viernes, mayo 26, 2017

Lorpen betekoa

Akordio borobila lortu du EAJk Rajoyren gobernuaren aurtengo aurrekontuak babestearen truke. Euskadin kritikoen azaldu direnek ere jakin badakite hori, nahiz eta hala moduz euren gabeziak estali guran ari diren.
Zeharo harrotu ditu hautsak asteon jazotakoak, jeltzaleek Kupoaren inguruan Madrilen erdietsitakoak. Akordioa, baina, dezente zabalagoa da, 36 puntutan aletutakoa. Hala, asko izango dira horren ondoriozko onurak jasoko dituzten erakundeak zein herritarrak. Kongresuko bere bost diputatuak erabakigarri dira legealdion hainbatetan, aurrekontuak onartzerakoan esaterako. Eta EAJk egoera hori ondo baliatzen jakin du, konplexurik gabe negoziatzen, luzaroan konpon ezinik ia usteldutako gaiei irtenbidea ematen. Azpimarragarriena Kupoari dagokiona da, zalantzarik gabe. 2007-2016 epeko likidazioa eta hurrengo urteetako ordainketak adostu dituzte alde biek. Lehenarekin lotuta, hamar urteko epe horretakoak kitatzeko, Rajoyren exekutiboak 1.400 milioi euro emango dizkio Gasteizkoari. 2017ko Kupoa, aldiz, 1.300 milioi eurotan zehaztu dute eta, enplegu politika aktiboen zenbatekoa kenduta, azkenean Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuak 956 milioi euroko ordainketa egingo du. Gainera, aurtengorako ezarritako Kupoari 2017-2021 epeko legearen oinarri izateari egokituko zaio, eta hala onartuko da Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan lehenik eta Gorteetan azkenik. ‘Bake fiskala ahalbidetuko duen akordio historikoa’ dela iritzi diote jeltzaleek, aldebikotasun fiskala bermatzen duena.
Rajoyren gobernuak guztiz ahulduta ekin dio negoziazioari, aurrekontuak onartu ezinik eta Madrilgo ustelkeria kasu berrien zamapean. PSOEk eta Podemosek izan zuten aukerarik iaz bestelako alternatiba bat osatzeko, euren artean gutxienekoetan elkar ulertzeko, baina ez ziren bat etorri. Lehenek PPri abstentzioa oparitu zioten azkenean, eta bigarrenek euren interes alderdikoiak beste edozeren gainetik lehenetsi zituzten uneoro. Ez dira jeltzaleak izan PPk boterean jarrai dezan ahalbidetu dutenak, oposizioko gainerako eragile nagusiak baizik. Eta, hortik aurrera, EAJk testuingua baliatu du, bere programa mahai gainean jarri eta ahalik eta lorpen handienak eskuratzeko. Hitz batean esanda, goi mailako politika egiteko. Akordioa Euskadirentzat ona dela ukatzera ausartzen denik ez dago, eta bestelako edozeri eutsi behar izan diote EH Bilduk eta Podemosek haserre antzean agertzeko. Hitzartzea, baina, ez da maitemintzea, ez da amore ematea, ez da bestearena norbere egitea: kasuon, agintean estu dagoen aurkari politikoarengandik ahal adina jasotzea da; norberak botoemaileekin itxitako konpromisoa edukiz betetzen saiatzea; testimonialismotik askoz haratagoko ekarpena egitea.
Deigarriena Kupoari buruzkoa den arren, bestelakorik ere badu jeltzaleek lortutakoak: 2023rako Abiadura Handiko Trenaren lanak amaitzeko azken bultzada, trenbideekin lotutako hainbat hobekuntza, Ertzaintzak polizia integral modura jarduteko zenbait neurri erabakigarri, tarifa elektrikoak bateratzeari esker hainbat euskal enpresaren lehiakortasuna hobetzeko aukera, I+G+b (Ikerketa+Garapena+berrikuntza) mailako onurak eta beste hainbat urrats zehatz. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, beraz; euskal herritarren eta hainbat erakunde zein enpresaren onerako zerrenda luzea baizik.
Gainera, aurrerago besterik ere ekar lezakeen akordioa da, potentzialitatez betetakoa, gutxieneko elkar ulertzetik badagoelako funtsezko beste hainbat esparrutan aurrera egiterik. Sabin Etxearen aurrean jarduera koaktiboak behin betiko bazter ezin utzita-edo bildu direnek, eurentzat lehentasunezkoak diren gaietan PPrekin hitz egin, negoziatu eta hitzartzeko ia erreguka dabiltzanek, ohiko ume-jokoa baliatu dute, honako solaskideak bat eginda agertaraztekoa, politikoki oso urrun daudenen konpromisorako gaitasuna gaitzestekoa. Haatik, beharbada laster itzuliko dira jeltzaleen egoitzara, baina diskretuago, horrenbesteko zalapartarik gabe; gairen batzuei buruzko bitartekaritza eskatzera, EAJren eragina beste behin baliatzen saiatzera.
Nolabaiteko konfiantza politikozko giroa beti izan ohi da emankorra. Gehiengo osoko urteetan PPren gobernuak lepoa eman zien euskal erakundeei, bertotik jasotako eskaerei behin eta berriz muzin eginda, jarrera arduragabea erakutsita, ia mespretxurainokoa. Egoera asko aldatu da, baina. PPren kalterako. EAEko iraileko hauteskunde autonomikoetan emaitza ia dramatikoak jaso zituen, EAJren azken orduko eskainu galera batek dotoretutakoak. Kataluniakotik ikasi beharko lukete popularrek, lurralde egiturari eta nazio izaerako erkidegoen mihiztadurari dagokienez. Izan ere, helegiteak neurrigabe baliatuta, birzentralizazio asmoei eutsita edo homogeneotasuna goiburu izanda eredua bera jar dezakete azkenean kolokan, bideraezin egiteraino.
Euskadiren estatus politiko berriaren inguruko eztabaida aukera ezin hobea izan daiteke irudimenez aurrera egiteko, nazio aitortzaren eta horren ondoriozko eduki politiko zehatzen inguruan jarduteko eta 1979ko adostasunak zabaltzeko. Jarrera horretatik urrun ematen du PPk oraindik, baina bertoko berezitasunak bete-betean aintzat hartu gabe badaki ez dagoela elkar topo egiteko modurik. Horretarako gakoetakoa aldebikotasuna izango da, Kupoari dagozkionetan ezezik maila politikoan landu beharrekoa.
Aste honetako akordioa ona da Euskadirentzat, bikaina. Eta antzeko beste batzuren abiapuntua balitz, hobe. EAJk ezin eraginkorrago jokatu du Madrilen, egoera politikoaren irakurketa zuzena egin eta berau baliatuta. Horretarako daude alderdi politikoak, ordezkatzen duten gizartearen ongizatea bilatzeko, egitasmoak emaitza bihurtzeko. Aldeko zein aurkakoek, publikoki edo pribatuan, aitortzen dute jeltzaleak bizkar gainean itzuli direla Madrildik, arrakastaz dihardutenen antzera. Besteen ezintasunen, gabezien edo mugen gainetik, lorpen beteko akordioa erdietsi dute, euskal herritarrengan zuzen eragingo duena, Eusko Jaurlaritzari aukera gehiago emango dizkiona. Bakoitzari berea aitortu behar zaio. Baina itsuarena egiten duen asko dago bertoko politikan. Eta hala dabiltza: galduta.

2017ko maiatzaren 8an elcorreo.com-en argitaratua

lunes, mayo 22, 2017

Gernika gogoan

Urtemuga borobilek askoren arreta norbereganatzeko balio ohi dute, besterik ez. Sakoneko mezua, gogoratzen den horri dagokiona, ez delako zenbakien arabera pizten ala itzaltzen. Hala, nahiz eta aurten Gernikako bondardaketaren ingurukoek aurrekoetan baino oihartzun zabalagoa izan, aspaldikoari eutsi behar zaio beste behin, funtsezkoari, aldatzen ez den horri.
1937ko apirilaren 26ak herriaren historia erdibitu zuen betiko. Ez soilik eremu fisikoari dagokionez. Ezta egun hartan memoria lapurtu zitzaiolako ere. Jazotakoak orduko eta gaurko gernikarrengan errotik eragin zuelako baizik, zirenaren kontzientzia aldarazteraino, osatzeraino beharbada. Ordura arte sinbolismoz betetakoa zen Gernika, bere nortasuna eta besteenganako harremana ulertzeko modu zehatz bati lotutakoa, baina duela 80 urtekoak bestelako jauzia bultzatu zuen, mundu guztira zabaltzerainokoa, bakearen aldarri unibertsalaren sinonimo bihurtzerainokoa.
Europan zetorrena iragarri zuen Gernikak: populazio babesgabea jomugatzat hartzea, herri osoa zimenduetaraino birrintzea, izua modurik gordinenean baliatzea, eragindako txikizioa gezurrez estaltzen saiatzea. Bere izenak eraman zuen mundu zabaleko hedabideen azaletara, eta Picassok hartu zuen salaketaren lekukoa. Gizaki itxurako basapiztiei, giza eskubideen urratzaile sistematikoei, hurkoarekiko dialektika bakartzat horiek akabatzea baliatzen dutenei aurre egiteko tresnen artean apartekoa baita artea. Biluzik utzi eta egin dituztenak bete-betean agerian jartzen dituelako. Eta betiko, belaunaldiz belaunaldiko kate luzea guzti horren lekuko izateraino.
Gernikak, bere txikitasunean, badu halako lidergo moral bat munduan, eta ezin dio horri uko egin. Ezin da bere mugetan itxi, ezin dio bakarrik bereari erreparatu. Dagoeneko ez delako soilik gernikarren euren ondare, ez euskal herritarrena. Mugaz gaindikoa delako. Gernika gaur egun Sirian dagoelako, eta Afganistanen, eta Iraken. Eta beste hainbat herrialdetan. Halakoetan sufritzen duten guztiak direlako gernikar, Picassoren margolanak euren samina ere islatzen duelako. Horiei, 1937ko gernikarrei legez, egia, babesa, aitortza, elkartasuna, justizia eta oroimena zor zaie, inoiz benetako bakea loratuko bada, berradiskidetzea edukiz betetzekotan. Baina horra heldu arteko bidea ezin gogorragoa da. Gernikarrek ondo dakite.  

2017ko apirilaren 25ean El Correo egunkarian argitaratua

miércoles, mayo 03, 2017

Bi Aberri Egun

Bilbon eta Gernika-Lumon egin ziren atzo Aberri Eguneko ekitaldi nagusiak, euskal nazioa eta beronen eraikuntza ulertzeko bi modu ezberdin islatzen dituztenak. Gaur egunerainokoa lortu duena, bata; lau hamarkada alperrik galdu dituena, bestea.
Berpizkunde Igandea jai egun handia da urtero euskal herritar asko eta askorentzat, abertzale ororentzat Aberri Eguna bereziki delako garrantzitsua. Norbere burua munduan kokatzeko modua adierazteko balio du, nortasun politikoa aldarrikatzeko. Oinarrizkotik haratago, baina, alderdi bakoitzak bere ibilbide eta egitasmo propioak ditu. Errealitatean eta herritarren borondatean oinarritutakoa da EAJren estrategia, diktaduraz geroztik euskal erakundetze prozesua abian jarri ostean berori indartzearen aldekoa, ahalik eta autogobernu sakonenaren eskutik ongizatea lantzekoa. Ezker abertzaleak, aldiz, ustezko abangoardia armatu bati eman zion ardura eta babes guztia, abstrakzio hutsalenetik abiatuta halako batean dena lortu artekoa. Emaitzak ezin nabarmenagoak dira: inoizko burujabetza eta ongizate mailarik handiena du Euskadik lehenari esker, zortziehun hildako beranduago saminik gordin eta antzuena besterik ez bigarrenaren ondorioz. Zirt edo zartekoek huts egin ohi dute, inora eraman gabe. Eta orain bakegiletzat agertu guran dabiltzanak ere jabetuko dira horretaz, Euskal Herriaren konplexutasunaz, aniztasunaz. Ez dago euskal nazioa nortasun politikoz bururaino eraikitzerik hori aintzat hartu gabe, hainbat oreka gorde barik, lekuan lekukoak ulertu ezean. Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta zorioneko Euskal Elkargoaren arteko lankidetza da horren isla, momentu historiko honek ahalbidetzen duenarena. Esparru ezberdinetako egungo errealitatean badago zer zaindu eta indartu ikuspegi abertzaletik, bereziki hauskorra delako Nafarroan eta Iparraldean, eta tiraka ibilita badagoelako dagoena ere urratzerik.
Aberri Eguna egindakoa eta egiteke dagoena gogoratzeko da. Perspektiba historikoz etorkizunari aurre egiteko bultzada hartzekoa. EAJk eta ezker abertzaleak urtero ospatzen dute, jeltzaleek deituta estrainekoz 1932tik egin den legez. Sasoi batean Alderdi Sozialista ere batu zitzaien, nahiz eta orain egun hori erreferentzia historiko traketsak baliatuta gutxiesten saiatzen den. Ez dute ulertu, akaso, Euskal Autonomia Erkidegotik haratago badagoela euskal herritarrik eta, politikoki bakoitzak eman nahi dion esangurarekin, horiek guztiak aintzat hartzekoa ere badela atzokoa. Nekez muga lezake inork euskal nazioa Araba, Bizkai eta Gipuzkoara, eremu administratiboez gaindiko bestelako errealitaterik badagoelako. Horri uko egin eta Estatutuan ez dagoena existituko ez bailitzan jardutea ezin zurrunagoa eta alperrikakoa da politikoki, auzi nazionalean norbere hautua edozein delarik ere. Erdibidean dago Podemos, lotsakor antzera, esaldi dotoreen bidez agerikoa baliatu eta egon gabe egoten saiatuta, edo alderantziz.
EAJk, aldiz, oso momentu gozoan ekin dio aurtengo Aberri Egunari; non dagoen argi izatearen ondorioz, besteak beste. Hauteskunde autonomikoetan hain emaitza ona lortu eta itun ororen ardatz izateak adierazi zuen zentraltasuna berea dela, euskal herritargoaren gehiengoa bere bide beretik doala. Iñigo Urkullu lehendakariak ‘EAJ ereduaren balioa’ aipatu zuen atzoko bere hitzaldian, eta ez da gutxiagorako. “Ziur gaude norabide zuzenean goazela eta egunen batean helmugara iritsiko garela”, gaineratu zuen. Horri begira honakoa ez da edozein abagune politiko, ETA behin betiko desagertzeak bestelako aukerak eskaintzen dituelako, bai akordioak zabaltzeko zein lurralde eremu ezberdinen arteko lankidetzarako.
Estatus berri batek hartu beharko du Gernikako Estatutuaren lekukoa, euskal gizarteak gaur egun dituen erronka eta gurariei erantzuteko, XXI. mendeko beharrei aurre egiteko. Jeltzaleak oinarrizko izango dira horretan, ardatz. Solaskidetzarako beste inork baino ahalmen eta gaitasun handiagoa erakutsia dutelako, eta euskal gizarteak euren eskuetan ardura berezia jarria duelako. EBBko presidente Andoni Ortuzarrek esan bezala, akordio horrek “Euskadi nazio gisa aintzatetsi eta Estatuarekiko aldebiko harremana finkatu” beharko du ezinbestean. Horiek dira datorren jauzirako jeltzaleek dituzten helburu nagusiak, pausuz pausuko nazio eraikuntzaren baitakoak. Eragile politikoen arteko elkarrizketa laster da abiatzekoa, eta PP da gutxien mugitzeko prest ematen duena. Dena den, Rajoyk argi izan behar luke Euskadiri eta Kataluniari dagokienean ausart jokatu beharko duela, biak direlako nazio aitortza eskatzen duten gehiengo zabalak dituztenak, eta euren berezitasunak aintzat har daitezen aldarrikatzen dutenak.
Agertoki honetan EH Bilduren ekarpena beharrezkoa da, errealitate printzipiotik ekiten dion neurrian. Bere inguruko zenbait taldek antolatutako Aberri Egunean hartu zuen parte atzo koalizioak Gernika-Lumon, batik bat independentzia aldarrikatzeko. Haatik, jakin badaki ez dela horrelakorik epe labur eta ertainean lortuko, eta ez bakarrik Espainiak eta Frantziak eragozten dutelako, Euskal Herrian bertan horretarako babes nahikorik ez dagoelako baizik. Zilegizkoa da oso independentzia gura izatea, baina antzua erabat bultzada politikorako norbere gaitasuna hori berehala lortzeko baino ez baliatzea. Herritargoak ondo bereizten du zer nahi duen eta zer den posible momentu bakoitzean, zein den lehentasuna eta zein ez. Beste hainbat herritan legez, Gernika-Lumon oraintsu gertatutakotik badute zer ikasi, adibidez. Zinegotzi guztiak abertzaleak izan eta, beraz, erabaki eskubidearen aldeko herritarrak gehien-gehienak diren arren, Gure Esku Dagok antolatutako galdeketan —Estatu independente bati buruzkoan— 16 urtetik gorakoen %27k baino ez zuen parte hartu hil honen 2an. Beharbada, benetako nazio eraikuntza keinu hutsaletatik eta norbere zilborrari begiratzetik haratagokoek ahalbidetzen dutela uste duenik badagoelako; dinamika efektistek, eragileren baten estrategia politiko zehatzak elikatzeko itxura dutenek, inora ez daramatela uste duten abertzaleak asko direlako. 

2017ko apirilaren 16an elcorreo.com-en argitaratua