martes, abril 11, 2017

Aro beltza

ETAren armagabetzeak etapa luze bati behin betiko amaiera ematen dio, erakunde hori noiz desegingo zain. Indarkeria hain gordin baliatu zuena iraganeko itzala da zorionez; baina ezinbestekoa da oroimenari sendo eustea, totalitarismoaren aurkako antidoto legez.
Larunbatean jazotakoa berri pozgarria da euskal gizartearentzat, auzi politikoak eremu horretan eztabaidatu eta erabaki nahi dituen edonorentzat. Azkenean, ETAk armak eman ditu, ezeren truke. Urratsa zenbait eragile zibilen bitartez gauzatu da, Espainia eta Frantziako gobernuek aspaldi egin baitzioten uko horretarako ekitaldi formal batean parte hartzeari. Ate joka agertu den bakoitzean, erakunde horrek ez du beste aldean inolako erantzunik jaso, bere porrot erabatekoaren seinale gisa. Bitartekarien bidez Frantziako Poliziaren esku geratu dira 118 pistola, errifle eta arma automatiko, 2.875 kilo lehergai eta eztanda egiteko zein munizio gisa baliatzeko 25.700 gailu, guztiak zortzi zulotan banatutakoak. Jasotako horiek aztertu beharko dituzte orain, arma bakoitzeko akta bana eginez. Aktibo eta manipulatu gabe omen daude guztiak, armagabetzea ontzat hartzeko oinarrizko baldintzetakoa baitzen hori. Hortik aurrera, atentaturen bat argitzeko baliagarri izan daitezkeen ikertzea dagokie poliziei eta epaileei. Eta ETAren esku zeuden arma guzti-guztiak eman diren zalantza izpirik gabe jakitea.
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskal Elkargoak zuhur eta zuzen jokatu dute asteburu honetakoaren aurrean. Funtsean, armagabetzea babestu dute —osoa, egiaztagarria eta egiaztatua izan dadin eskatuta— eta ez diote ETAri propagandarako aukerarik eman nahi izan. Jarrera serio eta arduratsu hori erabakigarria da erakundeek prozesu honetan hainbat ikuspuntutatik egin dezaketenari orain arteko sinesgarritasunik eta hainbat eragileren aurreko solaskidetzarako ahalmenik ez kentzeko. Izan ere, armagabetzea oso mugarri garrantzitsua da, etorriko diren bestelako urratsak ahalbidetzeko nahitaezkoa; baina, bururaino heltzeko, ETA desegitea falta zaio zapatukoari. Ostean etorriko dira hamarkada luzetako aro beltz honek utzitako bestelako ondorioei eman beharreko irtenbideak. Alde horretatik, bereziki azpimarratzekoa da Eusko Jaurlaritzak luzaroan egin duen lana, eragile zorrotz, ausart eta proaktibo modura arituz, giza eskubideekin estu lotutako oinarrizko eskaerei eutsiz eta alde bateko zein besteko erakunde, alderdi eta talde ezberdinen aurrean prozesuaren onerako eraginez. 
Armagabetzea ez da ETAk berez euskal gizarteari eskaini dion zerbait. Ez da bere eskuzabaltasunaren isla. Erakunde hori arrastaka heldu da egungo agertokira, luzaroan herritarren gehiengo zabalaren borondateari muzin eginez indarkeria baliatu ondoren. Etsigarria da, erabat, utzi duen arrastoa, bere aro beltzean nonahi eragin duen samina, atsekabea. Eta hori gogoan izatea ez doa bake-bidearen aurka, alde baizik. Zortziehundik gora pertsona erail ditu, lanbide, jatorri, adin eta pentsamolde ezberdinetakoak. Baita herritarrek demokratikoki aukeratutako hautetsiak ere. Sekulakoa izan da ikuspuntu guztietatik ETAk egindako kaltea. Euskal gizarteari berari jazarri zaio, indarkeria baliatzeari uzteko egindako hainbat eskaeraren aurrean behin eta berriz gorrarena eginez. Erailez erantzun du hamarkadotan. Eta mehatxatuz. Eta xantaiatuz. Milaka dira isilarazi nahi izan dituenak, kazetariak tarteko. Hamaikatxo, dirua lortzeko izutu dituen enpresariak eta bestelakoak. Giza eskubideen eta adierazpen askatasunaren borrero legez aritu da. Hori da bere ondarea, hori baino ez du utziko. Oso zorretan dago Euskal Herriarekin, baina inor ez berarekin. Oxigeno sozial faltak eraman du armagabetzera, hondoa jotzera. Gero eta gutxiengoago zirenen babesa baino ez duelako izan, horien lotsarako.
Aro berri bat hasten da orain. ETA jada iragana delako, eta horrek aukera berriak zabaltzen dituelako, bizikidetza ahalbidetzen duelako. Sektore sozial oso zabalenarentzat aspalditik egindakoan askatasunez jarduten jarraitzekoa da honako agertoki berria. Izan ere, zenbaitzuk dena suntsitu nahian ibili diren artean, euskal gizarteak bestelako bide baten aldeko apustua egin zuen aspaldi. Bere autogobernua berreskuratu eta ongizaterako baliatzekoa, hainbat erronka berriri heltzekoa, munduan bere burua kokatzekoa, kalitatea eta ezagutza goiburutzat hartzekoa… Egoerarik txarrenetan ere ez du amore eman, ez da gelditu. Aurrera jarraitu du etengabe, inoiz makurtu gabe. Eta herritar eta eragile gehienek eurena izan duten ekinbide horri eutsiko diote aurrerantzean ere, gizarte anitz eta askotarikoarenari, naziogintzan egunerokotik aritzearenari, euskal lurralde ezberdinen arteko lankidetza ahalbidetu eta bultzatzearenari. 
Oroimen ariketa ezinbestekoa da beti, iraganeko hutsak aintzat hartu eta gizarte hobe bat osatzeko. Ezin pozgarriagoa da ETAren armagabetzea, eta halakoxea izango da desegiten denekoa ere. Samina, jazarpena eta ukazioa besterik ez dituelako ekarri luzaroan. Baina bere desagerpenak, bakezko aro berri baten hasierak ezin du ordainetan inolako zuriketarik eragin. Ezin izango zaio inori jazotakoaren kontakizun bakarra ezarri, hori ez baita inoiz posible, baina herritargoaren ordezkari diren erakunde demokratikoek hainbestetan adierazi eta salatutakoak osatuko du gehiengoarena. Eta kontakizun hori giza eskubide ororen aldekoa izan da beti, herritarren borondatearenganako errespetuzkoa, terrorismoaren aurrean erabateko arbuioa erakustekoa. Badago zer gogoratu, badago kontakizun hori zerekin osatu, badago harro egoteko moduko hainbat jokabide. Hortik eraikiko da etorkizuna. ETAk suntsitu nahi izan zuen guztitik.  

2017ko apirilaren 10ean elcorreo.com-en argitaratua