viernes, junio 30, 2017

Galdera ikurrak

Gure Esku Dago plataformak milaka lagun bildu zituen zapatuan Bilbon, erabaki eskubidea gauzatzeko balizko galdeketa baten aldeko ekitaldian. Orain arte, baina, hainbat herritan egin dituen saiakeretan parte hartzea ez da behar adinakoa izan.
Jendetsua izan zen galdera ikur itxurako mosaiko erraldoia osatzeko Gure Esku Dagok (GED) deitutako mobilizazioa. Bilboko Euskadi plaza eta Eliptikoa elkartu zituzten parte hartzaileek irudi horren bitartez, milaka puxika eta elastiko gorri baliatuta; ostean Herritarron Ituna deritzana aurkeztu aurretik. Ez da lehen aldia, baina, 2013an sortuz geroztik herritarren atxikimendu zabala jasotzen duena. Oso gogoratzekoa da erabakitzeko eskubidearen alde 2014ko ekainaren 8an Durangotik Iruñera bitartean 123 kilometroz Euskal Herria zeharkatu zuen giza kate erraldoia, sakoneko arazo politiko baten isla izandakoa. Dezente apalagoa izan zen hurrengo urtean hiriburuetan egindako ekitaldiek lortutako erantzuna, inondik inora gutxiestekoa izan ez arren. Mobilizazio handiekin batera, duela hiru urteko apirilerik hona 142 galdeketa bultzatu dituzte, eta orotako errolda 549.057 lagunekoa izanda 146.590 herritarrek bozkatu dute, %26,7ko bataz bestekoa lortzeraino. Datorren domekan, berriz, beste 24 udalerritan dira galdeketak egitekoak.
GED-k Katalunia hartu du erreferentetzat hasiera-hasietatik. Hango prozesu subiranista izan da eredu, bertan jazotakoak Euskal Herrirako ere balio duelakoan. Ez bakarrik horrek, jakina; baita Eskozia edo Quebec-ekoek ere. Baina aktibaziorako funtsezko bultzagarria lehena izan da, horri babesa agertzeko zein bertoko urratsak maila kualitatibo eta kuantitatiboan neurtzeko. Kataluniako azken bost urteotako dinamika politikoa, baina, berezkoa da erabat. Estatut berriak jasandako mozketek eta oinarrizko zenbait ezaugarri propioren aurkako aspaldiko jokabide ezin onartuzkoek eragin zuten esparru sozialetik aro autonomista gainditzeko mobilizazioetara deitzea, arrakasta handiz. Azken urteotako Diadak dira horren erakusgarri —batik bat 2014koa, 1,8 milioi lagun inguru bildu zituena—. Artur Mas eta Carles Puigdemont Generalitat-eko presidenteek hartu dute gerora eskaera horri erakundeetatik egokiro erantzuteko ardura, eta azkenak datorren urriaren 1erako iragarri du independentziaren inguruan erabakitzeko galdeketa.
Euskal Herriko egoera oso bestelakoa da, ordea. Bai Hegoaldekoa zein Iparraldekoa. Euskal Autonomia Erkidegoan Iñigo Urkullu lehendakariak, aldarrikapen nazionalak oso gogoan, ekonomia eta ongizate soziala hartu ditu lehentasuntzat, azken urteotako krisi latza gainditu, langabezia murriztu eta herritarren egunerokoa hobetu asmoz. Apustu horrek saria jaso zuen ordainetan iraileko hauteskunde autonomikoetan, ezarritako norabidea egokia den seinale. Nafarroan, Uxue Barkosen gobernua UPNren urte luzetako sektarismoa gainditu, aniztasuna lehenetsi eta 2015etik honako aldaketa kudeaketa lan on baten eskutik egonkortzeko zereginean ari da buru-belarri. Iparraldean, azkenik, Euskal Elkargoaren sorrera luzaroko berri garrantzitsuena da, bertako lurraldeei gutxieneko egitura bateratua eskaintzen dien neurrian. Elkarlana eta hainbat orekari eustea eskatuko du guzti hori hiru eremuetan bururaino eramateak, eta horrek ematen du premiazkoena gaur egun.
Hala ulertu dute, antza denez, hainbat herritarrek ere, GED-ren galdeketak ondo aukeratutako udalerrietan egin arren, laurdena baino ez delako bozkatzera gerturatu. Erabaki eskubidea eta independentzia gehiegi nahastea izan daiteke arrazoietako beste bat, lehenari buruzkoa ei den dinamikak bigarrenari buruz galdetu duelako hainbatetan. Lekuan lekuko egoera soziologikoa eta hauteskundeetako emaitzak aintzat hartuta, ez dago zalantzan jartzerik herri horietan guztietan gehiengo oso zabala erabaki eskubidearen aldekoa dela. Baina beste kontu bat da galdeketon bitartez proposatzen zaiena uneon orekatu, probetxuzko, behar bezain anitz eta Euskal Herri osoko errealitatearekin bateragarri iruditzen zaien. Beharbada, hain momentu erabakigarrian, Nafarroan eta Iparraldean esaterako, honelakoek euskal nazio izaeraren aurka bete-betean ari direnak elika ditzaketelako.  
Bere etorkizunaz erabakitzeko eskubidea euskal gizarteari dagokio, gehiengo ahalik eta zabalenak adostu eta bideratutako eran. Eta horra heldu ahal izateko, badago zer egin nazio eraikuntzari dagokionez, orain arteko moduan autogobernua eta ongizatea pareko izan daitezen, lehena bigarrenaren berme izan dadin, edo-ta lurraldeen arteko loturak estutzeko. Abiapuntua kontuan hartuta, prozesu historiko luzea da honakoa, gizaldietako errealitatea ezin baita lau hamarkadatan zeharo aldatu. Asko egin da 1979az geroztik, maila ekonomikoan, sozialean, hizkuntzarenean eta bestelakoetan; baina beste horrenbeste dago egiteko, gutxienez. Erabaki eskubideak berak ere hainbatetan zehaztasuna falta du zenbait buruzagi politikoren ahotan; oinarrizkora jota, subjektua edo subjektuak argitzerakoan, adibidez. Edozelango gaia ez denez, bestelako sakontasuna eman behar zaio, ikuspegi demokratikotik zeharo landu eta sozializatu. Bat batekoek ez dute balio, testuinguruaren araberakoek. Eta, bien nazio izaeraz gain, Katalunia eta Euskal Herriko errealitate politikoek eta abagune historikoek ez dute antzik, ezta azalekorik ere.
Nazio eraikuntzan aurrera egin ahala, egun hauskorra dena sendotutakoan, gehiengo zabalak osatutakoan, euskal gizartea izango da momentuan momentuko bere jomugak erabakiko dituena. Horra heltzeko zilegizkoak dira estrategia demokratiko eta inklusibo guztiak, eta epeak. Gernikako Estatutua onartuz geroztikoek asko egin dute bide horretan, zenbaitzuk luzaroan gutxietsi arren. Erabaki eskubidea, berori modu jakin batean praktikara eraman nahi izatea, ezin da aurkari politikoa astintzeko ikur modura baliatu; abertzaletasunaren barruan, eta baita kanpoan ere, oinarrizko adostasunak eskatzen dituelako, eta ez taktizismo hutsalezko jokabideak, albokoa aldioro higatzen saiatzekoak. Prozesu horretan inor ez dagoelako sobera, eta oraindik jende asko falta delako. 

2017ko ekainaren 12an elcorreo.com-en argitaratua