren barruan, eta baita kanpoan ere, oinarrizko adostasunak eskatzen dituelako, eta ez taktizismo hutsalezko jokabideak, albokoa aldioro higatzen saiatzekoak. Prozesu horretan inor ez dagoelako sobera, eta oraindik jende asko falta delako. 

2017ko ekainaren 12an elcorreo.com-en argitaratua

viernes, mayo 26, 2017

Lorpen betekoa

Akordio borobila lortu du EAJk Rajoyren gobernuaren aurtengo aurrekontuak babestearen truke. Euskadin kritikoen azaldu direnek ere jakin badakite hori, nahiz eta hala moduz euren gabeziak estali guran ari diren.
Zeharo harrotu ditu hautsak asteon jazotakoak, jeltzaleek Kupoaren inguruan Madrilen erdietsitakoak. Akordioa, baina, dezente zabalagoa da, 36 puntutan aletutakoa. Hala, asko izango dira horren ondoriozko onurak jasoko dituzten erakundeak zein herritarrak. Kongresuko bere bost diputatuak erabakigarri dira legealdion hainbatetan, aurrekontuak onartzerakoan esaterako. Eta EAJk egoera hori ondo baliatzen jakin du, konplexurik gabe negoziatzen, luzaroan konpon ezinik ia usteldutako gaiei irtenbidea ematen. Azpimarragarriena Kupoari dagokiona da, zalantzarik gabe. 2007-2016 epeko likidazioa eta hurrengo urteetako ordainketak adostu dituzte alde biek. Lehenarekin lotuta, hamar urteko epe horretakoak kitatzeko, Rajoyren exekutiboak 1.400 milioi euro emango dizkio Gasteizkoari. 2017ko Kupoa, aldiz, 1.300 milioi eurotan zehaztu dute eta, enplegu politika aktiboen zenbatekoa kenduta, azkenean Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuak 956 milioi euroko ordainketa egingo du. Gainera, aurtengorako ezarritako Kupoari 2017-2021 epeko legearen oinarri izateari egokituko zaio, eta hala onartuko da Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan lehenik eta Gorteetan azkenik. ‘Bake fiskala ahalbidetuko duen akordio historikoa’ dela iritzi diote jeltzaleek, aldebikotasun fiskala bermatzen duena.
Rajoyren gobernuak guztiz ahulduta ekin dio negoziazioari, aurrekontuak onartu ezinik eta Madrilgo ustelkeria kasu berrien zamapean. PSOEk eta Podemosek izan zuten aukerarik iaz bestelako alternatiba bat osatzeko, euren artean gutxienekoetan elkar ulertzeko, baina ez ziren bat etorri. Lehenek PPri abstentzioa oparitu zioten azkenean, eta bigarrenek euren interes alderdikoiak beste edozeren gainetik lehenetsi zituzten uneoro. Ez dira jeltzaleak izan PPk boterean jarrai dezan ahalbidetu dutenak, oposizioko gainerako eragile nagusiak baizik. Eta, hortik aurrera, EAJk testuingua baliatu du, bere programa mahai gainean jarri eta ahalik eta lorpen handienak eskuratzeko. Hitz batean esanda, goi mailako politika egiteko. Akordioa Euskadirentzat ona dela ukatzera ausartzen denik ez dago, eta bestelako edozeri eutsi behar izan diote EH Bilduk eta Podemosek haserre antzean agertzeko. Hitzartzea, baina, ez da maitemintzea, ez da amore ematea, ez da bestearena norbere egitea: kasuon, agintean estu dagoen aurkari politikoarengandik ahal adina jasotzea da; norberak botoemaileekin itxitako konpromisoa edukiz betetzen saiatzea; testimonialismotik askoz haratagoko ekarpena egitea.
Deigarriena Kupoari buruzkoa den arren, bestelakorik ere badu jeltzaleek lortutakoak: 2023rako Abiadura Handiko Trenaren lanak amaitzeko azken bultzada, trenbideekin lotutako hainbat hobekuntza, Ertzaintzak polizia integral modura jarduteko zenbait neurri erabakigarri, tarifa elektrikoak bateratzeari esker hainbat euskal enpresaren lehiakortasuna hobetzeko aukera, I+G+b (Ikerketa+Garapena+berrikuntza) mailako onurak eta beste hainbat urrats zehatz. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, beraz; euskal herritarren eta hainbat erakunde zein enpresaren onerako zerrenda luzea baizik.
Gainera, aurrerago besterik ere ekar lezakeen akordioa da, potentzialitatez betetakoa, gutxieneko elkar ulertzetik badagoelako funtsezko beste hainbat esparrutan aurrera egiterik. Sabin Etxearen aurrean jarduera koaktiboak behin betiko bazter ezin utzita-edo bildu direnek, eurentzat lehentasunezkoak diren gaietan PPrekin hitz egin, negoziatu eta hitzartzeko ia erreguka dabiltzanek, ohiko ume-jokoa baliatu dute, honako solaskideak bat eginda agertaraztekoa, politikoki oso urrun daudenen konpromisorako gaitasuna gaitzestekoa. Haatik, beharbada laster itzuliko dira jeltzaleen egoitzara, baina diskretuago, horrenbesteko zalapartarik gabe; gairen batzuei buruzko bitartekaritza eskatzera, EAJren eragina beste behin baliatzen saiatzera.
Nolabaiteko konfiantza politikozko giroa beti izan ohi da emankorra. Gehiengo osoko urteetan PPren gobernuak lepoa eman zien euskal erakundeei, bertotik jasotako eskaerei behin eta berriz muzin eginda, jarrera arduragabea erakutsita, ia mespretxurainokoa. Egoera asko aldatu da, baina. PPren kalterako. EAEko iraileko hauteskunde autonomikoetan emaitza ia dramatikoak jaso zituen, EAJren azken orduko eskainu galera batek dotoretutakoak. Kataluniakotik ikasi beharko lukete popularrek, lurralde egiturari eta nazio izaerako erkidegoen mihiztadurari dagokienez. Izan ere, helegiteak neurrigabe baliatuta, birzentralizazio asmoei eutsita edo homogeneotasuna goiburu izanda eredua bera jar dezakete azkenean kolokan, bideraezin egiteraino.
Euskadiren estatus politiko berriaren inguruko eztabaida aukera ezin hobea izan daiteke irudimenez aurrera egiteko, nazio aitortzaren eta horren ondoriozko eduki politiko zehatzen inguruan jarduteko eta 1979ko adostasunak zabaltzeko. Jarrera horretatik urrun ematen du PPk oraindik, baina bertoko berezitasunak bete-betean aintzat hartu gabe badaki ez dagoela elkar topo egiteko modurik. Horretarako gakoetakoa aldebikotasuna izango da, Kupoari dagozkionetan ezezik maila politikoan landu beharrekoa.
Aste honetako akordioa ona da Euskadirentzat, bikaina. Eta antzeko beste batzuren abiapuntua balitz, hobe. EAJk ezin eraginkorrago jokatu du Madrilen, egoera politikoaren irakurketa zuzena egin eta berau baliatuta. Horretarako daude alderdi politikoak, ordezkatzen duten gizartearen ongizatea bilatzeko, egitasmoak emaitza bihurtzeko. Aldeko zein aurkakoek, publikoki edo pribatuan, aitortzen dute jeltzaleak bizkar gainean itzuli direla Madrildik, arrakastaz dihardutenen antzera. Besteen ezintasunen, gabezien edo mugen gainetik, lorpen beteko akordioa erdietsi dute, euskal herritarrengan zuzen eragingo duena, Eusko Jaurlaritzari aukera gehiago emango dizkiona. Bakoitzari berea aitortu behar zaio. Baina itsuarena egiten duen asko dago bertoko politikan. Eta hala dabiltza: galduta.

2017ko maiatzaren 8an elcorreo.com-en argitaratua

lunes, mayo 22, 2017

Gernika gogoan

Urtemuga borobilek askoren arreta norbereganatzeko balio ohi dute, besterik ez. Sakoneko mezua, gogoratzen den horri dagokiona, ez delako zenbakien arabera pizten ala itzaltzen. Hala, nahiz eta aurten Gernikako bondardaketaren ingurukoek aurrekoetan baino oihartzun zabalagoa izan, aspaldikoari eutsi behar zaio beste behin, funtsezkoari, aldatzen ez den horri.
1937ko apirilaren 26ak herriaren historia erdibitu zuen betiko. Ez soilik eremu fisikoari dagokionez. Ezta egun hartan memoria lapurtu zitzaiolako ere. Jazotakoak orduko eta gaurko gernikarrengan errotik eragin zuelako baizik, zirenaren kontzientzia aldarazteraino, osatzeraino beharbada. Ordura arte sinbolismoz betetakoa zen Gernika, bere nortasuna eta besteenganako harremana ulertzeko modu zehatz bati lotutakoa, baina duela 80 urtekoak bestelako jauzia bultzatu zuen, mundu guztira zabaltzerainokoa, bakearen aldarri unibertsalaren sinonimo bihurtzerainokoa.
Europan zetorrena iragarri zuen Gernikak: populazio babesgabea jomugatzat hartzea, herri osoa zimenduetaraino birrintzea, izua modurik gordinenean baliatzea, eragindako txikizioa gezurrez estaltzen saiatzea. Bere izenak eraman zuen mundu zabaleko hedabideen azaletara, eta Picassok hartu zuen salaketaren lekukoa. Gizaki itxurako basapiztiei, giza eskubideen urratzaile sistematikoei, hurkoarekiko dialektika bakartzat horiek akabatzea baliatzen dutenei aurre egiteko tresnen artean apartekoa baita artea. Biluzik utzi eta egin dituztenak bete-betean agerian jartzen dituelako. Eta betiko, belaunaldiz belaunaldiko kate luzea guzti horren lekuko izateraino.
Gernikak, bere txikitasunean, badu halako lidergo moral bat munduan, eta ezin dio horri uko egin. Ezin da bere mugetan itxi, ezin dio bakarrik bereari erreparatu. Dagoeneko ez delako soilik gernikarren euren ondare, ez euskal herritarrena. Mugaz gaindikoa delako. Gernika gaur egun Sirian dagoelako, eta Afganistanen, eta Iraken. Eta beste hainbat herrialdetan. Halakoetan sufritzen duten guztiak direlako gernikar, Picassoren margolanak euren samina ere islatzen duelako. Horiei, 1937ko gernikarrei legez, egia, babesa, aitortza, elkartasuna, justizia eta oroimena zor zaie, inoiz benetako bakea loratuko bada, berradiskidetzea edukiz betetzekotan. Baina horra heldu arteko bidea ezin gogorragoa da. Gernikarrek ondo dakite.  

2017ko apirilaren 25ean El Correo egunkarian argitaratua

miércoles, mayo 03, 2017

Bi Aberri Egun

Bilbon eta Gernika-Lumon egin ziren atzo Aberri Eguneko ekitaldi nagusiak, euskal nazioa eta beronen eraikuntza ulertzeko bi modu ezberdin islatzen dituztenak. Gaur egunerainokoa lortu duena, bata; lau hamarkada alperrik galdu dituena, bestea.
Berpizkunde Igandea jai egun handia da urtero euskal herritar asko eta askorentzat, abertzale ororentzat Aberri Eguna bereziki delako garrantzitsua. Norbere burua munduan kokatzeko modua adierazteko balio du, nortasun politikoa aldarrikatzeko. Oinarrizkotik haratago, baina, alderdi bakoitzak bere ibilbide eta egitasmo propioak ditu. Errealitatean eta herritarren borondatean oinarritutakoa da EAJren estrategia, diktaduraz geroztik euskal erakundetze prozesua abian jarri ostean berori indartzearen aldekoa, ahalik eta autogobernu sakonenaren eskutik ongizatea lantzekoa. Ezker abertzaleak, aldiz, ustezko abangoardia armatu bati eman zion ardura eta babes guztia, abstrakzio hutsalenetik abiatuta halako batean dena lortu artekoa. Emaitzak ezin nabarmenagoak dira: inoizko burujabetza eta ongizate mailarik handiena du Euskadik lehenari esker, zortziehun hildako beranduago saminik gordin eta antzuena besterik ez bigarrenaren ondorioz. Zirt edo zartekoek huts egin ohi dute, inora eraman gabe. Eta orain bakegiletzat agertu guran dabiltzanak ere jabetuko dira horretaz, Euskal Herriaren konplexutasunaz, aniztasunaz. Ez dago euskal nazioa nortasun politikoz bururaino eraikitzerik hori aintzat hartu gabe, hainbat oreka gorde barik, lekuan lekukoak ulertu ezean. Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta zorioneko Euskal Elkargoaren arteko lankidetza da horren isla, momentu historiko honek ahalbidetzen duenarena. Esparru ezberdinetako egungo errealitatean badago zer zaindu eta indartu ikuspegi abertzaletik, bereziki hauskorra delako Nafarroan eta Iparraldean, eta tiraka ibilita badagoelako dagoena ere urratzerik.
Aberri Eguna egindakoa eta egiteke dagoena gogoratzeko da. Perspektiba historikoz etorkizunari aurre egiteko bultzada hartzekoa. EAJk eta ezker abertzaleak urtero ospatzen dute, jeltzaleek deituta estrainekoz 1932tik egin den legez. Sasoi batean Alderdi Sozialista ere batu zitzaien, nahiz eta orain egun hori erreferentzia historiko traketsak baliatuta gutxiesten saiatzen den. Ez dute ulertu, akaso, Euskal Autonomia Erkidegotik haratago badagoela euskal herritarrik eta, politikoki bakoitzak eman nahi dion esangurarekin, horiek guztiak aintzat hartzekoa ere badela atzokoa. Nekez muga lezake inork euskal nazioa Araba, Bizkai eta Gipuzkoara, eremu administratiboez gaindiko bestelako errealitaterik badagoelako. Horri uko egin eta Estatutuan ez dagoena existituko ez bailitzan jardutea ezin zurrunagoa eta alperrikakoa da politikoki, auzi nazionalean norbere hautua edozein delarik ere. Erdibidean dago Podemos, lotsakor antzera, esaldi dotoreen bidez agerikoa baliatu eta egon gabe egoten saiatuta, edo alderantziz.
EAJk, aldiz, oso momentu gozoan ekin dio aurtengo Aberri Egunari; non dagoen argi izatearen ondorioz, besteak beste. Hauteskunde autonomikoetan hain emaitza ona lortu eta itun ororen ardatz izateak adierazi zuen zentraltasuna berea dela, euskal herritargoaren gehiengoa bere bide beretik doala. Iñigo Urkullu lehendakariak ‘EAJ ereduaren balioa’ aipatu zuen atzoko bere hitzaldian, eta ez da gutxiagorako. “Ziur gaude norabide zuzenean goazela eta egunen batean helmugara iritsiko garela”, gaineratu zuen. Horri begira honakoa ez da edozein abagune politiko, ETA behin betiko desagertzeak bestelako aukerak eskaintzen dituelako, bai akordioak zabaltzeko zein lurralde eremu ezberdinen arteko lankidetzarako.
Estatus berri batek hartu beharko du Gernikako Estatutuaren lekukoa, euskal gizarteak gaur egun dituen erronka eta gurariei erantzuteko, XXI. mendeko beharrei aurre egiteko. Jeltzaleak oinarrizko izango dira horretan, ardatz. Solaskidetzarako beste inork baino ahalmen eta gaitasun handiagoa erakutsia dutelako, eta euskal gizarteak euren eskuetan ardura berezia jarria duelako. EBBko presidente Andoni Ortuzarrek esan bezala, akordio horrek “Euskadi nazio gisa aintzatetsi eta Estatuarekiko aldebiko harremana finkatu” beharko du ezinbestean. Horiek dira datorren jauzirako jeltzaleek dituzten helburu nagusiak, pausuz pausuko nazio eraikuntzaren baitakoak. Eragile politikoen arteko elkarrizketa laster da abiatzekoa, eta PP da gutxien mugitzeko prest ematen duena. Dena den, Rajoyk argi izan behar luke Euskadiri eta Kataluniari dagokienean ausart jokatu beharko duela, biak direlako nazio aitortza eskatzen duten gehiengo zabalak dituztenak, eta euren berezitasunak aintzat har daitezen aldarrikatzen dutenak.
Agertoki honetan EH Bilduren ekarpena beharrezkoa da, errealitate printzipiotik ekiten dion neurrian. Bere inguruko zenbait taldek antolatutako Aberri Egunean hartu zuen parte atzo koalizioak Gernika-Lumon, batik bat independentzia aldarrikatzeko. Haatik, jakin badaki ez dela horrelakorik epe labur eta ertainean lortuko, eta ez bakarrik Espainiak eta Frantziak eragozten dutelako, Euskal Herrian bertan horretarako babes nahikorik ez dagoelako baizik. Zilegizkoa da oso independentzia gura izatea, baina antzua erabat bultzada politikorako norbere gaitasuna hori berehala lortzeko baino ez baliatzea. Herritargoak ondo bereizten du zer nahi duen eta zer den posible momentu bakoitzean, zein den lehentasuna eta zein ez. Beste hainbat herritan legez, Gernika-Lumon oraintsu gertatutakotik badute zer ikasi, adibidez. Zinegotzi guztiak abertzaleak izan eta, beraz, erabaki eskubidearen aldeko herritarrak gehien-gehienak diren arren, Gure Esku Dagok antolatutako galdeketan —Estatu independente bati buruzkoan— 16 urtetik gorakoen %27k baino ez zuen parte hartu hil honen 2an. Beharbada, benetako nazio eraikuntza keinu hutsaletatik eta norbere zilborrari begiratzetik haratagokoek ahalbidetzen dutela uste duenik badagoelako; dinamika efektistek, eragileren baten estrategia politiko zehatzak elikatzeko itxura dutenek, inora ez daramatela uste duten abertzaleak asko direlako. 

2017ko apirilaren 16an elcorreo.com-en argitaratua

martes, abril 11, 2017

Aro beltza

ETAren armagabetzeak etapa luze bati behin betiko amaiera ematen dio, erakunde hori noiz desegingo zain. Indarkeria hain gordin baliatu zuena iraganeko itzala da zorionez; baina ezinbestekoa da oroimenari sendo eustea, totalitarismoaren aurkako antidoto legez.
Larunbatean jazotakoa berri pozgarria da euskal gizartearentzat, auzi politikoak eremu horretan eztabaidatu eta erabaki nahi dituen edonorentzat. Azkenean, ETAk armak eman ditu, ezeren truke. Urratsa zenbait eragile zibilen bitartez gauzatu da, Espainia eta Frantziako gobernuek aspaldi egin baitzioten uko horretarako ekitaldi formal batean parte hartzeari. Ate joka agertu den bakoitzean, erakunde horrek ez du beste aldean inolako erantzunik jaso, bere porrot erabatekoaren seinale gisa. Bitartekarien bidez Frantziako Poliziaren esku geratu dira 118 pistola, errifle eta arma automatiko, 2.875 kilo lehergai eta eztanda egiteko zein munizio gisa baliatzeko 25.700 gailu, guztiak zortzi zulotan banatutakoak. Jasotako horiek aztertu beharko dituzte orain, arma bakoitzeko akta bana eginez. Aktibo eta manipulatu gabe omen daude guztiak, armagabetzea ontzat hartzeko oinarrizko baldintzetakoa baitzen hori. Hortik aurrera, atentaturen bat argitzeko baliagarri izan daitezkeen ikertzea dagokie poliziei eta epaileei. Eta ETAren esku zeuden arma guzti-guztiak eman diren zalantza izpirik gabe jakitea.
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskal Elkargoak zuhur eta zuzen jokatu dute asteburu honetakoaren aurrean. Funtsean, armagabetzea babestu dute —osoa, egiaztagarria eta egiaztatua izan dadin eskatuta— eta ez diote ETAri propagandarako aukerarik eman nahi izan. Jarrera serio eta arduratsu hori erabakigarria da erakundeek prozesu honetan hainbat ikuspuntutatik egin dezaketenari orain arteko sinesgarritasunik eta hainbat eragileren aurreko solaskidetzarako ahalmenik ez kentzeko. Izan ere, armagabetzea oso mugarri garrantzitsua da, etorriko diren bestelako urratsak ahalbidetzeko nahitaezkoa; baina, bururaino heltzeko, ETA desegitea falta zaio zapatukoari. Ostean etorriko dira hamarkada luzetako aro beltz honek utzitako bestelako ondorioei eman beharreko irtenbideak. Alde horretatik, bereziki azpimarratzekoa da Eusko Jaurlaritzak luzaroan egin duen lana, eragile zorrotz, ausart eta proaktibo modura arituz, giza eskubideekin estu lotutako oinarrizko eskaerei eutsiz eta alde bateko zein besteko erakunde, alderdi eta talde ezberdinen aurrean prozesuaren onerako eraginez. 
Armagabetzea ez da ETAk berez euskal gizarteari eskaini dion zerbait. Ez da bere eskuzabaltasunaren isla. Erakunde hori arrastaka heldu da egungo agertokira, luzaroan herritarren gehiengo zabalaren borondateari muzin eginez indarkeria baliatu ondoren. Etsigarria da, erabat, utzi duen arrastoa, bere aro beltzean nonahi eragin duen samina, atsekabea. Eta hori gogoan izatea ez doa bake-bidearen aurka, alde baizik. Zortziehundik gora pertsona erail ditu, lanbide, jatorri, adin eta pentsamolde ezberdinetakoak. Baita herritarrek demokratikoki aukeratutako hautetsiak ere. Sekulakoa izan da ikuspuntu guztietatik ETAk egindako kaltea. Euskal gizarteari berari jazarri zaio, indarkeria baliatzeari uzteko egindako hainbat eskaeraren aurrean behin eta berriz gorrarena eginez. Erailez erantzun du hamarkadotan. Eta mehatxatuz. Eta xantaiatuz. Milaka dira isilarazi nahi izan dituenak, kazetariak tarteko. Hamaikatxo, dirua lortzeko izutu dituen enpresariak eta bestelakoak. Giza eskubideen eta adierazpen askatasunaren borrero legez aritu da. Hori da bere ondarea, hori baino ez du utziko. Oso zorretan dago Euskal Herriarekin, baina inor ez berarekin. Oxigeno sozial faltak eraman du armagabetzera, hondoa jotzera. Gero eta gutxiengoago zirenen babesa baino ez duelako izan, horien lotsarako.
Aro berri bat hasten da orain. ETA jada iragana delako, eta horrek aukera berriak zabaltzen dituelako, bizikidetza ahalbidetzen duelako. Sektore sozial oso zabalenarentzat aspalditik egindakoan askatasunez jarduten jarraitzekoa da honako agertoki berria. Izan ere, zenbaitzuk dena suntsitu nahian ibili diren artean, euskal gizarteak bestelako bide baten aldeko apustua egin zuen aspaldi. Bere autogobernua berreskuratu eta ongizaterako baliatzekoa, hainbat erronka berriri heltzekoa, munduan bere burua kokatzekoa, kalitatea eta ezagutza goiburutzat hartzekoa… Egoerarik txarrenetan ere ez du amore eman, ez da gelditu. Aurrera jarraitu du etengabe, inoiz makurtu gabe. Eta herritar eta eragile gehienek eurena izan duten ekinbide horri eutsiko diote aurrerantzean ere, gizarte anitz eta askotarikoarenari, naziogintzan egunerokotik aritzearenari, euskal lurralde ezberdinen arteko lankidetza ahalbidetu eta bultzatzearenari. 
Oroimen ariketa ezinbestekoa da beti, iraganeko hutsak aintzat hartu eta gizarte hobe bat osatzeko. Ezin pozgarriagoa da ETAren armagabetzea, eta halakoxea izango da desegiten denekoa ere. Samina, jazarpena eta ukazioa besterik ez dituelako ekarri luzaroan. Baina bere desagerpenak, bakezko aro berri baten hasierak ezin du ordainetan inolako zuriketarik eragin. Ezin izango zaio inori jazotakoaren kontakizun bakarra ezarri, hori ez baita inoiz posible, baina herritargoaren ordezkari diren erakunde demokratikoek hainbestetan adierazi eta salatutakoak osatuko du gehiengoarena. Eta kontakizun hori giza eskubide ororen aldekoa izan da beti, herritarren borondatearenganako errespetuzkoa, terrorismoaren aurrean erabateko arbuioa erakustekoa. Badago zer gogoratu, badago kontakizun hori zerekin osatu, badago harro egoteko moduko hainbat jokabide. Hortik eraikiko da etorkizuna. ETAk suntsitu nahi izan zuen guztitik.  

2017ko apirilaren 10ean elcorreo.com-en argitaratua

lunes, enero 02, 2017

Ezin dute

Podemos bere ibilbide laburraren une erabakigarrienetakoan dago, etorkizuneko ildoa zehaztekoan. Barruko zatiketa sakona da, estrategia bera baitago ezadostasunaren muinean, eta politikan horrelako giroak ez du inoz ezer onik ematen.
Krisi ekonomikoak politikoa eragin zuen Estatuan, boterean txandakatzen ziren bi alderdien sistema ezbaian jartzeraino. Eragile berriek ez dute orain arte PP eta PSOE gainditzea lortu, baina aliantzak behartu eta zehazterakoan erabakigarri dira dagoeneko, Podemos batik bat. Sozialistak Mariano Rajoyren gobernuarekin nolabaiteko lankidetzan ari direnean, eta Batzorde Kudeatzailearen norabide horrek barruan sekulako krisia eragin duenean, horien ezkerrean dauden alderdiek aukera ezin hobea dute oposizio irmotik sektore berriak eurenganatzeko. Hori nola gauzatu, horretarako zein urrats egin eta zein ildori ekin da funtsean Podemos-en egunotan bizi-bizi eztabaidatzen dabiltzana, Vistalegre 2 deritzan biltzarrean aurki erabakiko dena.
Honelakoetan erreferentziazko izen-abizenen inguruan biltzen dira aurrez aurreko sektoreak. Eta halaxe gertatzen da kasuon ere. Pablo Iglesias eta Iñigo Errejón izan dira orain arte alderdiko buruzagi nagusiak, berorren asmoak eta lorpenak sozializatzeko eraginkorrenak. Elkarren arteko adiskidetasun estuak eta konpromiso politiko partekatuak ahalbidetu du hori, beste zenbait alderditan aspaldion jazo zen antzera. Baina etengabeko urruntze politikoak eta horren ondoriozko barne borrokek beste askotan zauri sakonak eragin zituzten, maila pertsonalera eraman ohi zirenak. Eta Podemos-en ere pareko zerbait gerta daitekeela ematen du, publikoki esaten direnak gero eta gordinagoak direlako, eta batzuen eta besteen jarrera politikoak gero eta bateraezinagoak.
Ia ezustean 2014ko Europako hauteskundeetan indartsu agertu ostean, moreen jomuga ezkerreko alderdi nagusi bilakatzea izan da. Helburua eta, egia esan, ia obsesioa. Baina iazko abenduaren 20ko bozetan eta, batik bat, aurtengo ekainekoetan porrot egin zuten horretan, eta bere historiako PSOE ahulena ezin izan zuten gainditu. Bidean, gainera, hankasartzeak eta keinu harroputzak pilatu zituzten, Iglesias-en eskutik batez ere. Zientzia politikoa hain modu dogmatiko eta sektarioan interpretatzeak gizarteko sektore zabalak uxatzen ditu, batez ere eredutzat jo eta, neurriren batean, norbere aholkuen ondorio ere badiren beste zenbait esperientzia porrot borobilenean hondoratuta daudenean.
Inoiz sozialisten aldeko boza eman zutenetako asko erakarri zituen Podemos-ek hasieran. Ezkerreko politika argi eta eraldatzaileen eskean zebiltzanetakoak, Zapateroren azken urtean sumindutakoak, gazteak eta dinamikoak asko. Eta hazi egin ziren, ikaragarri, 2015ean zehar inkestetako askotan lehen indar izateraino. Hainbat erkidegotan mamitutako aliantza sare emankorrak gehitu zitzaizkien gainera eta, alde handiz, Kongresuko hirugarren indar izatea lortu zuten duela urtebete. Geroztik, baina, erdipurdi kudeatu dute olde hori, goia jo eta atzeraka hasten denaren antzera. EAEko iraileko hauteskundeetan ere ikusi ahal izan zen, gabeziak eta zatiketak gero eta handiagoak eta begibistakoagoak zirela. Gaur egun ez dago aspaldi bateko ilusiorik Podemos-en, eta biltzarrerako hausnarketa prozesu honetan ezinikusiak, hitz gordinak eta elkarri lepoa emateko dinamikak ugaritzen ari dira.
Hainbat erkidegotan abiatutako eztabaidetan eta horietako buruzagitza lortzeko lasterketetan sumatu da guzti hori. Bozemaileak nola seduzitu ei da aldeetako batean lerrokatzeko gakoetakoa, kalea eta erakundeak nola uztartu argitzea. “Lotsabakoei beldurra emateari uzten diogunean jada ez dugu zentzurik izango alderdi politiko gisa”, esan zuen Iglesiasek. “Dagoeneko boteretsuak gure beldur dira, hori ez da erronka”, erantzun Errejón-ek. Publikoki sare sozialen eta hedabideen bitartez bidali eta jasotako esaldi potoloen atzean gero eta handiagoa da sasoi bateko bat-egite politiko eta pertsonalaren higadura, euren ingurukoei ere eragiten diena. Bien arteko lehian badira, dena den, garrantzi handiko bestelako eragileak, Pablo Echenique eta antikapitalistak esaterako, Iglesias-engandik hurbilago daudenak eta otsaileko biltzarretik indartuta eta alderdiaren gailurrean ardura berriak hartuta irten daitezkeenak.
Podemos-ek nekez izango du gehiengo alternatiboak osatzeko aukera muturreko jarreretatik, posibilismoa baztertuta ekitetik. Ez zaio nahikoa izango inoizko ezker zatitu eta ahulenaren buru izatearekin. Krisiaren ondorengo egoera sozialak gordina izaten jarraitzen du populazioaren zati batentzat, baina PPk azken hauteskunde orokorretan izandako aurrerakadak berak erakusten du 1978ko sistemaren ondorengo alderdi biko txandakatzea ez dagoela uste bezain hondoa jota, eta aurrera egingo duela PSOE neurriren batean irentsita bada ere. Horrek ez du esan nahi zenbait arlotan, lurralde egiturarenean adibidez, aldaketak premiazkoak ez direnik eta egungo ereduak eman beharrekoa jada eman ez duenik. Kataluniak eta Euskadik erantzun berriak behar dituzte euren izaera nazionala nahi duten eran aldarrikatu eta bestelako aro batean abiarazteko. Hori helduko da eta Podemos lagungarri izan daiteke horretan, baina alderdi nazionalistak izango dira aldaketa horren eragile nagusiak.
Iglesias eta enparauen xede nagusia Estatuak egungo Konstituzioaren ondotik izan duen itxuran muineko aldaketak bultzatu eta egin ahal izatea da. Ez soilik eta ez bereziki lurralde egiturari dagokionez, arlo ekonomiko-sozialari begira baino. Horretan benetan saiatzeko, baina, dutena baino askoz babes handiagoa beharko dute gizartean, eta solaskidetzarako bestelako gaitasuna. Egungoarekin han-hemenkako lorpenen batzuk bilduko dituzte, eta bestelakoan testimonialismoaren frustrazioak harrapatuko ditu, aldaketa estrukturalak bultzatzeko ezintasunak. Benetan eragiteko gehiengo sozialekin konektatzen jakin behar da, benetan direnekin, ez norberak teoria politikoaren jokoetan amestutakoekin. Horretan, behintzat, Errejón finagoa da. Baina galdu egingo du. 

2016ko abenduaren 19an elcorreo.com-en argitaratua