Podemos bere ibilbide laburraren une erabakigarrienetakoan dago, etorkizuneko ildoa zehaztekoan. Barruko zatiketa sakona da, estrategia bera baitago ezadostasunaren muinean, eta politikan horrelako giroak ez du inoz ezer onik ematen.
Krisi ekonomikoak
politikoa eragin zuen Estatuan, boterean txandakatzen ziren bi alderdien
sistema ezbaian jartzeraino. Eragile berriek ez dute orain arte PP eta PSOE
gainditzea lortu, baina aliantzak behartu eta zehazterakoan erabakigarri dira
dagoeneko, Podemos batik bat. Sozialistak Mariano Rajoyren gobernuarekin
nolabaiteko lankidetzan ari direnean, eta Batzorde Kudeatzailearen norabide
horrek barruan sekulako krisia eragin duenean, horien ezkerrean dauden
alderdiek aukera ezin hobea dute oposizio irmotik sektore berriak
eurenganatzeko. Hori nola gauzatu, horretarako zein urrats egin eta zein ildori
ekin da funtsean Podemos-en egunotan bizi-bizi eztabaidatzen dabiltzana,
Vistalegre 2 deritzan biltzarrean aurki erabakiko dena.
Honelakoetan
erreferentziazko izen-abizenen inguruan biltzen dira aurrez aurreko sektoreak.
Eta halaxe gertatzen da kasuon ere. Pablo Iglesias eta Iñigo Errejón izan dira
orain arte alderdiko buruzagi nagusiak, berorren asmoak eta lorpenak
sozializatzeko eraginkorrenak. Elkarren arteko adiskidetasun estuak eta
konpromiso politiko partekatuak ahalbidetu du hori, beste zenbait alderditan
aspaldion jazo zen antzera. Baina etengabeko urruntze politikoak eta horren
ondoriozko barne borrokek beste askotan zauri sakonak eragin zituzten, maila
pertsonalera eraman ohi zirenak. Eta Podemos-en ere pareko zerbait gerta
daitekeela ematen du, publikoki esaten direnak gero eta gordinagoak direlako,
eta batzuen eta besteen jarrera politikoak gero eta bateraezinagoak.
Ia ezustean
2014ko Europako hauteskundeetan indartsu agertu ostean, moreen jomuga ezkerreko
alderdi nagusi bilakatzea izan da. Helburua eta, egia esan, ia obsesioa. Baina
iazko abenduaren 20ko bozetan eta, batik bat, aurtengo ekainekoetan porrot egin
zuten horretan, eta bere historiako PSOE ahulena ezin izan zuten gainditu. Bidean,
gainera, hankasartzeak eta keinu harroputzak pilatu zituzten, Iglesias-en
eskutik batez ere. Zientzia politikoa hain modu dogmatiko eta sektarioan
interpretatzeak gizarteko sektore zabalak uxatzen ditu, batez ere eredutzat jo
eta, neurriren batean, norbere aholkuen ondorio ere badiren beste zenbait
esperientzia porrot borobilenean hondoratuta daudenean.
Inoiz sozialisten
aldeko boza eman zutenetako asko erakarri zituen Podemos-ek hasieran. Ezkerreko
politika argi eta eraldatzaileen eskean zebiltzanetakoak, Zapateroren azken
urtean sumindutakoak, gazteak eta dinamikoak asko. Eta hazi egin ziren,
ikaragarri, 2015ean zehar inkestetako askotan lehen indar izateraino. Hainbat
erkidegotan mamitutako aliantza sare emankorrak gehitu zitzaizkien gainera eta,
alde handiz, Kongresuko hirugarren indar izatea lortu zuten duela urtebete.
Geroztik, baina, erdipurdi kudeatu dute olde hori, goia jo eta atzeraka hasten
denaren antzera. EAEko iraileko hauteskundeetan ere ikusi ahal izan zen,
gabeziak eta zatiketak gero eta handiagoak eta begibistakoagoak zirela. Gaur
egun ez dago aspaldi bateko ilusiorik Podemos-en, eta biltzarrerako hausnarketa
prozesu honetan ezinikusiak, hitz gordinak eta elkarri lepoa emateko dinamikak ugaritzen
ari dira.
Hainbat
erkidegotan abiatutako eztabaidetan eta horietako buruzagitza lortzeko
lasterketetan sumatu da guzti hori. Bozemaileak nola seduzitu ei da aldeetako
batean lerrokatzeko gakoetakoa, kalea eta erakundeak nola uztartu argitzea.
“Lotsabakoei beldurra emateari uzten diogunean jada ez dugu zentzurik izango
alderdi politiko gisa”, esan zuen Iglesiasek. “Dagoeneko boteretsuak gure beldur
dira, hori ez da erronka”, erantzun Errejón-ek. Publikoki sare sozialen eta
hedabideen bitartez bidali eta jasotako esaldi potoloen atzean gero eta
handiagoa da sasoi bateko bat-egite politiko eta pertsonalaren higadura, euren
ingurukoei ere eragiten diena. Bien arteko lehian badira, dena den, garrantzi
handiko bestelako eragileak, Pablo Echenique eta antikapitalistak esaterako,
Iglesias-engandik hurbilago daudenak eta otsaileko biltzarretik indartuta eta
alderdiaren gailurrean ardura berriak hartuta irten daitezkeenak.
Podemos-ek nekez
izango du gehiengo alternatiboak osatzeko aukera muturreko jarreretatik,
posibilismoa baztertuta ekitetik. Ez zaio nahikoa izango inoizko ezker zatitu
eta ahulenaren buru izatearekin. Krisiaren ondorengo egoera sozialak gordina
izaten jarraitzen du populazioaren zati batentzat, baina PPk azken hauteskunde
orokorretan izandako aurrerakadak berak erakusten du 1978ko sistemaren
ondorengo alderdi biko txandakatzea ez dagoela uste bezain hondoa jota, eta
aurrera egingo duela PSOE neurriren batean irentsita bada ere. Horrek ez du
esan nahi zenbait arlotan, lurralde egiturarenean adibidez, aldaketak
premiazkoak ez direnik eta egungo ereduak eman beharrekoa jada eman ez duenik. Kataluniak
eta Euskadik erantzun berriak behar dituzte euren izaera nazionala nahi duten
eran aldarrikatu eta bestelako aro batean abiarazteko. Hori helduko da eta
Podemos lagungarri izan daiteke horretan, baina alderdi nazionalistak izango
dira aldaketa horren eragile nagusiak.
Iglesias eta enparauen xede nagusia Estatuak egungo
Konstituzioaren ondotik izan duen itxuran muineko aldaketak bultzatu eta egin
ahal izatea da. Ez soilik eta ez bereziki lurralde egiturari dagokionez, arlo
ekonomiko-sozialari begira baino. Horretan benetan saiatzeko, baina, dutena
baino askoz babes handiagoa beharko dute gizartean, eta solaskidetzarako
bestelako gaitasuna. Egungoarekin han-hemenkako lorpenen batzuk bilduko
dituzte, eta bestelakoan testimonialismoaren frustrazioak harrapatuko ditu,
aldaketa estrukturalak bultzatzeko ezintasunak. Benetan eragiteko gehiengo
sozialekin konektatzen jakin behar da, benetan direnekin, ez norberak teoria
politikoaren jokoetan amestutakoekin. Horretan, behintzat, Errejón finagoa da.
Baina galdu egingo du. 2016ko abenduaren 19an elcorreo.com-en argitaratua