lunes, mayo 22, 2017

Gernika gogoan

Urtemuga borobilek askoren arreta norbereganatzeko balio ohi dute, besterik ez. Sakoneko mezua, gogoratzen den horri dagokiona, ez delako zenbakien arabera pizten ala itzaltzen. Hala, nahiz eta aurten Gernikako bondardaketaren ingurukoek aurrekoetan baino oihartzun zabalagoa izan, aspaldikoari eutsi behar zaio beste behin, funtsezkoari, aldatzen ez den horri.
1937ko apirilaren 26ak herriaren historia erdibitu zuen betiko. Ez soilik eremu fisikoari dagokionez. Ezta egun hartan memoria lapurtu zitzaiolako ere. Jazotakoak orduko eta gaurko gernikarrengan errotik eragin zuelako baizik, zirenaren kontzientzia aldarazteraino, osatzeraino beharbada. Ordura arte sinbolismoz betetakoa zen Gernika, bere nortasuna eta besteenganako harremana ulertzeko modu zehatz bati lotutakoa, baina duela 80 urtekoak bestelako jauzia bultzatu zuen, mundu guztira zabaltzerainokoa, bakearen aldarri unibertsalaren sinonimo bihurtzerainokoa.
Europan zetorrena iragarri zuen Gernikak: populazio babesgabea jomugatzat hartzea, herri osoa zimenduetaraino birrintzea, izua modurik gordinenean baliatzea, eragindako txikizioa gezurrez estaltzen saiatzea. Bere izenak eraman zuen mundu zabaleko hedabideen azaletara, eta Picassok hartu zuen salaketaren lekukoa. Gizaki itxurako basapiztiei, giza eskubideen urratzaile sistematikoei, hurkoarekiko dialektika bakartzat horiek akabatzea baliatzen dutenei aurre egiteko tresnen artean apartekoa baita artea. Biluzik utzi eta egin dituztenak bete-betean agerian jartzen dituelako. Eta betiko, belaunaldiz belaunaldiko kate luzea guzti horren lekuko izateraino.
Gernikak, bere txikitasunean, badu halako lidergo moral bat munduan, eta ezin dio horri uko egin. Ezin da bere mugetan itxi, ezin dio bakarrik bereari erreparatu. Dagoeneko ez delako soilik gernikarren euren ondare, ez euskal herritarrena. Mugaz gaindikoa delako. Gernika gaur egun Sirian dagoelako, eta Afganistanen, eta Iraken. Eta beste hainbat herrialdetan. Halakoetan sufritzen duten guztiak direlako gernikar, Picassoren margolanak euren samina ere islatzen duelako. Horiei, 1937ko gernikarrei legez, egia, babesa, aitortza, elkartasuna, justizia eta oroimena zor zaie, inoiz benetako bakea loratuko bada, berradiskidetzea edukiz betetzekotan. Baina horra heldu arteko bidea ezin gogorragoa da. Gernikarrek ondo dakite.  

2017ko apirilaren 25ean El Correo egunkarian argitaratua

No hay comentarios: