Akordio borobila lortu du EAJk Rajoyren gobernuaren aurtengo aurrekontuak babestearen truke. Euskadin kritikoen azaldu direnek ere jakin badakite hori, nahiz eta hala moduz euren gabeziak estali guran ari diren.
Zeharo harrotu
ditu hautsak asteon jazotakoak, jeltzaleek Kupoaren inguruan Madrilen erdietsitakoak.
Akordioa, baina, dezente zabalagoa da, 36 puntutan aletutakoa. Hala, asko
izango dira horren ondoriozko onurak jasoko dituzten erakundeak zein
herritarrak. Kongresuko bere bost diputatuak erabakigarri dira legealdion
hainbatetan, aurrekontuak onartzerakoan esaterako. Eta EAJk egoera hori ondo
baliatzen jakin du, konplexurik gabe negoziatzen, luzaroan konpon ezinik ia
usteldutako gaiei irtenbidea ematen. Azpimarragarriena Kupoari dagokiona da,
zalantzarik gabe. 2007-2016 epeko likidazioa eta hurrengo urteetako ordainketak
adostu dituzte alde biek. Lehenarekin lotuta, hamar urteko epe horretakoak
kitatzeko, Rajoyren exekutiboak 1.400 milioi euro emango dizkio Gasteizkoari. 2017ko
Kupoa, aldiz, 1.300 milioi eurotan zehaztu dute eta, enplegu politika aktiboen
zenbatekoa kenduta, azkenean Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuak 956 milioi
euroko ordainketa egingo du. Gainera, aurtengorako ezarritako Kupoari 2017-2021
epeko legearen oinarri izateari egokituko zaio, eta hala onartuko da Kontzertu
Ekonomikoaren Batzorde Mistoan lehenik eta Gorteetan azkenik. ‘Bake fiskala
ahalbidetuko duen akordio historikoa’ dela iritzi diote jeltzaleek,
aldebikotasun fiskala bermatzen duena.
Rajoyren
gobernuak guztiz ahulduta ekin dio negoziazioari, aurrekontuak onartu ezinik
eta Madrilgo ustelkeria kasu berrien zamapean. PSOEk eta Podemosek izan zuten
aukerarik iaz bestelako alternatiba bat osatzeko, euren artean gutxienekoetan
elkar ulertzeko, baina ez ziren bat etorri. Lehenek PPri abstentzioa oparitu
zioten azkenean, eta bigarrenek euren interes alderdikoiak beste edozeren
gainetik lehenetsi zituzten uneoro. Ez dira jeltzaleak izan PPk boterean jarrai
dezan ahalbidetu dutenak, oposizioko gainerako eragile nagusiak baizik. Eta,
hortik aurrera, EAJk testuingua baliatu du, bere programa mahai gainean jarri
eta ahalik eta lorpen handienak eskuratzeko. Hitz batean esanda, goi mailako
politika egiteko. Akordioa Euskadirentzat ona dela ukatzera ausartzen denik ez
dago, eta bestelako edozeri eutsi behar izan diote EH Bilduk eta Podemosek
haserre antzean agertzeko. Hitzartzea, baina, ez da maitemintzea, ez da amore
ematea, ez da bestearena norbere egitea: kasuon, agintean estu dagoen aurkari
politikoarengandik ahal adina jasotzea da; norberak botoemaileekin itxitako
konpromisoa edukiz betetzen saiatzea; testimonialismotik askoz haratagoko
ekarpena egitea.
Deigarriena
Kupoari buruzkoa den arren, bestelakorik ere badu jeltzaleek lortutakoak:
2023rako Abiadura Handiko Trenaren lanak amaitzeko azken bultzada, trenbideekin
lotutako hainbat hobekuntza, Ertzaintzak polizia integral modura jarduteko
zenbait neurri erabakigarri, tarifa elektrikoak bateratzeari esker hainbat
euskal enpresaren lehiakortasuna hobetzeko aukera, I+G+b (Ikerketa+Garapena+berrikuntza)
mailako onurak eta beste hainbat urrats zehatz. Ez da ahuntzaren gauerdiko
eztula, beraz; euskal herritarren eta hainbat erakunde zein enpresaren onerako zerrenda
luzea baizik.
Gainera, aurrerago
besterik ere ekar lezakeen akordioa da, potentzialitatez betetakoa, gutxieneko
elkar ulertzetik badagoelako funtsezko beste hainbat esparrutan aurrera
egiterik. Sabin Etxearen aurrean jarduera koaktiboak behin betiko bazter ezin
utzita-edo bildu direnek, eurentzat lehentasunezkoak diren gaietan PPrekin hitz
egin, negoziatu eta hitzartzeko ia erreguka dabiltzanek, ohiko ume-jokoa
baliatu dute, honako solaskideak bat eginda agertaraztekoa, politikoki oso
urrun daudenen konpromisorako gaitasuna gaitzestekoa. Haatik, beharbada laster
itzuliko dira jeltzaleen egoitzara, baina diskretuago, horrenbesteko
zalapartarik gabe; gairen batzuei buruzko bitartekaritza eskatzera, EAJren
eragina beste behin baliatzen saiatzera.
Nolabaiteko
konfiantza politikozko giroa beti izan ohi da emankorra. Gehiengo osoko
urteetan PPren gobernuak lepoa eman zien euskal erakundeei, bertotik jasotako
eskaerei behin eta berriz muzin eginda, jarrera arduragabea erakutsita, ia
mespretxurainokoa. Egoera asko aldatu da, baina. PPren kalterako. EAEko
iraileko hauteskunde autonomikoetan emaitza ia dramatikoak jaso zituen, EAJren
azken orduko eskainu galera batek dotoretutakoak. Kataluniakotik ikasi beharko
lukete popularrek, lurralde egiturari eta nazio izaerako erkidegoen mihiztadurari
dagokienez. Izan ere, helegiteak neurrigabe baliatuta, birzentralizazio asmoei
eutsita edo homogeneotasuna goiburu izanda eredua bera jar dezakete azkenean
kolokan, bideraezin egiteraino.
Euskadiren
estatus politiko berriaren inguruko eztabaida aukera ezin hobea izan daiteke
irudimenez aurrera egiteko, nazio aitortzaren eta horren ondoriozko eduki
politiko zehatzen inguruan jarduteko eta 1979ko adostasunak zabaltzeko. Jarrera
horretatik urrun ematen du PPk oraindik, baina bertoko berezitasunak bete-betean
aintzat hartu gabe badaki ez dagoela elkar topo egiteko modurik. Horretarako
gakoetakoa aldebikotasuna izango da, Kupoari dagozkionetan ezezik maila
politikoan landu beharrekoa.
Aste honetako
akordioa ona da Euskadirentzat, bikaina. Eta antzeko beste batzuren abiapuntua
balitz, hobe. EAJk ezin eraginkorrago jokatu du Madrilen, egoera politikoaren
irakurketa zuzena egin eta berau baliatuta. Horretarako daude alderdi
politikoak, ordezkatzen duten gizartearen ongizatea bilatzeko, egitasmoak
emaitza bihurtzeko. Aldeko zein aurkakoek, publikoki edo pribatuan, aitortzen
dute jeltzaleak bizkar gainean itzuli direla Madrildik, arrakastaz dihardutenen
antzera. Besteen ezintasunen, gabezien edo mugen gainetik, lorpen beteko
akordioa erdietsi dute, euskal herritarrengan zuzen eragingo duena, Eusko
Jaurlaritzari aukera gehiago emango dizkiona. Bakoitzari berea aitortu behar
zaio. Baina itsuarena egiten duen asko dago bertoko politikan. Eta hala
dabiltza: galduta.
2017ko maiatzaren 8an elcorreo.com-en argitaratua
No hay comentarios:
Publicar un comentario